Alderdi abertzaleen agerraldi bateratua

Jon Ander Ubeda 2019ko urr. 18a, 13:33

Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako prozesuari buruz emandako  epaiaren aurrean, Urnietako EAJ-PNV eta EH Bilduko ordezkariek agerraldia egin dute. Besteak beste, honakoa adierazi dute: “Argi eta garbi adierazten dugu ezin direla justifikatu Auzitegi Gorenak eta Estatuko botereek Kataluniako agintari eta gizarte eragileei bizkarreratutako auzia eta ezarritako zigorrak”.

Mikel Pagola alkateak eta Ainara de Miguel zinegotziak bozeramaile lanak egin dituzte. Eta haiekin batera ziren, besteak beste, David Rosco zinegotzi jeltzalea edota Nekane Ubillos ezker abertzaleko zinegotzia. Mike Izagirre alkate ohia eta Maribel Vaquero alderdi jeltzaleko senataria bertan izan dira ere.

Hauxe da adostu duten manifestua:

  • Ziurtatzen dugu demokraziaren adierazpen baketsua, indibiduala zein kolektiboa, gauzatzea eta herriari hitza ematea ez dela delitua. Hori horrela, urriak 1eko erreferenduma tresna demokratiko eta zilegia izan zela, eta Kataluniak bezala Euskal Herriak ere, berezkoa dutela etorkizuna erabakitzeko eskubidea.

  • Argi eta garbi adierazten dugu ezin direla justifikatu Auzitegi Gorenak eta Estatuko botereek Kataluniako agintari eta gizarte eragileei bizkarreratutako auzia eta ezarritako zigorrak.

  • Nabarmentzen dugu Kataluniako Procesaren aurkako auziak eta epaiak Zuzenbide Estatuaren itxuragabetzea dakartela eta ezbaian jartzen dutela espainiar demokraziaren homologazioa nazioartean.

  • Azpimarratzen dugu euskal herritarrei zuzenean eragiten digula Estatu espainiarraren erantzun bortitzak, izan ere herrien borondatea era demokratiko eta baketsuan erabakitzea mozten baitu eta arazo politikoari tribunalen indarrez, 155. artikuluaren ezarpenez edo erabakitze eskubidearen alde egiten dutenei edonolako neurri bidegabeak ezarriz erantzuten dio irtenbide elkarrizketatu eta negoziatua bilatu ordez eta herriari galdetu beharrean.

  • Estatuko botereei eskatzen diegu, espetxean dauden preso politikoak berehala aske utz ditzatela eta era berean, erbesteratu politikoen aurkako auzibideak bertan behera utz ditzatela.

  • Elkartasuna adierazten diegu Kataluniako preso eta erbesteratu politikoei nahiz haien etxekoei hala nola Kataluniako herriari eta erakundeei, eta gipuzkoarrei dei egiten diegu bat egin dezaten herriari hitza ematearen aldeko ekimen baketsuekin, demokraziaren eta askatasunaren alde.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!