Jon Garmendia, deserrian baina etxean

Andoni Urbistondo 2019ko aza. 29a, 14:07

Jon Garmendia Martinez Etzakit eta Esne Beltza taldeetako kantuen idazle, poeta, kazetari, sukaldari…, sortzaile petoa da Donibane-Lohizunen bizi den urnietarra. Deserrian, baina etxean

Kaia jatetxeak ematen dizkio buruko minak egun. Baina baita Durangoko Azokarako prestatu beharreko abestiek ere. Urnietan larunbatean eskainiko duten antzerki emanaldian ere bere alea jarri du, gustura gainera, herritarrak berarekin oroitu direlako. Egoera politikoak baldintzatutako bizitza izan da berea, baina lagunak, etxekoak bisitan joaten zaizkionean, herria eta deserriaren arteko distantzia desagertu egiten da erabat.

Zer, zein da da Jon Garmendia?

47 urteko urnietarra naiz, izatez Izarre baserrikoa. Egape ikastolara oinez joaten gineneko garaia, trenbidea pasata gogoratzen ditut, askotan itzultzen baitzait gogoa haurtzarora, babes bila banenbil nezala. Etiketak jarri zaleak gara norbait nor den jakiteko eta normalean bere jatorria baliatzen dugu. Victor Hugo poeta, idazlea dut maite, Frantziak eman duen idazle onena niretzat. Haren esan hau gustukoa dut: alda itzazu iritziak, baina ez printzipioak, alda itzazu hostoak, baina inoiz ez sustraiak. Hernanin ere urte mordo bat egin nuen gazte garaian, eta azken urtetan Donibane Lohizunen bizi naiz, Lapurdin, pixkanaka sortu den familiarekin.

Sortzailetzat jo duzu zure burua. Diziplina ezberdinetan. 180 abestiren egile zara. Datu ikaragarria da.

180 abesti 25 urtetan, hainbeste ez dira, ezta? Ez naiz abestien kopuruarekin jabetzen, garrantzitsuena jendearengana iritsi ote naizen jakitea da. Etzakit taldearekin hasi nintzen Xabi Solanorekin lankidetzan eta gaur arte berarekin egin dut bidea. Euskaraz idatzi dut gehienbat, baina baita gazteleraz edo frantsesez ere… Hasiera hartan bertsoetan-eta ibiltzen nintzen, baina azkar jabetu nintzen musikak arreta berezia sortzen zuela nigan. Ikastolan irakatsi zidaten musika maitatzen. Lourdes Iriondo ardatz bat izan zen, Antton Jauregi ere bai, eta Justo Egaña ere. Ikastolako oroitzapenetan murgildu naiz ez aspaldi, ikastolako Antton Jauregi irakasleak eta Koldo Tapiak abesti bateko hitzak egiteko eskatu baitzidaten, antzerki obra batentzat. Ilusioa egin zidan, hangoa naizela oroitzen baitira zenbait herritar.

Nola hasten da pertsona bat abestietako letrak idazten?

Disko oso bateko abestiak idaztea obra bat sortzea da. Abestiak idaztea liburu bat idaztea bezala al da? Literatura al da? Nik argi dut baietz, komunikatzeko modu bat dela, zerbait sortzen da besteengan zerbait pizteko. Uste dut abesti labur batzuk liburu batzuk baino eraginkorragoak izan direla bestalde, agian liburu horren esaldi bat gogorarazteko eskatzen badiozu norbaiti igual ez du bat botako. Aldiz, abesti bateko esaldi bat berea balitz bezala kantatuko du emozio betean. Artista ezagun askok kantatu dituzte ene hitzak eta horrek poz eman dit. Xabier Solanorentzat aritu izan naiz nagusiki, baina hor daude Fermin Muguruza, Berri Txarrak, Alaitz eta Maider, Iker Lauroba, Patxuko Nice, Sen… Non inspiratzen naizen? Eguneroko bizimoduan, noski. Bizipenen baitan hitz batzuk idazten hasten zara, inguruari begiratuz eta gertatzen ari denari, eta horrela ohartzen zara abestietako hitzak eraiki dituzula oharkabean.

Askatasuna izan duzu, hitzak osatzerakoan?

Bai, normalean bai. Nik niretzat idatzi dut, niri kezkatzen nauten gai sozialak erabiliz batez ere, gero ohartu naiz kantu asko bereak egin dituela jendeak. Hor jakin dut hitz horiek ez zirela gehiago nireak, baizik haienak.

