Urnieta Artola Harategiaren hirugarren garaipenaren ostean, larunbateko partidari begira

Aiurri 2019ko aza. 21a, 16:39

Julen Lizeaga Urnietako Eskubaloi Taldeko jokalaria

Urnietako lehen taldeak denboraldiko hirugarren garaipena eskuratu du, zailtasunez beterik dagoen Euskadiko ligan. Arabako Gure Auzunea taldea garaitu zuten (30-26), kostata ere. Sei punturekin, jaitsiera saihesteko borroka bizian daude

Senior mailako gizonezkoak atsedenaldira abantailarekin iritsi baziren ere, partida amaitu arte gogotik lan egin behar izan zuten. Aurkariak ez baitzuen gol average-a zailtzea nahi.

Datorren partidari begira, senior mailako gizonezkoek Muskitzera bidaiatuko dute laugarren garaipena lortzeko asmoarekin. Larunbatean jokatuko dute arratsaldeko 18:15etan. Aurkari zuzena da Bizkaiko taldea, mailari eutsi nahi diotelako eta bi puntuko aldea soilik dagoelako bi taldeen artean.

Senior mailako neskak, berriz, Egia taldearekin batera, lidergotzari eusten diote. Ez dute partidarik galdu, maila bikaina erakutsiz. Elgoibar taldea (22-20) azken unean gainditu zuten.

Emakumezkoen senior taldeak ere larunbatean jokatuko du Eibarko Pulpo taldearen aurka, arratsaldeko 16:00etan. Urnietarrek bost partida irabazi dituzte jarraian, eta, beraz, motibazio handiarekin ekingo diote hurrengo partidari. Hala ere, eibartarrak indartsuak dira etxean; gainera, ikusleen berotasuna izango dute bidelagun.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!