Urnietako ikur, Euskal Herriko nortasun

Andoni Urbistondo 2019ko urr. 25a, 07:52
Jauregi da aizkora ekoizle bakarra Euskal Herrian.

Euskal Herriko aizkora ekoizle bakarra da Joxerramon Jauregi urnietarra, eta 50 urte betetzear da aizkorak egiten. Euskal artisau aizkora famatu du mundu osoan eta nahiago izan du negozioa handitzeko eskaerei muzin egin, eguneroko martxa xumeari eutsiz.

Joxerramon Jauregi entziklopedia baten parekoa da (62 urte). Egongo zara berarekin ordu bat, goiz bat, edo egun osoa, eta ez zara aspertuko. Maitasunez deskribatzen du bere eguneroko gogorra, bere bost hamarkadako oroitzapen aberatsak. Berarentzat euskal aizkora zer den galdetuz gero, bere familiaren pare jarri du ia-ia: “nire bizitzako ezinbesteko osagaia”. Erratzu poligonoko eraikinean egiten ditu orduak eta orduak, bere martxan, eguneko 20-30 aizkora ekoizten. Euskal Herriko artisau aizkora ekoizle bakarra da, eta atzerriko jendea bisitan etortzen zaio, liluratuta, bere ofizioaren xarmaren berri zehatz jasotzeko. Negozioa handitzeko eskaintza asko izan ditu, baina uko egin die Jauregik. Berak tradizioaren alde egin du, artisau erako aizkoraren alde, negozioaren alde baino: “Jateko eman digu, eta horrekin konforme”.   

Jauregi Erratzun lanean hasi zenean Urraka auzoa onddoak bezala hazten hasia zen. “Lau edo bost urte nituela herreroarengana joaten nintzen, orduan aita han aritzen zelako lanean, idiak eta perratzen. Han aritzen nintzen jolasean: iltze bat eman, mailua hartu eta iltzeak egurrean sartu, eta horrela”. 14 urterekin gaur dauden tokira mugitu ziren, “herria hazten ari zelako, eta Udaletik beste toki batera mugitzeko esan zigutelako, Erratzu aldera”. Ordurako perratzea galtzen hasia omen zen, 1970 urtearen bueltan. Kontuak egiten hasi eta azkar bota du: “50 bat urte daramatzat hemen ia-ia”. Aitzurrak, egurrak, baserriko tresnak konpondu… Horrela hasi ziren. “Gero, pixkanaka, traktore txikiak sartzen hasi ziren, eta horrekin perratze lanak bukatu ziren, eta guk geuk bestelako lan batzuk bilatu behar izan genituen”.

Garaiko Maestria Industriala ikasi zuen, eta soldadutzatik bueltan, lana uzteko zorian izan zen Joxerramon: “Beste enplegu bat nuen, eta hemengo lana gogorra zen, ordu asko egin behar ziren. Fabrikara joatea erosoagoa zen”. Aitari esan zion, fabrikan hasiko zela, eta ez omen zion ezer esan. Amak, ordea, bai. Aita osasunez nahiko justu zegoela esan omen zion, eta bera fabrikara joaten bazen, ea aitak zer egin behar ote zuen. “Ezin zituen, jada, salmenta kontuak bizkar gain hartu, hara eta hona mugitu, eta hurrengo egunean aitari esan nion enpresan jarraituko nuela”.

50 urte joan dira ia orduz geroztik. Eta ez da mende erdi atzera hartutako erabakiaz damutzen: “Berriro 20 urte izango banitu, antzera jokatuko nuke. Gustuko lana dut, eta gustukoa izatea derrigor, ordu asko baitira”. 50 urte atzera, gainera, askoz gogorragoa omen zen lana. “Sutegian eta su ondoan zenbat ordu pasatu ditudan zenbatu izan banu… Orain eguneko ordubete egingo dut, asko jota”. Egun aizkorak egiteak iraganean baino askoz meritu txikiagoa daukala dio zintzo. “Lehen bai zen lana, eta gogorra. Egun erosoa da”.

Nola egiten da aizkora bat?

Aizkorak egiteko faseak azaltzen ditu Jauregik: “molde batean aizkora egiten dut, forma eman: beruna, begi zuloa eta altzairua behar dira. Gero hortza, egurra mozten duen filoa mehetzen dut, mailuarekin sutegian berotu eta forjatuta. Lehen horrek denbora asko kentzen zuen, orain prozesua motzagoa da. Hamarkada batzuk atzera lau aizkora egiten ziren ordubetean. Orain 30 egin ditzakezu. Prozesua, orain, berotu eta forjatzea da, mailukatzea. Edo eskuz, edo mailu pneumatiko batekin. Iraganean doblatu egin behar zen, kaldatu, kristoren beroak pasa… gauza asko egin behar ziren”. Behin aizkora egina daukanean esmerilean mehetzen du, eta ondoren, “tenplatu, gogortasuna eman”. Hortxe bere jardunaren sekretu preziatuena: “Txuleta bat oso ona izan daiteke, baina gehiegi egin edo gatz gehiegi botatzen badiozu, akabo txuleta. Aizkorarekin berdin. Altzairu ona eduki dezakezu, baino tratamendu termiko egokia ematen ez badiozu, jai daukazu. Eta nik, ba urteekin ikasi egin dut, noski. Egun prozesu hori labean egiten dute industria handiek. Nik, aldiz, orain 100 urte bezala tenplatzen dut, altzairuaren gorritasunaren arabera”.

