Saroberen urteurrena ospatzeko egitarau zabala

Jon Ander Ubeda 2019ko aza. 7a, 10:18

Dantza, antzerkia, musika, zinema..., Sarobe Arte Eszenikoen gunea kultur industria ezberdinen topagune bilakatu da. Martxan jarri zenetik hogeita bost urte beteko dira, eta Udalak azaroaren 15ean abiatuko den egitarau zabala aurkeztu du.

Urnietako Udalak, lau asteburu ezberdinetan zehar, Sarobe arte eszenikoen XXV. urteurrena ospatuko du. Egitarau zabalaren bitartez, gainera, astearte eguerdian aurkeztu zuten bezala. Agerraldian Mikel Pagola alkateak parte hartu zuen, eta harekin batera David Rosco zinegotzia eta Eider Aranguren kultur teknikaria izan ziren.

Mikel Pagola alkateak urte hauetan guztietan Sarobe Arte Eszenikoen guneak eskaini aukera zabalak azaldu zituen: “Arte eszenikoetan hainbat alor jorratu dira: Antzerkia, zinema, dantza, musika... Bada, alor horiek guztiak egitaraua osatzeko kontutan hartu dira.

Kosta egin zen, bestalde, baina azkenean lortu zen Sarobe urnietarren artean errotzea. Azken urteotan, ikastaro ezberdinen bitartez, urnietar asko eta asko bertako instalakuntzen erabiltzaile dira. Errotuta dago Sarobe, eta urnietarrei espreski zuzendutako jarduerak ere eskainiko ditugu”. Herriaz gaindi, Sarobe kulturgintzan erreferentziazko gunea da. Hainbat antzerki konpainiarentzat obra berriak martxan jartzeko espazioa bilakatu baita. Bertan ekoizten eta prestatzen dira Euskal Herri mailan zabalduko diren antzezlan ugari. Hori dela eta, Urnietan ez ezik, Gipuzkoan eta Euskal Autonomia Erkidego mailan Sarobek duen garrantzia nabarmendu nahi izan zuen Pagolak.

Espazioaren moldagarritasuna azpimarratu zuen, bestalde, kultur jarduera ezberdinak garatu ahal izateko ezinbestekoa dena: “Filma edo antzerkia ikusteko berrehun eserleku jartzeko azpiegitura dugu. Baina berehala kendu daitezke musika emanaldi bat antolatu nahi bada. Azpiegitura erabat moldagarria da, eta hain zuzen hori da konpainia askok azpimarratu izan dutena”. Bertan izaten diren talde eta konpainiei lan egiteko espazioa eskaintzeaz gain, bulegoak eta azpiegitura osagarria eskaintzen zaie atrezzoa, iluminazioa edota dekorazioa prestatzeko. Horregatik ere, Sarobe erreferentziazo gunea da konpainia askorentzat.

Sarobe probaleku eta entsealeku izateak abantaila ekarri dio Urnietako kulturzaleari: “Urnietako jendeak onura atera dio, dantza eta antzerki konpainiak nagusiak hona etorri direnean entsegu irekiak eta emanaldiak inork baino lehen ikusi ahal izan dituelako. Ikuskizun horiek Donostian, Gasteizen edo Bilbon 15 edo 20 euro ordainduta ikusi ahal izan dira. Urnietan urte luzez 5 bost eurotan ikusteko aukera izan dugu”.

Kulturgintzako izen handiak

Mikel Pagolak Urnietatik igaro diren izen handiak gogoan hartu zituen. “Extremoduro edo Siniestro Total taldeak bertan izan dira. Pet Shop Boys nazioarteko taldeak ere Bilbon eman beharreko emanaldia prestatzeko entsegu orokorrak bertan egin zituen. Hori musika munduari dagokionez. Zinema munduan, zinema eskola Saroben izan zen garaian Juanma Bajo Ulloa, Enrique Urbizu edota Julio Medem ikastaroak eskaintzen aritu ziren. Baita gidoilari lanetan aski ezaguna den Mitxel Gaztanbide ere”.

"Sarobe kontzertuak" zikloa ere ez zuen aipatu gabe utzi nahi izan. Hainbat urtez martxan izan zen, Euskal Herriko hainbat talderen parte hartzearekin.

Ez zituen dantza konpainiak ahaztu nahi izan, onenak bertatik igaro baitira.

David Rosco zinegotziak alor horri eutsi zion, Mikel Pagolari lekukoa hartuz: "Hogeita bost urtez, Sarobe Aukeran dantza konpainiaren erresidentzia izan da. Udalarekin duen hitzarmenaren bitartez, Edu Murumendiarazek zuzentzen duen dantza taldeak bertan dauka bere erresidentzia. Bertatik sortu dira euren ikuskizunak. Aipatzekoak dira, askoren artean, 2015ean aurkeztu zuen Fusioak,  Geltokia 2014an, Burnia 2011n, Jai Alai 2010ean. Azken hilabetean, bestalde, Madrilen izan dira El Caserio ikuskizunean parte hartzen. Parte hartze horren prestaketa lanak Urnietan bertan egin dituzte. Urnietatik mundu zabalera, Aukeran plazaz plaza dantza tradizionala eta fusioa uztartzen ari da".

Urnietara etorriz, bertako antzerkigintzaren garapenean Sarobek izan duen garrantzia nabarmendu zuen: "Marizulo taldeak Urnietako historia urnietarrei eskaintzeko proiektua bertan jarri zuen martxan. Arrakasta handia izan zuen. Horren haritik beste bi ikuskizun sortu ziren: 1936, gerra zibileko pasarteak eskaintzen zituena. Eta baita Urnieta 59 ere, industria iraultza eta Espainiatik etorritako inmigrazioa uztartu zituena. Urnietarrek sortutako hiru obra horiek, garrantzia handikoak izan dira guretzat".

Marizulo taldetik antzerki tailerra sortu zela gogora ekarri zuen. 2011tik Urnietako Udal antzerki taldea martxan dagoela gogora ekarri zuen. Hainbat tailer eta emankizun eskaini dituzte geroztik. Antzezlanari loturiko prozesu guztia eurek egiten dutela gogorarazi zuen. Hots, gidoia, eszenografia, jantziteria, argiak… Mikel Agirregomezkorta urnietarraren zuzendaritzapean.

Pozez eta harrotasunez har daitezkeen datu horiek guztiak eskainita, Eider Arangurenek eta David Roscok 25. urteurreneko ekitaldiak aurkeztu zituzten. Azaroaren 15ean abiatuko da, eta lau asteburutan zehar, dozenatik gora kultur jarduera izango dira. Saroberen ibilbideari fidela izanik, jarduera ezberdinez gozatzeko aukera izango da: Dantza, antzerkia, musika, zinema...

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!