Oraino liburu bat zergatik ez duzun idatzi ere galdetuko dizute…

Bai. Erantzun sinplea du. Momentuz musikan bidea egitea lehenetsi dut. Etapa hori ixten bada, hasiko naiz agian. Eskatu dizkidate gauzak, eta nahi nuke, idatzi ditudan poema horiek argia ikustea noizbait. Lagun minek irakurri dituzte, errezitaldiak ere egin ditut poema horiekin, ipuin kontaketak ere bai, baina esan dizudan bezala ikusiko da etorkizunean.

Kazetari ere bazara.

Bai, Ipar Euskal Herrian astekari bat gidatu nuen hiru urtez, kazetari gisa artikulu dezente argitaratu ditut, eta egun Gara egunkarian ere zutabe bat idazten dut astelehenero. Kazetari jardunean aritua naiz, baina literaturari buruz idazten dut batez ere. Egia esan nahiago dut kulturaren arloan libreki idazteko hautua, kazetari batek egunero egiten duen zehaztasun eta zorroztasun lan eskerga baino.

Sormenak, sortu beharrak nekatzen du?

Nekatu baino gehiago hustu egiten zaitu, baina sortzea beharrezkoa da, gure sentimenduak azaltzeko. Ideien kontrabandista sentitzen naiz. Ez lapurtu, elkartrukatu baizik. Orduan eta gehiago irakurri, hobeto idazten dugula esango nuke, beraz aberastasuna dakar gauza bat baino gehiago egiteak. Bestalde, sortzea ez da karga bat, hostoak etengabe berritzeko modu gisa ulertzen dut nik, osatzeko modu bat bezala.

Bizitzak tratu handia emandakoa zara, izan istripuengatik, zure ideia politikoengatik. Deserriaz zer pentsatzen duzu?

Niri buruz galdetzen didazu, eta deserria ez naiz ni bakarrik. Jende asko dago, deserria jasan duena. Zer da nire deserria? Askok esaten didate, “behintzat etxetik gertu bizi zara”, bai, baina ezin dut joan. Bizitzako gauza gogorrenetakoa da nahi duzuna egiteko aukerarik ez izatea. Hori onartzea. Hor dago Urnieta, baina ezin dut joan. Distantzia ez da kilometroetan neurtzen niretzat, denboran baizik. Zenbat urte pasako ditudan nire baserrira bueltatzen, hori da distantzia. Auto istripuarena oso gogorra izan zen, zoritxarra onartzea, hari buelta ematea, ziklo ilun bat lehenik, eta argia gero. Bizitza arrosa kolorez imaginatzen dugu, eta beti ona nahi dugu, baina txarra ere badago, eta txar hori askori gertatzen zaie. Istripua eduki nuenetik adibidez, badakit ezingo dudala berriro mendi batera igo, eta hori onartzeak lanak ematen ditu. Deserriarekin berdin. Ikasi egin behar da. Bizitza tximista da, etortzen gara, berehala joateko, eta zoriontsu egiten zaituzten gauzak bilatu behar dituzu. Donibanen xakean jokatzen dut, erakutsi ere egiten diet haurrei, eta une horiek gozagarri zaizkit, bizitza hor dago. Urtetan sortu dudan familia eta lagunartean. Eta bide batez buruko mina ematen dizutenak ahaztu, edo bigarren maila batean utzi, motxila astuna beti gainean badaramagu ere. Bakarrik sentitzea deserria baino mingarriagoa dela esango nuke, eta hemen ez nago bakarrik. Nor ez zegoen ere erakutsi dit, bizitzak.

Deserria politikoki hautu bat egin zenuelako etorri da. Hautu hartaz hausnarketarik egiten duzu?

