Sarobe, adituen ahotan

Jon Ander Ubeda 2019ko aza. 16a, 08:24

Arituak eta adituak dira, bakoitza bere esparruan. Sarobeko taula gaina eta atzealdea  ondo baino hobeto ezagutzen dituzte. Kultur eraikinaren 25 urteak bete direnean, haien lekukotza Saroberen historian zehar bidaia egitea bezalakoa da.

Gehien-gehienak "Soinuen Begiradak" ikuskizunaren lan teknikoetan murgilduta aurkitu ditugu. Saroben, non bestela.

EDU MURUAMENDIARAZ AUKERAN DANTZA TALDEA

Etxean baino gehiago egoten al zara Saroben?

Bai. Zalantzarik gabe.

Nola definituko zenuke Sarobe?

Sorkuntza lan handia bertan egin dut. Eroso eta lasai aritzen naiz Saroben. Gure hastapenetan Donostian lokal txiki bat genuen, baina Urnietara etortzea sormenari bidea irekitzea zen. Artistikoki jauzi handia eman genuen.

Aukeran dantza taldearen kabia da.

Egoiliar modura gaude hemen. Buelta asko ematen ditugu hara eta hona, baina beti Sarobera itzultzen gara.

Zure kasuan, gainera, urteen poderioz urnietar askorekin oso harreman estua egin duzu...

Egape dantza taldeari esker urnietar asko ezagutu dut, baina hona iritsi nintzenean Jaione eta Maribelekin harreman oso estua egin nuen. Profesionaltasun maila batera iritsi naiz urteekin, baina alderdi humanoari begira, urnietar askorekin harreman estua lortu dut. Lotura handiagoak sortzen dira, modu horretan. Beste familiatxoa hemen dudala sentitzen dut.

Bergarar, donostiar eta urnietar sentitzen al zara dagoeneko?

Bergaran jaio naiz eta bergararra izango naiz beti. Donostiara etorri nintzen bizitzera, eta Urnietara etortzeko aukera sortu zitzaidan. Bertan hainbeste urte egingo nituela ez nuen pentsatzen. 22 urte dira, denera. Urnietak asko eman dit. Nik beharbada zerbait eman diet, baina urnietarrengandik jaso dudana garrantzia handikoa da niretzat. Urnietarra ere sentitzen naizela esan dezaket.

Saroben sortu eta parte hartu duzun ikuskizun guztietatik zein nabarmenduko zenuke?

“Gernika” ikuskizunarekin aro berri bat ireki genuela esango nuke. Garbi Losada zuzendari lanetan aritu zen. Lan egiteko moduan aldaketa handia eman genuen. Oso prozesu zaila izan zen, baina emaitza ikaragarria izan zen. Gure joerekin eta inertziekin hausteko metodoa aukeratu genuen, eta kosta bazen ere, ikuskizun indartsua sortzea lortu genuen.

GARBI LOSADA ADOS TEATRO

Urteurrenarekin bat eginez,"prozesu irekia" izeneko ekimena antolatu duzue. Zertan datza?

Finean, ikuslegoa entsegu batera gonbidatzea da. Une honetan “Lloviendo ranas” ikuskizuna erabat antolatuta daukagu. Entsegu modukoa eskainiko dugu, ostiral honetan. Horrek esan nahi du aktoreen lana zuzentzeko eszenak moztu ahal daitezkeela. Ikuslegoarentzat bitxia da esperientzia, aktoreek aldiz ez dute nahi izaten.

Sarobe aipatzean zer datorkizu zuri burura?

Luxua. Denborarekin oso harreman estua garatu dugu. Gure etxearen parekoa da. Sarobe erosoa da, tratu oso ona eskaintzen digute eta areto nagusia entseatzeko oso aproposa da. Kanpoan egin izan ditugun antzezlanak martxan jarri aurretik ere, ikuskizunaren azken prestaketak egiteko hona etorri izan gara.

Zenbat bider egon zarete hemen?

Dagoeneko kontua galdu dut. Ahal izan dugun guztietan Urnietara etorri gara. Hamabost antzezlanetik gora, erraz.

Horietatik guztietatik zein da bereziki gogoan duzuna?

“Las mujeres de verdad tienen curvas”, antzezlan haren oso oroitzapen politak gordetzen ditut. Kubako antzezleekin lan egin genuen. Entseguak funtzioaren parekoak izaten ziren. Irri asko egin genuen aktore haiekin.

MIKEL AGIRREGOMEZKORTA URNIETAKO ANTZERKI TALDEA

Marizulo, Urnieta 59 eta 1936 hiru ikuskizun haiek gabe Urnietako antzerki tailerra martxan jarriko al zen?

Ez. Gogoan izan behar da, Marizulo sortu aurretik ere, tailerra martxan jartzeko ahalegina egin zela. Ez zen posible izan. Marizulo pizgarria izan zen. Are gehiago, antzezlan horrek herri mailan katarsi modukoa eragin zuen. Jende askok parte hartu zuen, eta horren ondorioz tailerra antolatu eta martxan jarri zen.

Marizulori esker antzerkigintzarako Urnietan zegoen tradizio luzea berreskuratu zen.

Zer da zuretzat tailerra?

Herrian integratzeko beste elementua izan da. Marizulo eta gero energia berezia sortu zen, eta energia horri jarraipena emateko aukera aurkitu dugu antzerki tailerrean.

Zer litzateke Urnieta, Sarobe gabe?

Sarobek gizarte eta kultur bizitzan oso toki berezia betetzen du. Ikastaro asko antolatzen da bertan. Tailerraren egoitza da, eta antzerki konpainia asko hona hurbiltzen dira. Horri esker, herritarrok antzerkiaz gozatzeko oso aukera ona dugu. Estreinaldi asko ikusten ditugu, oso prezio onean.

