Azken ordukoa: Hirugarren saioa eskainiko dute

Ikuskizun berria, Urnietatik Urnietara

Xabier Lasa 2019ko aza. 27a, 07:53

Urnietari eta urnietarrei buruzko ikuspegi estetikoa eta majikoa uztartu nahi ditu 'Soinuen Begiradak' ikuskizunak. Sortu den ikusmina ikusita, hiru emanaldi eskainiko dituzte Saroben, datorren azaroaren 30ean. Familientzat pasea 16:00tara aurreratu dute. 18:00tarako sarrerak asteazkenean salgai jarriko dituzte eta 19:30erako sarreak dagoeneko agortuta daude.

Txanbolin txistulari bandak, Anabas musika taldeak eta Egape dantza taldeak antolatu dute ikuskizuna, herriko hainbat kultur eragileekin batera.

'Soinuen Begiradak'-en lehen hazia noiz erein zen jakite aldera, Antton Jauregi, Mikel Agirregomezkorta eta Xabier Ubillosengana jo behar da derrigor. Jauregik azaldu du ikuskizunaren jatorria. “Orain hiru bat urte bildu ginen; gure gogo handiena aurreko urtetan antzerkigintzarekin ireki zen bidearen arrastotik jarraitu nahia zen. Atzera joanda, Marizulo,Urnieta´59 edo 1936 ikuskizun haietan Urnietaren historia kontatzea izan zen asmoa. Gure aldetik, pauso bat harago eman nahi genuen. Urnietak dauzkan zenbait altxor, aintzinako elementu eta tokiekin (Aierdi edo Berrasoeta baserriak, Munisko Gaina, Eteneta, Buruntza, Marizulo...) jolastu nahi genuen, horiekin kontakizun estetiko eta majiko bat azaleratuz. Izan ere, horietako asko nahiko ezezagun egiten zaizkio urnietar ugariri”.

Bultzatzaileak Urnietako unibertso paisajistikoa osatzen duten makina bat pieza enblematiko joan ziren bereganatzen, azkenean ordu beteko iraupeneko emanaldia definitzeko. Osagai guztiak nola eszenaratu pentsatzen hasita, eguzkiarekin gogoratu ziren; hots, eguzkia izatea gidari, osagaiak logika eszeniko baten arabera funtziona dezaten. Era horretan, eguzkia agertzen denetik sartzen den bitarte egiten duen ibilbideari jarraituko dio hariak.

Jon Unanue izan du gidoilari ikuskizunak; Mikel Agirregomezkorta antzerkigileak, berriz, jostun lanak egin ditu muntaia guztian, ikuskizuna osatzen duten elementu guztiak jendaurrean orden batekin aurkez daitezen. Antzerkilaririk gabeko ikuskizuna da 'Soinuen Begiradak', eta offen entzungo den ahotsak kontalari gisa jardungo du. Aner Unanuek irudiaren arloa hartu du bere gain; dron baten hegaldiaz baliatuta Urnietako hainbat paraje eta txokoren irudiak jaso ditu.

Zenbait sortzaileekin keinuka

Ikuskizunean zehar Urnietako leku eta elementuek protagonismo nagusia hartzen badute ere, argitan jarri nahi dira urnietar askorentzat nahiko ezkutuan jarraitzen duten herriko zenbait kulturgile; horien artean legoke, esate batera, Iñaki Alkain bertsolaria. Bestalde, iraganeko beste zenbait idazle eta sortzaileei ere keinu txikiak egingo zaizkie ikuskizunean zehar: Xabier Lete, Lourdes Iriondo, Joxean Artze, Mario Benedetti, Ernani Txiki... Hernaniko bertsolari hori bereziki hartuko da gogoan, berak 1975ean Adarrako ardi bordari eskaini zion bertso sortaren eskutik.

Auzolana

Urnietan, urnietarrek urnietarrentzat egingo duten kultur sorkuntza honetarako, auzolanaren filosofiari heldu diote, Jauregik zehaztu duenez: “Herriko kultur eragileak zirikatzea eta elkarlanean jartzea nahi izan dugu, eta hein batean, lortu dugula esango genuke. Izan ere, sortzaile ugari dago Urnietan nor bere arloan dabilena, eta egitasmo erakargarri batez ukituz gero, agudo animatzen dira beren ekarpenak egiteko. Ahots ederra daukan Ana Pozas izan daiteke horietako bat. Bestalde, Kristina Solano eta Xabier Leturiak bat egin dute emankizunarekin”.

