Pou anaien hitzaldia eta filma Saroben

Andoni Urbistondo 2019ko ira. 23a, 07:40

Eneko eta Iker Pou anaiek “Mallorca, Andeak eta Himalaia, mendi bertikaletan murgilduta” emanaldia eskainiko dute irailaren 23an, Sarobe antzokian (19:00). Euren kirol jardueran munduko onenen pare dabiltzan kirolariak Urnietara iristear dira.

Euskal Herriko mugak txiki geratu ziren aspaldi Pou anaientzat, Eneko eta Ikerrentzat. Txiki, euren aktibitateak egiteko, Euskal Herrian mendi txikiak daudelako, eta txiki euren oihartzun mediatikoak aspaldi gainditu zituztelako Euskal Herriko mugak. Munduan dauden eskalatzaile onenetakoak dira gasteiztarrak, onenak ez badira, eta Urnietara bertaratuko dira euren emanaldia eskaintzera. Lanak izan dituzte euren agendan tokitxoa egiteko, eta Urnietatik Himalaia aldera joango dira, biharamunean, beste mendiren bateko horma harritsu edo izozturen batean murgiltzeko. Agian Urnietan bertan esango dute, zein mendi edo horma izango den euren erronka.

Pou anaien emanaldiak ikusteko aukera gutxi izaten da Euskal Herrian. Mendi elkarteen mendi asteetan, urtean behin edo bitan, asko jota. Eskalada eta alpinismoa gustuko izan, eta Urnieta edo inguruko herriren batean bizi denarentzat, beraz, pasatzen utzi ezin den aukera ona da. “Mallorca,
Andeak eta Himalaia. Mendi bertikaletan murgilduta” emanaldia eskainiko dute gasteiztarrek.

Mallorca, egun urteko hilabete gehienak Mallorcan pasatzen dituztelako. Uharte hartan eskalatzen hasi, eta eskualde aberatsa zela jabetu ziren bi anaiak. Bikotea ere badute, eta Euskal Herrira udan bakarrik etortzen dira, Mallorca beroak eta turista oldeek hartzen dutenean. Andeak eta Himalaia, euren mendi ibilbidean gehien ibili diren mendikateak direlako. Ez alferrik, egin dituzten azken igoera berriak Andeetan egin dituzte, Peruko Cordillera Blanca-n, hain zuzen ere.

Pou anaiek hogei urte daramatzate eskaladan murgilduta, eta ireki edo igo dituzten bideak bezainbeste baloratzen dute gustatzen zaiena eginez bizi direla. Euren lorpenei esker babesleak lortzen dituzte, eta babesle horien laguntza, eta euren lorpenen inguruko emanaldiak ekoitzi eta erakutsiz lortzen dituzte sosak, aurrera egin eta beste espedizio batzuk sortzeko. Euskal Herrian bezala, Espainian eta nazioarteko mendi aste entzutetsuenetan eskaini dituzte emanaldiak bi anaiek. Emanaldia bukatuta, Pou anaiak bertaratutakoen nahi beste galdera erantzuteko prest izanen dira.

Sarrerak lortzeko modua

Pou anaiak mendi eta eskalada zale asko erakartzen dutenez, antolatzaile den Zanpatuz mendi taldeak eta laguntzaile den eta Urnietako Udalak, sarreren banaketa antolatzea erabaki dute. 180 lagunentzako tokia dauka Sarobek, eta kopuru horretara iristen bada ez da jende gehiagoren sarrerarik baimenduko, segurtasun irizpideengatik. Aldez aurretik tokia gorde nahi duenak Saroben bertan sarrerak erreserbatzeko aukera izanen du hurrengo astean, astelehenetik ostiralera (ordutegia, 09.00-13:00 eta 16:00-18:00). Doakoa da sarrera, baina pertsona bakoitzak gehienez ere bi sarrera eskuratu ahal izango ditu. Eta sarrera eskuratzeko izena eman beharko du.

Sarrera sorta bat emanaldiko egunerako gordeko da, badaezpada, leihatilan bertan eskaintzeko.

 

Everesteko trekkinga, egun berean

Pou anaien emanaldia baino lehen Urnietako bi lagunek Nepalen, Everest inguruan egin duten trekkina izango dute ikusgai Sarobera bertaratzen direnek. Ordu erdi eskaseko emanaldia prestatu dute Joseba Oiarzabal eta Andoni Urbistondok, eta bertan munduko tontor garaienaren inguruan egiten den trekkinaren irudi ikusgarriak erakutsiko ditu bikoteak. Maiatzean egin zuten trekkina, bi aste eta erdiz, Luklan hasi eta bukatu. 160 kilometro dira, oinez, eta 5.540 metroko altuerara igotzen da trekkina. Bertatik Khumbu glaziarra, Everesteko oinarrizko kanpamendua eta Everest bera dotore ikusten dira.

5.000 metroko langa beste bitan gainditzen da trekkinean, eta horrek dakarren nekea eta komeria gertutik ezagutu ahal izango dituzte ikusleek. Oiarzabal Lobuche East mendira ere igo zen, 6.119 metrokoa, eta tontorreko irudiek aho bete hortz utziko dituzte bertaratutakoak. Emanaldiko bi egileek azalpenak emango dituzte, irudiak ikusten diren bitartean, eta bukaeran nahi beste galdera erantzungo dituzte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!