Estela Cuevas, Kulturarte jaialdiko antolatzailea

Andoni Urbistondo 2019ko aza. 15a, 12:00
Estela Cuevas jaiaren antolatzaileetakoa da.

Etxeberri plazakoek Kulturarteko Jaia antolatu dute larunbat honetarako: urnietarren eta guregana etorri direnen elkar harremana sustatu nahi duen jaialdia da. Egun osoko jaia izango da Egape ikastolan, ekitaldiz betea. Bertaratzeko deia egin dute antolatzaileek

Zer da Kulturarteko festa?

Beno, hiru urte atzera antzeko festa bat antolatu genuen Egape ikastolan, baina bertako ikasle eta gurasoentzat bakarrik. Jendea gustura geratu zen, eta ekimena Urnietako herritar guztiei zabaltzea erabaki genuen, Etxeberri auzoko Bizilagunen Elkartearen laguntzarekin. Dena den, Etxeberri auzokoak ez diren herritarren ekarpenak onartzeko prestutasun osoa daukagu. Kultura ezberdinetik datozen herritarrak batu ditugu, bertakoak garenon herritarrez gain, eta hor ari gara, pixkanaka, ekimena indartzen. Udalaren laguntza ere eskertu nahi nuke, materiala utzi digulako, eta talderen baten kontratazioan lagundu.

Zer antolatu duzue, zehazki, larunbat honetarako?

Gauza asko. 11:30ean hasita, tailerrak eta postuak India, Etiopia, Pakistan, Marokoko familiekin: henna, txirikordak, Afrikako ehunak, artisautza, Haima bat tea hartzeko… Gure helburua garbia da: interakzio bat sortzea postu edo tailer horietan parte hartuko dutenen, eta argibideak emango dituztenen artean. Alegia, feed-backa sortzea bi aldeen artean. Bertakook galdetzea, eta gurera etorri direnek erantzutea, eta alderantziz.

Zergatik antolatu duzu festa hau?

Beno, ni ireki samarra naiz izaeraz, eta ez litzaidake batere gustatuko beste herri batera joan eta isolatuta, edo bertakoekin harremanak izateko zailtasunak edukitzea. Urnietara etorri diren atzerritarren larruan jartzen naiz, eta niretzako nahi ez dudana haiei ez gertatzea da, halako ekitaldiak antolatzera bultzatzen nauena. Aniztasunak aberastu egiten gaitu. Guk etortzen direnei hemengo ohiturak eta bizimoldea erakusten dizkiegun neurrian, guk ere haiengandik ikasi. Horregatik euskal dantzak edota, Euskadiko stand bat jarriko da. Bertako ekimenak atzerritarrek sortutakoekin uztartuko ditugu.

Janariarekin ere ekimen berezia antolatu duzue ezta?

Bai. Eguerdian, jendeari euren herrietan ohikoak diren janariak ekartzeko eskatu diegu. Razioak banatuko dira, eta jendeak toki guztietako janariak dastatu ahal izango ditu. Baldintza bakarra da denek zerbait ekartzea, eta elkar trukatzea egitea, dirua erabili gabe. Umeentzat makarroiak izango dira, beraz haur txikiak dituzten familiak lasai etor daitezela. Bazkalosterako Amesti akademiak haurrekin halako Afrikako musika tresnak sortzeko ekimena jarriko du abian txikienak asper ez daitezen. Arratseko 17:00tan Bergarako Ndank Ndank perkusio musika taldearen emanaldia izango dugu. Talde honek gizarte proiektu bat sustatzen du, baina beraiek azalduko dute zein den proiektu hori, kontzertua hasi aurretik. Eta bukatzeko, Mikel Franco urnietarrak Tai Chi tailerra eskainiko du, 18:00ak aldera.

Ze soziologia daukagu Urnietan?

Ez daukat datu zehatzik, baina Egape mailan egin genuen azken jaialdian hamabi herrialde ezberdinetako lagunek parte hartu zuten, kopuru potoloa da. Mapa mundi bat jarriko dut, etortzen direnak nongoak diren adieraz dezaten, eta ea kopuru hori handitzen dugun. Nik, batez ere, urnietarrak animatu nahi ditut, gutxien azaltzen direnak baitira. Beste kulturetako jendea errazago azaltzen da, errazago ematen du laguntza. Euskaldunoi gehiago kostatzen zaigu, lehen hartu-emanean itxiagoak gara. Jaialdiaren berri ematera joan naizen atzerritar guztiek sekulako harrera egin didate, eta laguntzeko prestutasun handia erakutsi.

Zure ustean, zer nolako pertzepzio dute atzerritarrek urnietarrekiko? Eta alderantziz?

Atzerritarrak hemen gustura sentitzen direla esango nuke, babestuak. Alderantziz, ezin dut gauza ziurrik esan. Nire ustez atzerriko jendea ondo hartzen dugu, ez dut arrazakeria zantzurik sumatu inon, eta poztekoa da. Jendarte ona garela esango nuke.

Zerekin konformatuko zinateke, larunbatean?

Zenbakiaz harago, interaktuazioa jarriko nuke balioan, elkar harremanak sortzea, azaltzen diren guztien artean. Parte hartze kopuru handiak ez du beti feed-backa ziurtatzen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!