Emozioak gainezka egin du Urnietan

Aiurri 2019ko urr. 12a, 19:08

Justizia eskatzeko ekitaldia zen, Asier Niebla Martinez urnietarraren heriotzaren lehen urteurrena bete denean. Aldarrikapen hori oso presente egon den arren, sentimendu guztien gainetik emozioa nagusitu da. Oraindik ere min handia ematen duen gertaera da, eta min hori senideen eta lagun askoren baitan ikusi da. 

Jendetza batu da Urnietako San Juan plazan. Nieblatarrak ez daude bakarrik, eta gaurkoa adierazpen argigarria izan da. Ehunka lagun hurbildu dira San Juan plazara, oinezkoen martxan edota lasterketan parte hartzera. Familiak protagonismo handia hartu du, eta taula gainera gurasoak eta anai-arrebak igo dira. Joanak ezin izan dio emozioari eutsi, hitza hartu duenean. Gainera, 'Nima' ezizenarekin musikari dabilen Juanjo anaiak kantua eskaini dio. Txalo zaparrada jaso dute une horretan, eta baita martxa osoan zehar ere. Anaia gogoan hartzeko eta justizia aldarrikatzeko martxa izan da, eta antolatzaileen asmoak bete eta gainditu egin direla esan daiteke. Nieblatarrek eskertza adierazi diete Asier Nieblaren lagunei, haiek hartu baitute gaurko ekitaldiaren ardura nagusia.

Gaurkoan Niebla-Martinez familiarentzat egun gogoangarria izan da, ahaztuko ez duten horietakoa. Bide judizialak bere bidea egiten duen bitartean, urnietar eta gipuzkoar askoren babesa izango dute. Gaur babes hori badutela oso argi geratu da.

Lasterketa

Herri lasterketan Asier Martinez herrikidea nagusitu da, eta azken metroetan Niebla gogoan hartu eta kamisetan zuen lema azpimarratzeko aukera izan du.

Erlazionatuak

Asier Nieblaren alde

Jon Ander Ubeda 2019 urr 12 Urnieta

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!