Jaiak igaro berritan, balorazioa egiteko garaian, zeri erreparatu nahi diozue?
Asteburuari begira, bereziki, egitarau oparoa genuen eta Xoxokan eguraldia jaia erabat baldintzatzera irits daiteke. Aurten lagun izan dugu, eta oso pozik gaude jende asko inguratu delako. Bertako jende asko, baina kaletik ere hurbildu zaizkigu. Oro har, sortu den giroarekin oso pozik gaude. Are gehiago, ezbeharrik edota egoera txarrik ez delako sortu.
Lanez gainezka ibiliko zarete, jaietan.
Astelehenean eta asteartean ez hainbeste, baina asteburuan bai. Ekitaldi asko dira eta gauza gehienak gure esku izaten dira. Sega apustua, adibidez, gutako lau kidek antolatu zuten. Asteburuan zehar mahaiak jarri, tabernan egon... lan asko pilatzen zaigu.
Jaien antolakuntza aurrera eramateko talde txikia izango zarete. Auzotarren laguntza ezinbestekoa izango zaizue, ezta?
Talde eragilean hogei-hogeita hiru lagun gaude, eta jaietan auzotar asko laguntzera hurbiltzen zaizkigu. Besteak beste, herri afarian edota sagardo dastaketan.
Auzotarrek, oro har, laguntza handia eskaintzen dute. Jaien aurreko igandean baserriz baserri dirua biltzen ibili ohi gara, eta ekarpen ekonomiko hori garrantzia handikoa da. Modu batera edo bestera, auzoko jende askok laguntza ematen du.
Ekitaldi arrakastatsuak antolatzea ona da, baina horrek berarekin eragozpenak sor ditzake. Trafikoan, esaterako.
Zoritxarrez, horrelakoak gertatzen dira. Nahikoa lan izaten dugu ekitaldiak antolatzen, akaso hobeto pentsatu beharreko zerbait da.
Zer gehiago adierazi nahi duzue?
Jai batzordearen izenean, modu batera edo bestera jaia antolatzen lagundu duten auzotar guztiei eskertza adierazi nahi diegu. Aipamen berezia Ander eta Maite zaldi lasterketaren antolatzaileei, egitasmo berria proposatu eta aurrera eraman dutelako. Eta Juleni eta giza probako antolatzaileei ere esker berezia, horrelako ikuskizunak auzoan bertan antolatzeagatik.