Gorka Vicente lehen taldeko jokalariari elkarrizketa

Andoni Urbistondo 2019ko ira. 21a, 10:15

14 urte daramatza dagoeneko UKE eskubaloi taldean. 32 urte egingo ditu laster, eta 18 urtez geroztik ari da jokatzen. Ziurrenik azkena izango da. Senior mutilen taldeak Euskadiko ligan jokatuko du, eta hauexek Gorka Vicenteren adierazpenak.

Ilusioz bizi nahi du 2. Nazional Mailan jokatzeko erronka, sufrituko dutela jakitun bada ere. Larunbatean ekingo diote Liga txapelketari Bizkaian, Urdaneta taldearen aurka.

Nola zen UKE 14 urte atzera?

Nire garaian bi talde zeuden, senior mailako mutilak eta neskak. Eta ezer gutxi gehiago. Orain maila guztietan daude taldeak, infantiletatik hasita. Eskubaloia urrezko aroa ezagutzen ari da Urnietan.

Entrenatzailea ere bazara, egoera pozgarria izango da hori, ezta?

Noski, kluba osasuntsu ikustea beti da pizgarria. Aurten entrenatzaile laguntzaile izango naiz jubenil mailako taldean. Lanean hasita nago, goizez eta arratsaldez, eta gero senior taldekoekin entrenamenduak ditut. Laguntza emateko nago, arduradun izateko baino.

Zure bizitzan eskubaloia ezinbesteko osagaia dela esan daiteke?

Zalantzarik ez. Bikoteak eskubaloian jokatzen du, entrenatzailea naiz, senior taldeko kide… Nire bizitza ezin da eskubaloirik gabe ulertu. Azken urtea izango da agian.

Bai?

Fisikoki justu samar sentitzen naiz dagoeneko. Lana, entrenatu, bikotean bizitza egiteko denborarik ez, asteburuetan partida egunetan egun osoa ia-ia eskubaloiaren baitan, zeren eta Bizkaia edo Araban jokatuz gero, ordu asko joaten dira. Ez dut kluba bazterrean utziko. Nire laguntza behar badute emango diet, baino albo batera geratzen hasi nahiko nuke.

Lesionatuta zaude.

Bai, hatz bat hautsi nuen, eta baloia ukitu ezinik nago. Baina entrenamenduetara joaten naiz, gimnasiora... talde dinamikan sartuta nago.

Bigarren nazional maila. Zein sentsazio dituzue taldean?

Sentsazio kontrajarriak. Ilusioa daukagu, baina beldur pixka bat ere bai, zergatik ukatu. Oso talde gaztea daukagu, jokalari on askok taldea utzi dute ikasketengatik kanpora joan direlako: Eneko Urruzola, Joseba Errazkin, Pablo Fierro… Taldean oso garrantzitsuak ziren. Sergio atezaina ere ez da kantxan izango, beste lan batzuetan ariko da. Eskarmentu handia du, eta esaten duenez, ez du taldea hain gaizki ikusten. Ahal izan den taldea osatu da, ez nahi genuena. Iaz bi talde genituen, bat Gipuzkoako Lehen Mailan, eta bestea Bigarren Mailan. Denboraldi honetan talde bakarra, 16 jokalari gara. Ez da inor igo beheko mailatik, baina jubenil mailakoek aukerak izango dituztela pentsatzen dut.

Bigarren Mailako taldean aritu zinen iaz, eta aurten jauzi galanta emango duzu: Bi kategoria gorago jokatuko duzu.

Gipuzkoako Bigarren Mailan lehen lerroko posturen batean joka nezakeen. Maila hori, baina, askoz apalagoa da 2. Nazional Mailan izango dugunarekin alderatuta. Mailan berrian hegaleko postuan bakarrik aritzeko gaitasuna daukat. Fisikoki askoz exigenteagoa da, eta horrek errespetua eman dit. Fedea badut nigan, ez naiz inoiz inor baino okerrago edo hobeagoa sentitu. Laguntzatxoa ematea espero dut.

Zer eskatu dizue entrenatzaileak?

Talde txikia gara tamainaz, ahulenetakoa, eta defentsa irekitzen saiatu eta azkartasuna baliatzen saiatu beharko gara. Jaurtitzaile onak baditugu, baina joko estatikoan kontraerasoetan baino okerrago moldatuko gara, beti. Kontraerasoak egiteko, noski, defentsan trebeak izan behar gara.

Zenbat taldek galtzen dute maila?

Teorian bik, baina Nazional 1 mailatik euskal talde bat jaisten bada, ba hiru. Bi taldek maila galduz gero, lau jaitsiko lirateke.

Zein da kirol erronka?

Bi talde sailkapenean azpitik uztea. Ez da erraza izango, baina  badut esperantza. Ia denak gara jokalari berriak 2. Nazional Mailan. Egoitz Karrazedo, Josu Pagola, Unai Lejardi eta Iosu Irigoyen bakarrik aritu izan dira. Maila galtzeko hautagai sendoena garela esango nuke, baina denboraldia gozatzeko da, pasa den sasoian lortu genuen sariaz gozatzeko unea. Probatzeko momentua da, eta irauten badugu, ondo, eta lortzen ez bada, lanean segi beharko da.

Zer nolako jarrera eduki behar dute zaleek?

Gure berbera. Etxean animatu behar gaituzte, etxeko puntuak mailari eusteko erabakigarriak izango direlako. Etxetik kanpo zaila izango da puntuak urratzea. 14 talde gara kategorian. Guk afizioari eman behar diogu, haiek guri zerbait emateko.

Zein izan daiteke aurkari zuzena?

Bilboko Escolapios. Igoera fasean galdu genuen beraien aurka, Bilbon. Hori talde bat, eta bestea akaso Errenteriako Ereintza, talde gaztea delako. Pasa den denboraldian ere justu-justu libratu zen.

Nora egin behar dituzue irteerak? Urruti?

Gasteiz, Urduliz, Bilbo… Talde gehienak Bizkaikoak dira. EAEtik ez gara aterako. Arabako talde bat dago, Corazonistas Gasteizkoa. Eta Gipuzkoakoak Ereintza, Hondarribia, Zarautz, Aloña Mendi eta Arrasate. Ezjakintasun puntu bat ere badaukagu, taldeen gaitasunari dagokionez.

Noiz espero duzu taldearekin entrenatzen hastea?

Ez dakit oraindik. Hilabetetxo bat beharko dut. Lan fisikoa bai, egin dezaket, baina baloia ukitzeko oraindik aste batzuk beharko ditut.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!