Saroben parte hartu edo ikusi dituzun ikuskizun guztien artean zein nabarmenduko zenuke?

Urnietan bertan egindako trilogia azpimarratuko nuke. Marizulo, Urnieta'59 eta 1936 garrantzia handikoak izan dira niretzat. Besteak beste, parte hartzea herrikoia eta anitza izan da. Ekoizpen osoa bertatik egin da, gainera. Hiru ikuskizun horiei esker, gainera, jende asko elkartzeko aukera sortu da. Hori herriarentzat oso garrantzitsua izan da.

PABLO LUSARRETA SAROBEKO TEKNIKARIA

Bertan ikusi eta bizi izan duzun guztiarekin, liburua osatzeko esperientziak gordeko dituzu.

Asko, eta asko. Funtzioa martxan zegoela argindarra joan izan da, soinu eta argi mahaia blokeatzea... horrelako hamaika izan dira.

Tentsio handiko uneak, zalantzarik gabe.

Ikuskizuna martxan dagoen bitartean tentsioa izaten da. Ardura handiko postua da, baina urteekin eskarmentua hartzen joaten zara. Hasierako urte haietan estuasuna handiagoa zen..

Bertatik igaro diren konpainia guztien artetik, bereziki aipagarria zaizun teknikariren bat nabarmenduko al zenuke?

Hasierako urte haietan irlandar jatorriko Tom Donellan argi teknikaria nabarmenduko nuke. Bertako konpainiekin lan egiten zuen. Adinekoa zen, baina lan egiteko modua oso gustukoa nuen. Erreferentzia oso ona izan zen niretzat.

Urteen poderioz harreman handia egin dut bertako konpainietako teknikariekin.

Zer nolako harremana sortzen da antzezlanak prestatzera etortzen diren konpainietako teknikariekin?

Konpainia gehienak ezagunak dira, eta dagoeneko elkar ezagutzen dugu. Bakoitzaren eskaerei bidea ematen diegu, lehen egunetan bereziki.

Bereziki nabarmendu nahiko zenukeen ikuskizun bat aipatuko al zenuke?

Gehien eragin didaten lanak Urnietan bertan sortu genituen hiru lanak izan dira. Ardurak hartu genituen, eta ekoizpen bakoitzean barruraino murgildu ginen.

Emaitza oso atsegina izan zen, hiru kasuetan.

JAIONE JAUREGI SAROBEKO TEKNIKARIA

Sarobe arte eszenikoen guneak kultura mailako profesionalekin harreman zuzena izateko aukera bikaina eman dizu, urte hauetan guztietan.

Bai, zeren eta ni neu psikologia mundutik nator. Urnietako euskaltegian eskolak ematen nengoela, Kike Santiago eta orainik nire lankidea den Maribel Tardiorekin topo egin nuen. Zinema zaharra horren baitan sortu zen Sarobe, eta abentura horretan murgildu nintzen.

Kike Santiago zuzendari zela, alboan aritu nintzen administrari eta ekoizpen lanak egiten. Kikek uztean, Maribel eta biok sarobeko kudeaketa eta dinamizazioaz arduratu ginen, eta ikasitakoa garatzeko aukera izan genuen .

Zein konpainiekin duzue harreman sendoena?

Ekoizpen moduak aldatu dira. Lehen ez zegoen hilabete osoko muntaiak egiteko joera. Saroben denbora, espazioa eta baliabideak eskaintzen dizkiegu. Ados, Tan-ttaka, Vaiven eta Txalo konpainiak maiz etortzen dira. Gipuzkoako konpainientzat erreferentziazkoa da.

Urnieta eta Sarobe elkar bereiztea zaila da.

Gaur egun, bai. Kosta egin zen, halere. Identifikazio handia ez zegoen, kanpoko konpainiak bertan izaten zirelako. Udal ikastaroekin jendea etortzen zen hona, baina bereziki Urnietan egin diren hiru ikuskizunekin Saroberekiko lotura areagotu egin da. Pentsa, larogei lagun inguru elkartu ziren ikuskizun bakoitzean. Guztiak urnietarrak. Orduan hasi zen jendea Sarobe bere egiten. Gaur da eguna Sarobera sartu eta eraikin osoa bere etxea balitz bezala ezagutzen dutela.

Horri esker antzerkira etortzeko dinamika sortu da ere.

Ikuskizun guztien artean zein nabarmenduko zenuke?

Parte hartze zuzena izan nuelako Marizulo aipatuko nuke. Gainerako obren artean, Ados teatroren “Como agua para chocolate” antzezlana magikoa iruditu zitzaidan. Liburu hori taula gainera eramatea oso zaila zen. Sukaldean aritzen ziren, eta usain hori ikuslegoarengana iristea lortzen zuten. Magikoa izan zen.

Asko dira, abian jarri diren 300 ekoizpenen artetik.

Etorkizunean nondik nora jo beharko luke Sarobek?

Inertzia batzuk badaude, baina aldatu behar dira. Ikastaroekin loraldi modukoa izan zen, baina ikastaro gehienak kiroldegi berrian eskainiko dira. Hori da, gainera, toki aproposena.

Saroben eskaeren arabera lanean jarraitzen dugu. Antzerkian sakondu nahi genuen, dantzari heldu ere. Bi kasu horietan oinarri sendoak jarri ditugu. Antzerkian, gainera, eskola martxan jartzea lortu dugu. Etorkizunera begira, funtzionatzen duten eta urnietarren harrera jasotzen duten proiektuekin aurrera jarraituko dugu. Zaharkitutak geratzen direnei begirada berria ematen saiatuko gara.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!