EH Bilduk ere agintaldiaren balorazio kritikoa egin du

Aiurri 2019ko urr. 16a, 18:41

Aurreko astean alderdi sozialistak egin bezala, aste honetan EH Bildu taldeak Aiurriri balorazioa helarazi dio.

“Badira hilabete batzuk udaletxean hasi ginela. 7 zinegotzi PNVkoak (alkatea horietako bat), 4 EHBildukoak eta 2 PSOEkoak. 13, guztira. Zer aurkitu dugu? Enpresa moduan jokatzen duen talde bat, koadrilan gobernatzen, beste 6 zinegotziak existituko ez bagina bezala. Udalaren errekurtso oro EAJ-PNVk kudeatzen du”. Sarrera hori egin eta gero, hainbat atal zehatz hizpide hartu dituzte:

  • “Berritu: Eduki guztiak PNVkoak ez garen 6 zinegotziok ez ditugu herritarrak baino lehenago ezagutzen".
  • "Onda Vasca: Prentsan jakin genuen, Lekaioren erabilpena, zenbait herritar gonbidatu zituztela… 13tik 6 zinegotzik ez genuen horren berririk izan".
  • "Bi ikastaro udaleko teknikarien errekurtsoa erabiliz: aste bateko epean jakin genuen,batzar bat genuela eratzun genien, eta ez zuten kasurik egin. Haien taldeko batek ezina adierazi eta orduan bai, orduan zilegi izan zen aldaketa egitea".
  • "Ekitaldi ofizialak: Jakiten ditugun urriak edo orduz aldatzen dira guri abisatu gabe, edo prentsan jakiten ditugu. Beraiek, ekitaldi orotan presentzia ziurra dute. Guk, askotan, ez dugu jakin ere egiten antolatuta dagoenaren berri”.
  • "Herritarrari arreta eta erantzunak: Alderdi politiko baten izenean sartzen ez den edozein eskari ez da gure eskura iristen, eta ez digute informaziorik pasatzen. Norbaitek gure eskumena nahi badu, gure izenean sartzea du bide bakarra".
  • "Herria txukun dago, polit. Eta herritarrak? Eskaerei ez zaie erantzunik ematen, eta ematen zaienetan berandu. Ekimen ia guztiak diruz lagunduak badira ere, ez dira edukiz zainduak. Modu horretan, gauzak eta gauzak abian daude baina inolako zaintzarik gabe".
  • "Alegazioak eta eskaerak: Uztailak 13an sartu genuen alegazio bat, eta bi eskaera, gaur egun erantzunik jaso gabe gaude".
  • "Komisioak: Legearen markoan mugitzen dira, ozta-ozta, 48 ordu lehenago abisatuz noiz diren komisioak. Ikasturte hasieran esandako ordutegi gehienak errespetatuz. Zer gertatzen da ordea Herritargo batzordean? Orduak beraiek, lagun talde baten moduan, adosten dituzte eta gero guri jakinarazi. Iritsi eta puntuak batetik bestera desordenatu, inprobisazioa, aldaketak han eta hemen. Horretarako, gu guztiak bertan, idazkaria, itzultzailea, errekurtso asko. Seriotasun eta errespetu falta edonon. Komisioetan esandakoa, izen partikularrekin jakinarazten zaio txaskarrilo moduan guztiz pertsonalizatuz herritarrari. Diskrezioa, talde baten sostengua, horiek guztien eskubidea urratuz".

Bukatzeko, herrian saretzen ari direla baieztatzen du EH Bilduk: "Hau guztia esan zaio alkate jaunari, baina, gehiengoaren indarrak bere feudoa duela sinestarazi dio. Herri honek jakin behar du, 7 direla herria gobernatzen ari direnak, 13 izan ordez, eta guk ere parte hartzeko eskubidea dugula. 13 garela eta korporazioa guztiok osatzen dugula. Bozkatzerakoan herritarrak jakin behar du, gehiengo orok, udalaren pribatizazioa dakarrela, makro politika bultzatzen duela, herritar banakakoa abandonatuz, eta gainerako indarren ahotsa baliogabetzen duela.

Halere, baditugu proiektuak martxan herrian, herritarrekin eta hasiak gaude sarea osatzen. Udala herriarena baita, eta iritzi orok eduki behar du bere errepresentazioa bertan".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!