Euskararen biziraupena ardatz duen antzezlana

Aiurri 2019ko aza. 30a, 12:00

"Ghero: Azken euskalduna" antzezlana Euskaltzaindia eta Tartean teatroren arteko elkarlanetik sortu da, Akademiaren mendeurrenaren harira. Igande honetan Saroben ikusteko aukera izango da, iluntzeko 19:00etan hasita.

Iazko udazkenean egin zuten estreinaldia, eta geroztik Euskal Herrian barrena aurkezten aritu dira. Igande honetan Tartean konpainiaren Urnietara iritsiko da. Antzezlana euskararen nazioarteko egunaren atarian programatu dute, Saroberen hogeitabosgarren urteurrenarekin bat eginez.

Sinopsian honakoa irakur daiteke: "3000 urtea. Euskara desagertzeko zorian dago. Azken euskaldunak izkin egin nahi dio halabeharrari. Benetako misterioa ez da gure hizkuntzaren jatorria, ezbada bere biziraupen harrigarria. 3000 urtean euskara egongo al da?". 

Ghero, euskararen biziraupen harrigarriari buruzko antzezlan modura definitu dute. Bederatzi pasarte ezberdinez osatua, antzezlan emozionantea, originala, dibertigarria, harrigarria eta estetikoki ausarta da.

Patxo Telleriak idatzia, Jokin Oregik beregain hartu du zuzendaritza lana. Oholtza gainean Mikel Martinez, Patxo Telleria, Olatz Ganboa, Iñaki Maruri eta Ane Pikaza aktore ezagunak arituko dira. Eskenografiaren diseinua Ana Garayk egin du eta Musikaren egilea Iñaki Salvador da.

Telleria antzezlana idatzi duen aktoreak bere blogean lagun batek bidalitako hausnarketa argitaratu zuen, Bilboko Arriagan emanaldia eskaini ostean. Imanol Alvarez da egilea, eta hausnarketaren amaierak honela dio: "Ikasleek ez ezik, euskaldun guztiek ikusi beharko lukete Ghero antezlana, gure historiaz zertxobait jakiteko beharbada, baina batez ere euskara gordetzearen eta gehienbat erabiltzearen garrantziaz jabe daitezen. Egia esan, desiragarria izango litzateke erdaldunek ere ikustea, baina zaila dugu, operan bezala gaintituluak erabiltzen ez badira behintzat. Izan ere, lan hau itzulezina da-eta".

 
 
 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!