Kanpoan euria eta txingorra errukirik gabe, giro hotz eta umela, benetan iluna, sagardotegian babesteko ezin aproposagoa, eta deialdiari erantzunez 50 lagunetik gora hartu zuten parte afarian eta epaile lanetan. Gehienak gizonezkoak. Beste hainbat txapelketetan ohikoa den moduan, honetan ere, afaltzera bertaratzen direnak izaten dira epaile lanetan aritzen direnak.
Hamaika sagardogileen uzta
Oianumeko txapelketara bertaratutakoak, Astigarraga, Hernani, Urnieta, Aduna eta Tolosako hamaika sagardotegietako sagardoa dastatu eta epaitu zuten, arrain, zein haragiz ondo hornitutako afarian zehar. Aipatzekoa da, bertaratzen diren gehienak benetako sagardozaleak direla, beraz, esan dezakegu hanka sartzeko beldur handirik gabe, maila handiko epaileak direla.
Afalostean eman zen ezagutzera txapelketaren emaitza. Astigarragako Lizeaga sagardotegiak jantzi zuen txapela preziatua. Bigarren postua, Astigarragako Etxeberria sagardotegiarentzako izan zen, eta hirugarren, Hernaniko Elorrabi sagardotegia sailkatu zen.
Ohikoa den moduan, aurtengo edizioan ere nabarmentzekoa izan zen antolakuntza lan bikaina, afariari zein txapelketari dagokionean, puntuak emateko orduan ondoena ibili zena sarituz eta abar. Bejondeizuela!
Sailkapena:
1. Lizeaga 372,5 puntu.
2. Etxeberria 336,0 puntu.
3. Elorrabi 327,5 puntu.