"Urnietako taldea berezia da niretzat"

Mikel Arberas 2019ko urr. 20a, 08:21

Nagore Huizi andoaindarrak lau urte daramatza UKEko futbol taldean jokatzen. Igoera lortu duen senior mailako erreferentea izatera iritsi da. Zelaian, eta zelaitik kanpo.

Igoera lortu eta gero, denboraldiaren hasiera ez da erraza izan...

Maldan behera hasi gara, partida txarrak jokatuta. Añorgaren aurkako partidan hobetu genuen, norgehiagoka ondo hasita. Arestian esan bezala, oso gaizki hasi dugu liga, baina pixkanaka gure maila erakusten ari gara.

Maila hauetara iritsita, aldaketa izugarria da. Aurreko denboraldian, hein handi batean, esperientzia gehien zuen taldea osatu genuen. Horri esker, talde izaera nabarmen lantzea lortu genuen.

Lehengo urteko eta aurtengo denboraldiaren arteko ezberdintasunak zenbateraino dira handiak?

Hasteko, talde gehiago daude lehian. Aurreko denboraldian 12 taldeko bi multzotan banatuta geunden. Egun, 16 talde gaude elkarren aurka lehiatzen. Maila aldetik ere izugarri nabaritzen da, beste kategoria bat dela ikus daiteke; erritmoa, exijentzia..., guztia aldatzen da. Hala ere, urtero arazo bera dugu, denboraldia jende askorekin abiatzen dugu, baina ikasketak direla medio, jokalariak ikastera eta bizitzera kanpora joaten dira. Gauzak horrela, asteroko martxari eusteko lau katu gelditzen gara.

Horrez gain, jende berria batu da taldera eta, beraz, oraindik taldea osatzen ari gara.

Aurtengo denboraldirako zein helburu dituzue?

Ilusioarekin gaude eta mailari eutsi nahi diogu. Oso zaila da Euskal Ligan aritzea, beraz, gure helburua oraingoz mailari eustea izango da.

Gutxienez, ondo pasa nahi dugu, taldekideon artean ezagutu eta, batez ere, futbolaz gozatu. Horretaz gain, sufritzea egokituko zaigu, baina futbolean gustura jokatuz gutxiago sufrituko dugula pentsatzen dut.

Eskarmentu handiko jokalaria izanik, ardura berezia duzu taldean?

Urnietan futbolean hasi nintzenean taldeko gazteena nintzen eta orain zaharrenetarikoa naiz. Kapitainen taldean nago, Marta Ollakarizketa eta Ane Dominguezekin batera. Nire ustez, bakoitzak uste duena egin behar du, ez da ardura bat.

Gure kasuan, lehen partidak kaskarrak izan direla eta, gogogabetu egin gara apur bat. Hala ere, taldea batzen duen horietakoa naizela uste dut; niri asko gustatzen zait guztiekin hitz egitea, baita entrenatzaileekin ere. Oso garrantzitsua iruditzen zait taldekide guztien arteko komunikazioari eustea.

Taldea bat eginda al dago?

Orokorrean, bai. Egia da jokalari berriak etorri direla eta ondo integratzen ari direla. Baina ez da erraza talde guztiz bateratua lortzea. Dena dela, gure artean harreman ona dago eta ez dugu inor baztertzen. Entrenatzaileekiko harremanak ere pauso bat gora egin du. Aurten hiru entrenatzaile ditugu, eta seriotasun maila igo dela nabari da.

Andoaindarra izanik, zer suposatzen du Urnietako futbol taldeko parte izateak?

Duela ez asko Euskaldunatik deitu zidaten, senior mailan jokatzeko. Izugarrizko ilusioa egin zidan. Baina duela lau urte Urnietan jokatzen hasi nintzenean jende, talde eta esperientzia berriekin egin nuen topo.

Oso pertsona irekia naizenez, eta jendea ezagutzea gustuko dudanez, Urnieta KE taldea hasieratik berezia izan da niretzat. Horregatik, nire eremuan, nire lagunekin, oso gustura sentitzen naiz. Nire betiko taldea denaren irudipena daukat. Taldeak aurrera egiten badu, UKEn jarraitu nahiko nuke.

Emakumezkoen kirola asko nabarmendu da azken urteetan...

Asko nabarmendu da, bai. Emakumezkoen futbolak denbora gutxian izugarrizko igoera ezagutu du. Ikusleak konturatu dira emakumeek maila handia dutela. Horren harira, jendea mugitzen hasi da eta emakumezkoen futbolak garrantzia eta ikusmina irabazi du. Adibidez, asteburuko Errealaren eta Athleticen arteko partida izugarria izan zen, 28.000 pertsona inguru gerturatu ziren, eta nik uste dut horrek zerbait esan nahi duela.

Gure taldeak emakumezkoen futbolaren alde egiten du; Errealak jokatzen duenean askotan taldekoak eta entrenatzaileak ikustera joaten gara: batetik, gure taldea animatzeko; eta bestetik, erreferenteak izan daitezkeen jokalariez ikasteko.

Nire erreferentea, esaterako, Sandra Ramajo Errealeko defentsa da. Betidanik jokalari beteranoa izan dela iruditzen zait, izugarrizko indarra eta gogoa erakusten baitu. Zelaian beti erakutsi izan du grin hori. Umeen erreferentea emakume bat izatea oso garrantzitsua da, bai futbolean eta baita beste edozein esparrutan ere.

Umeentzako erreferenteak izan zaitezketela uste duzu?

Ez dakit erreferenteak izan gaitezkeen edo ez, baina ez da galdu behar inoiz ilusioa. Jokatzen hasten ez bazara, ez duzu inoiz jakingo futbolaria izango zaren ala ez, aurrerapausoa eman gabe ez duzu inoiz jakingo. Aurrerapausoa emanda ere, oso zaila da gorengo mailan emakume futbolaria izatea.

Nik unea baliatzeko esango nieke gazte horiei, lagunekin harremanak estutzeko eta kirola eginez gozatzeko. Kirolean gauza politak lortu daitezke, hala nola talde zoragarri bat, lagun bikainak eta giro paregabea. Elkarren artean sortzen den giroa eta harreman estuak dira jasotzen ditugun opari hoberenak. Zelaitik kanpo giroa ona bada, zelaian ezin hobea izango da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!