Tenplearekin gogortasuna ematen omen zaio hortzari, beruna lo dagoen material bat baita, berotzean bizitza hartzen duena, hainbat osagaiz osatua baitago. “Altzairu guztiak berdin tenplatzen direla uste du jendeak, baina ez da hala. Egun tenplea egiteko tresna modernoak daude, aitaren batean egiten dute. Nik lauzpabost altzairu motarekin egiten dut lana”. Kirtena, aldiz, Igerategi zerrategian erosten du, Urnietan bertan. “Niretzako egiten dituzte preseski”.

Kale ume petoenentzat harrigarria egiten da aizkorak halako erakarpena sortzea. Zergatik, bada? “Aizkora Euskal Herrian betidanik oso inportantea izan da, baso asko eduki dugulako. Baserriak nola egiten ziren? Egurrarekin. Itsasontziak berdin, eta bestea ikatza egiteko, egurra moztu, lehertu eta ikatza egiten zen. Ikatza oinarrizkoa izan da gure herriko garapenean. Olagintza, errementariak, oso inportanteak izan dira, eta lan horretarako aizkorak ere funtsezkoak. Aizkora ezinbesteko tresna izan da Euskal Herriko etxe askotan”. AEBetan azaldu ziren lehen aizkorak Euskal Herrikoak ote ziren susmoa bili-bolo dabilela ere kontatu digu. “Edo bertakoak, edo Siberiakoak behar dute izan”. Bale arrantzan ibiltzen zirenentzat ere aizkora funtsezko tramankulua zela dio aizkora egileak: “Arpoiko soka mozteko funtsezkoak ziren aizkorak, behin baleari arpoia sartu ostean aske utzi behar zelako arpoia. Bestela akabo, baleak airean eramango luke ontzia, eta berarekin arrantzale guztiak”.

Egun, Jauregi da aizkora ekoizle bakarra Euskal Herrian. Baita Espainian eta ia Europa osoan ere. “Suedian badaude enpresa handi pare bat, eta hemengo enpresa batzuk Txinan ekoitzitako aizkorak saltzen dituzte…”. Jauregiren aizkorek badute eroslearen estimua handitzen duten ezaugarri garrantzitsua: artisau-lanak dira, “eskuz egindakoak, eta mimo handiarekin ekoitziak, banan bana”. Iraganeko kalitatea mantendu dute aizkora enpresan, eta jendea gustura omen dago. “Orain aizkorek bukaera politagoa, zainduagoa dute, eta jendeak horri erreparatzen dio, dagoeneko ez zaio hortzaren eraginkortasunari hainbeste begiratzen”. Aizkora batek oso bizitza luzea eduki omen dezake. “Zaintzen bada, urte asko. Asko eta modu egokian erabiltzen ez bada, ba gutxiago. Orduan eta gehiago zorroztu, orduan eta iraupen txikiagoa”. 

Internet sarearen iraultza

Merkatuaren oinarria Euskal Herria da, “produkzio guztiaren bi heren edo”, baina atzerrira begira ere lan dezente egiten du. Internet sarearen zabalkundearekin merkatu berria ireki omen da aizkorarentzat, “eta imajinatu ezin duzuen lekuetara iristen ari da. Ez naiz AEBak, edo Kanadari buruz ari, Espainiako bezeroei buruz baizik”, dio Jauregik. “Youtube kanalean bideoak daude, web gunearen bitartez aizkora munduko azken txokora iritsi da, aizkoren inguruko blog-ak ere badaude, eta aizkora miresten duen jendea etortzen zait sarri aizkorak erostera, erabat hunkituta geratu direnak. Oporretan Euskal Herrira etorri eta hona aizkora erostera bakarrik etorri direnak, asko, euskal aizkoraren bila. Eta esplikatzen diezu, eta ikaragarria da nola gozatzen duten”. Egunak enpresan Jauregirekin pasa nahi dituzten bezeroak dira, aizkorak nola ekoizten dituen jakin nahi duten turista japoniarrak! “Nik hau museo bat ez dela esaten diet, baina nekez konbentzitzen ditut”, kontatzen du, natural.

