Babilonia eremuko hirigintza plana aurrera doa

Jon Ander Ubeda 2019ko abu. 2a, 12:29
Mikel Pagola eta Ainara De Miguel.

Uztailaren 30eko plenoan, EH Bilduk Babilonia planari alegazioak aurkezteko epeak luzatzeko mozioa aurkeztu zuen. Eztabaidatu ondoren, mozioa bertan behera geratu zen nahikoa babes jaso ez zuelako.  

EAJ-PNVren zazpi zinegotzien aurkako botoekin, EH Bilduk aurkeztu eta PSE-EEk babestutako mozioa bertan behera geratu zen. Gauzak horrela, alegazioak aurkezteko epea datorren abuztuaren 14an amaituko da. Udalak atera duen oharraren arabera, “Mikel Pagola alkateak -plenoan- azaldu zuen, administrazioan prozesuak asko luzatzen direla eta beraiek ezarritako urratsak eta epeak mantendu nahi dituztela prozesua ez atzeratzeko, eta proiektua ahalik eta azkarren errealitate bihurtzeko”. 

Babilonia eremua, edo bestela esanda, AIU32-ko Plan Partziala

EH Bilduk oharra argitaratu du, hartutako erabakia ulertzea kosta egiten zaiola adierazteko: "Urnietako EAJ alderdiak ezezkoa eman dio plenoan EHBilduk eskatu, eta PSE-EEk babestutako mozioari, Babiloni proiektuan alegazioak aurkezteko epea iraila erdira arte atzeratzeko. Bi alderdi politikoen iritzian, Babilonia proiektuak pisu handia du herriaren etorkizunean, eta eman diren forma eta epeak neurri gabekoak direla ikusirik, alegazioak aurkezteko epea irailaren erdira arte luzatzea eskatu dute. Urnietako EAJ-PNVk, beren gehiengoaren baitan, mozio honi uko egitea ebatzi zuen astearteko plenoan. Herritarrek udaletxeak hartu duen erabakiaren berri izan behar duela uste dugu, batez ere tamainako gai garrantzitsu baten aurrean, hartu duen erabakia. Zaila egiten zaigu udaletxe honek hartu duen jokabide berri hau ulertzea, honelako pisua duen proiektu batek, talde ororen ekarpenak behar dituela ulertzen baitugu, oposizioan egonda ere. Oposizioko bi alderdiek hain proiektu garrantzitsuan euren ekarpenak egiteko beharrezkoa den astia izatea eskertuko luketela jakinarazi nahi dute, orain arte ez baitute izan".

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!