Urnietako PSE-EEren agerraldia

Xabier Lasa 2019ko urr. 10a, 18:05

Urnietako PSE-EE alderdiko Herme Gonzalez eta Consuelo Frutos zinegotziek Udal Gobernuari buruzko balorazio ezkorra egin dute, legealdia ehun egunetara iritsi denean: “Egitasmo politiko eskasekoa eta makala bere egitasmoen garapenean, ilusiorik gabekoa, informazio gutxi helarazten duena, eta gainerako alderdiei parte-hartzeko errastasunik ematen ez diona”. Era horretan deskribatu dute EAJren udal kudeaketa.

Gonzalezek eta Frutosek adierazi dutenez, “Jende berria sartu da udal gobernuan, baina oraingoz aurrekoaren bide beretik doa, eraginkortasun eza nagusituz. Egungo legealdian, aurrekoan hitz eman arren garatu ez zituzten egitasmoak burutuko dituzte soilik”.

Bi zinegotzi sozialistentzat, EAJ euren aurkako jarrera erakusten ari da. “Ahal izan duten guztietan PSE-EE kanpoan utzi dute. Eta hori ez da politika, hori maila pertsonalean eragiten duen jarrera da. Demokraziarekin zerikusi gutxi duen jokabidea da hori. Urnietako herritarren sektore handi bat uzten baitu kanpoan. Alkate batek herritar guztien alkate izan behar du”.

Bazterketaren adibide gisa, Babiloniako Zatikako Plangintza aipatu dute. “Soilik EAJk onartu du; aztertzeko aukerarik ez digute eman, ez dute kasik agiririk aurkeztu, eta larriena dena, abuztuan jarri dute alegazioak aurkezteko epea. Gehiengo absolutua nahi duten eran darabilte”.

Hiru gai bereziki kezkagarri egiten zaizkiela gaineratu dute PSE-EEko zinegotziek:

  • Lehenbizikoa, alkatearekin du zerikusia: bere azken legaldia izango dela adierazi du, eta horrek, herriaren alde gutxi daukala adierazten du, gure ustez”.
  • Bigarrengo puntu kezkagarria, “legealdia hasi zenetik, formaz eta egitez erakutsi duten jokabidea da, zerikusi gutxi daukana aldarrikatzen duten “gobernantza berriarekin”.
  • Hirugarrenik, Bake eta Bizikidetza Plana aipatu dute bi zinegotziek: “azken urtetan hautsita dago, eta ez dugu ahaleginik sumatzen irtenbiderik topatzeko”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!