Golfean ikasi eta gozatu Urnietako Altzibar aldean

Andoni Urbistondo 2019ko uzt. 21a, 08:50
Anjel Dosil eta Conchi Gil, Urnietako golf ekimen berriko nagusiak.

Anjel Dosil eta Conchi Gilek urtetan bilatutako proiektua bukatu dute, ‘Pitch & putt’ zelaia Xoxokara bidean: "Jendea erakarri nahi dugu. Etortzen denari irakasleak eskainiko dizkiogu, eta makil bat oparitu"

 

Iraganean eskiarekin gertatzen zen moduan, golfak ere topiko gaizto asko ditu. Garestia eta aberaskumeentzako kirola dela, batez ere. Eskiak atzean utzi zuen aspaldi topiko hori, egun edozein herritar joaten baita elur bila. Golfa ere ari da, pixkanaka zama hori gainetik kentzen, baina mantsoago. Golflari profesionalen jantzi dotoreak, material garestia eta beste aintzat hartzeko moduko ezaugarriak dira, baina urteak aurrera joan ahala, golfa ere sozializatzen, herritartzen joan da. Arropa normalekin joka daitekeelako, eta sos asko xahutu gabe, pixkanaka ikasten joan, norberaren ezinari barre egin, eta gustukoa bada, ikasten segitu, gozatzera iristeraino.

Beterri eta Donostialdean hainbat golf zelai daude, baina Pitch&putt ezaugarrikoak, bat bera ere ez. Oñatin dago Gipuzkoa osoan dagoen bestea. Eta orain, Urnietan, bigarrena. Anjel Dosil eta Conchi Gilek urteak zeramatzaten euren ametsa lortzeko lanean, eta azkenerako lortu dute. Aste pare bat atzera inauguratu zuten Urnieta Pitch&putt delako golf zelaia, Altzibar nekazal turismo etxe azpiko belazeetan.

Pitch kolpe mota bat da, eta putt beste kolpe bat. Urnietako zelaian, maila pixka bat lortzen bada, bi kolperekin pilota zuloan sar daiteke. Hortxe, golfaren funtsa. 18 zulo daude, denera, 40 eta 120 metro artekoak, denak Par 3 katalogazioa dutenak (hiru kolpetan lortzen bada zuloa, parean geratzen da kirolaria). Ezaugarri horiek, baina, urrun geratzen dira golf makila nola hartzen ez dakien herritar xume ororentzat. Golf zelaiak halako praktika eremua dauka, lehen lezioak jaso eta tarte on bat pasatzeko. Lehen ordu erdian irautea funtsezkoa da, litekeena delako pilota kolpatu ere ez egitea. Baina Anjel Dosil edo beste irakasleren bat ondoan izango duzu, ez etsitzeko, eta pilota kolpatzen laguntzeko. Eta pilota kolpatzen badakitenek zer? Badakitenek ere aukera ona izango dute, 10 euroren truke nahi beste denbora aritzeko aukera izango baitute, 18 zuloetan barrena.

Sei urtez lanean

“Urteak daramatzagu golfarekin zerikusia duten jarduerak antolatzen: Ficoban, Donostian, Martutenen 27. poligonoan eraiki genuen indoor instalakuntza…”, dio Anjel Dosil nagusiak. “Bezero sarea handitu genuen, eta jendea galdezka hasi zen, ea zergatik ez genuen zerbait bilatzen Donostiatik gertu. Urnietan egin ziguten harrera goxoena. Bai Elik eta Jesusek, Altzibar etxeko nagusiek, baita herriko arduradun politikoek ere. Elik eta Jesusek nekazal lurrak zirela esan ziguten, ez zietela errendimendu berezirik ateratzen. Udalak ezin zuen gauza handirik egin, bere gainetik eskuduntzak dituzten hainbat erakunde baitaude: Aldundia, Jaurlaritzako Ingurugiro saila… Plenoetan hainbat kontu onartu zituzten, behintzat. Halako plan bat egin genuen, nekazal erabilpenerako lurra aisialdirako lur bilaka zedin. Sei urte pasa dira baimen guztiak lortzeko. Gure konpromisoa da, golfa bukatzen denean, bi hilabetera lur eremu hori golf zelaia jarri baino lehengo egoerara itzultzea”.

Altzibar inguruko belazeak oso emankorrak omen. “Nahikoa da euri pixka bat egitea, eta eguzkiak jotzea, belarra asko hazteko”. Zelaia naturala da. Normalean golf zelaiek hondarra, porlana, hoditeriak eta beste erabiltzen dituzte zuloen azpitik. Urnietan ez. “Gurea dena da naturala. Belarra hazten bada, moztu eta txukundu. Eta ureztatzea ere dena modu naturalean egiten da. Onartzen dugu golf zelai artifizialetan pilota azkarrago doala, baina Urnietako Pitch & putt zelaia golfean hasi nahi duten pertsonentzat da, tartetxo lasai bat pasa nahi dutenena, ahal bada gozatzen, eta familia ikuspuntua bilatzen duena. Aitonak bilobekin, gurasoak euren haurrekin. Nork ez ditu bi ordu, ordubete bat aste osoan, hona etorri eta egunerokoa atzean uzten saiatzeko?”, galdetzen du Dosilek.

Pentsatzekoa da, esku lanaz gain, sos dezente erabili dutela Dosilek eta Gil bikoteak. Zein ote, bere asmoa? “Inbertitutakoa bueltan jasotzea, bazkide berriak bilatzea”. Urteko bazkide egiten denak euro bat baino gutxiago ordainduko omen du eguneko, eta noizbehinka etortzen denak ere 10 euro baino gutxiago. Hiru, bost urterako bazkideak bilatu nahi lituzkete, “eta haiei, hemengo txartelarekin, beste hainbat golf zelaitan jokatzeko erraztasunak eman. Guk jendea erakarri nahi dugu. Etortzen denari irakasleak eskainiko dizkiogu, eta makil bat oparitu”. Prozesu bat dela dio Dosilek: “Pilota kolpatzen ikasi aurrena, gero hobetzen joan, eta azkenean approach eta putt kolpeak landu. Approacha greenera hurbiltzeko kolpeari esaten zaio, eta putta greenean zulora botatzen den kolpeari”.

Zelaiak halako harrera etxea badu, baita komunak eta aldagelak ere. Eta Anjel Dosilen azken mezua, jendea bertara dadin animatuz: “Golfa eguraldi onarekin ere praktika daitekeen kirola da”. Euskal Herria golfean jokatzeko eremu geografiko euritsuegia dela diotenentzat.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!