Ubillosek gaineratu duenez, “azken batean hazia jartzea da kontua, bidea irekitzea, gero etor daitezen gazteak atzetik euren irudimena eta sormena lantzera eta erakustera. Urnietan bada gazte jendea musikaria, baina gero gutxi agertzen da jendaurrean. Horiek ere gustura asko promozionatu nahi genituzke”.

Abesti sortaren estreinaldia

Sorkuntza etengabekoa izan da ikuskizunaren lanketa prozesuan, eta horren isla da okasiorako sortu duten kantutegia, ez nolanahikoa, bederatzi kantuez osatutakoa baizik: Eteneta, Muniskue, Sanson, Aierdi, Herria-Mari, Nire herria, Idiazabal Zaldundegi, Berrasoeta eta Buruntza dira abesti horiek. “Bilakaera bultzatu dugu musikaren arloan. Urnietan iraganean eszenaratutako ikuskizunetan aurretik eginda zeuden kantak hautatzera eta horien bertsioak egitera mugatu ginen. Oraingoan, ordea, geuk sortzea deliberatu dugu”, Ubillosen hitzetan.

Jon Garmendia Txuria da abesti askoren hitzen egilea. Jauregiren ustez kazetari horixe izango da Urnietako ikusleek deskubrituko duten egileetako bat: “180 abestien letrak sortu ditu mutilak Berri Txarrak, Xabi Solano eta beste musikagileentzat, baina oso jende gutxik ezagutzen du bere sortzailearen fazeta hori”.

Dantza berriak eszenatokira

Dantzagintzan egundoko maila dago Urnietan, eta bultzatzaileek pribilegio horrekin jokatu dute emankizunari ikusgarritasun estetikoa itsasteko. Aktorerik gabeko ikuskizuna da 'Soinuen Begiradak', eta denbora osoan zehar dantzariek eta euren gorputzen espresiotik irteten diren dantza saio desberdinek beteko dute taulagaina.

Hain zuzen, Egape dantza taldeko dantzariak dabiltza entseguetan buru belarri, Edu Murumendiarazen esanetara. Zuzendaritza ez ezik, abesti sortu berriei dantzaz jazteko ardura hartu du Murumendiarazek. “Orain urtebete aipatu zigun Antton Jauregik nola zebilkiten ideia burutan. Agindu zigutenez eurek sortuko zituzten abestiak Urnietako leku bereziekin zerikusia izango zutenak, eta galdetzen ziguten ea prest geundekeen koreografia eransteko. Egitasmoa erakargarria egin zitzaigun hasiera-hasieratik, eta gure ekarpena egin nahian murgildu izan gara azken hilabeteetan. Ez da langintza erraza izan, kontuan hartu behar baitugu doinu bakoitzaren atzean Urnietako gai eta toki jakinak daudela; horrexegatik, dokumentazio lana egin behar izan dugu asko, doinu eta historia bakoitzari dantza erritmo bat diseinatuz. Era horretan, hamaika dantza saio sortu ditugu, ikuskizunean txertatzeko eta bata bestearen atzetik erakusteko. Hamazazpi dantzari taularatuko dira horiek denak interpretatzeko Ez dakit koreografiarekin asmatu dugun ala ez, baina ikusleen gogokoa izatea espero dut”.

Segidarik gabeko ikuskizuna

Hainbat partaideen ahalegin itzelari esker, jendaurrean bi txandatan taularatu ostean, hortxe bukatuko da 'Soinuen Begiradak' ikuskizunaren abentura. Eta mingarria egiten zaie pitin bat errealitate hori, bultzatzaileei. Gauzak ondo egin izanaren sentimenduarekin batera, ezin baitute ezkutatu frustrazio txikiren bat ere geratuko zaiela. “Maiz hitz egin izan dugu inguruko herriek beharko luketela sinatu hitzarmenen bat elkarrekin. Herriren batean bertako nortasuna islatzen duen dimentsio handiko sormen-lan bat ekoizten den aldiro, beste herriei eskaintzeko aukera egon dadin. Aspaldiko aldarrikapena da hori, iruditzen zaigulako lagungarria izan daitekeela Lasarte, Andoain Hernani edo Urnieta bezalako herrietako herritarren artean harremanak sendotzeko. Baina ez dirudi erabakiak hartzeko gaitasuna daukatenek horren inguruan kontzientzia hartu dutenik”.

Atsekabeak atsekabe, 'Soinuen Begiradak' ikuskizunak Urnietako herriari kultur ondare aberatsa utziko dio etorkizunean, Jauregik gogoratu duen bezala. “Musika, dantza eta irudia, hiru esparru horietan sorkuntzak eman ditu bere fruituak, Urnietako jendeak hartu du protagonismoa prozesu horretan, eta hori betirako geratuko da”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!