Iraganeko bezero multzo apala asko handitu dute teknologia berriek. “Bildumazaleen munduak asko mugitzen du”. Euskal aizkoraren berezitasun bat azpimarratzen du sarri Jauregik. “Begi zuloa ere ezberdina da, pentsa”. Urnieta eta Aizkora markak jartzen dizkie aizkora guztiei, Jauregi zigiluaz gain, eta artisau aizkorak egin. Esan omen diote, ea zergatik ez duen axe, ingelesezko aizkora hitza jartzen aizkoratan, salmentak handitzeko. Honatx, bere erantzuna: “Niretzat Urnieta, Aizkora eta Jauregi dira nire zigiluak, eta ez dago besterik. Euskal Herria eta Urnieta munduan ezagutarazten dut, nire neurrian, eta horrek poza ematen dit”. Aizkora batek bi kilo eta 400 gramo pisatzen du, eta 250-300 euro inguru balio du. Bizitzeko ematen al du?: “Jateko adina ateratzen dugu, eta gaitzerdi”, dio umoretsu Jauregik.

Aizkora nazioartekotuta, hizkuntzekin eta zer moduz moldatzen ote den galdetu diogu Joxerramoni: “Ondo ez. Gure garaian frantsesa ikasten genuen eskolan, ingelesa batere ez. Orain ere gutxi. Alabak laguntzen dit, eta gauetan berak erantzuten ditu ingelesezko mezuak. Google-eko itzultzailearekin ere oso ondo moldatzen naiz. Moldatu behar, egunero-egunero jasotzen baititut ingelesezko mezuak”. Azken egunetan munduko txoko askora bidali ditu aizkorak: Basileara, Italiara… Arazotxo bat badu, zeregin horretan. “Ameriketara ezin dut aizkorarik postaz bidali, bertan aizkora arma gisa hartua dagoelako”. Finlandiako produktore batekin halako akordio bat dauka, muga hori gainditzeko, “hark baimena baitu aizkorak igortzeko. Baimen eta paper asko bete beharko nituzke akordio hori ez banu”.

Estatubatuar batek Jauregik egiten duen aizkoren inguruko bideo bat egin zuen, “eta 600.000 ikustaldi ditu, dagoeneko.
Antton anaia ere etorri zen, eta erdi brometan nola forjatzen nuen grabatu zuen, eta bideo horrek ere 300.000 ikustaldi ditu sarean. Gero eta ezagunagoa naiz aizkora munduan, egia esan. Bada jendea oporretan Euskal Herrira, edo Euskal Herritik gertura etorri, eta enpresa erakusteko erregutzen didana. Askotan egun pasak egiten ditut beraiekin”.

Negozioaren etorkizuna

Azkenaldian ireki gabe zeukan atea ireki du Jauregik, apustuetan parte hartzen duten aizkolariekin harremanetan jarri: “Askok erosten dizkidate aizkorak bai. Aitzol Atutxa berak, adibidez”. Berak hala erabakita egin dio uko luzaro apustu aizkorak ekoizteari, “baina azken bi urteetan ari naiz mundu horretan barneratzen, eta gehienek gustura daudela esaten didate”. Hutsunea ere sumatu du Jauregik, alor horretan: “Aitzol Atutxak Euskadiko Txapela irabazi zuen, baina ez dut inon ikusi 40 urte eta gero berriro Euskal Herriko aizkora batekin irabazi duela txapela. Hemengoa ez famatzeko halako frenoa daukagu”.

Egunean ze martxa daraman galdetzeko tartea ere hartu dugu. “Hogei bat aizkora ekoizten ditut eguneko. Hori tope. Hortik gora ezin dut, eta hala esaten diet bezero guztiei”. Ez daki zer pasako den negozioarekin, “ez dakit semeak zer egingo duen etorkizunean. Garbi dago ni osasunez ondo mantentzen naizen bitartean iraungo dudala hemen. Agian 20tik 10 aizkorara murriztuko dut eguneko produkzioa, osasunez ere ahultzen joan naitekeelako. Jakitun naiz ezingo dudala gaur egungo erritmoa jarraitu, baina garbi daukat ni osasunak jubilatuko nauela. Ez daukat ezer programatuta. Erabat ez itzaltzea espero dut, seme bat badaukat eta orain beste lan bat baldin badu ere, aita izango da… Ez da erraza hona etortzea, autonomook langile batek dituen eskubideak ez dauzkagulako. Egun bikoteek etxeko lanak partekatzen dituzte, ni gaztea nintzenean igual 12-14 ordu egiten nituen hemen, baina etxean kolperik ez nuen jotzen… Ez da erraza, segida ematea, baina ez dut esperantzarik galdu oraindik”. Garbi dauka ez duela nahi bere enpresa museo antzeko bat bihurtzea. “Aizkora bizirik dagoen zerbait da”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!