Galdera zaila egiten didazu. Izango naiz galdera horri erantzuteko gai, noizbait. Baina 2019an ez. Euskal Herriaren nortasuna maite dut, eta herri hori aske nahi dut, ez beste inoren esku. Eta antzera pentsatzen segitzen dut. Ez dut ezer txarrik egin, ez dut ene burua gaizkile gisa ikusten, eta hori garrantzitsua da bidea ibiltzeko. Konbikzio batzuk nituen, ideologikoak, eta aurrera eraman ditut, argi dut horrek ekarri nauela hona. Zauriak sortu dira, bai, mina sortu da, bai, sortu egin dugu. Hori ez da inoiz ezkutatu eta aitortza ere egin da, “ni txintxoa naiz eta nire kideak ez”, hori ez dut esan ere, eta egindako kaltea onartu egin dugu ariketa kolektibo bat eginda. Baina guri egin digutena ez dut uste onartu dutenik, ez behintzat haren sortzaileek, ez eta isilik gelditu diren beste askok ere. Eta ez dut nire adibidea jarriko, Euken anaiarena baizik. Tortura basatiak jasan zituen 1993an, beste urnietar askok bezala, Gurutze Iantzi hil egin zuten tratu txarrekin, eta Urnietan horri buruz sakontasunez hitz egin da? Zerbait serioa egin da? Egunero egiten dizkiot galderak ene buruari, eta erantzunaren bila saiatzen naiz ahalmen guztiz. Zerk ekarri nau deserrira? Zer egin dut ondo, zer gaizki? Merezi izan du?

Jendeak galdetzen du Urnietan. Frantzian libre bizi da, zergatik ez da hona etortzen?

Euskal iheslari politikoa naiz, kolektibitate baten parte. Ehunka, milaka euskaldunek ikusi dute euren etxetik martxa egiteko beharra, inork ez baitu bere desioz maite duen bizitokia uzten atzean, eta min hori ez da inoiz desagertzen. Deserrian bizitzea ez da samurra, bizi zaren administrazioaren baitan zaude, balioa duten agiri ofizialik gabe, edozein tramite txikiren aurrean zailtasunez beteta, lan bat lortzeko, medikuaren errezetak izateko, edo haurrei zure abizena emateko. Galdera ez da ni noiz itzuliko naizen, ezta nola nagoen ere, nire egoerak irtenbide kolektiboa behar du, ez nirea bakarrik. Atxilotu ninduten, estraditatua izan nintzen, kartzelara eramana, erru gabetu ninduten Espainian bere garaian, baina ondoren beste atxiloketa mehatsua izan nuen. Askotan esan izan dut, Espainia bazka behar duen pizti bat da, ez du inoiz amore ematen. Nahi duena egiten du nahi duenaren kontra. Oso herri kolonialista da, zanpatu egin ditu herriak. Kolonia guztietatik bota egin zutelako joan zen, ez euren kabuz. Frantzian libre bizi naiz, kakotx artean, baina beste kide asko ez, atxiloketa, estradizio eta deportazioak erabili egin ditu bere interesen baitan. Euren eskuetan zauden abere bat zara, ez gizaki bat.

Izarre baserrira bueltatzeko esperantzarik baduzu?

(Segundo luze batzuetako isilunea). Izarre han dago, eta ni hemen. Nola esaten zaio ama bati bazoazela? nire ama eta aita han daude, eta ni hemen. Esan bezala, distantzia ez da kilometroetan neurtzen. Maite dudana han dago, maite dudana ere badago hemen. Deserria nire etxekoentzat ere mingarria izan baita. Behin Euken anaiak esan zidan: “Bai, hi deserrian, eta gu zer?” Eta arrazoi du. Ama topoan etortzen da Hendaiaraino, ia 80 urterekin, aita gero eta makalduago ikusten dut urruntasun honetan, anaiak beti izan ditut laguntzen, eta hori zorte handia da. Ikusten naiz bueltatzen, baina ez nau sobera ernegatzen. Dena ez da hara joatea. Ez darabilkit galdera hori etengabe nire buruan. Hara joaten banaiz igual hemengoa ahaztu beharko nuke. Nahi dut hori? Ez. Hein batean beldurra sortzen dit hara bueltatzeak? hori ere bai, noski. Kontua da erabaki hori hartzeko libre izatea.

Egungo egituraketa politikoarekin zu eta zu bezalako deserriratuen buelta ezinezkoa dela ulertzen dut.

Baina nora itzultzen da joan ez dena? Balio du ni itzultzeak eta ni bezala daudenak ez? Hor korapilo handi-handia dago, eta askatzen saiatu behar gara. Askotan pentsatzen dut berriro Urnietara bueltatzea berriro ihes egitea izango litzatekeela.

Azken aldian sukaldari lanetan murgilduta ikusi zaitugu. Nolatan?

Gustuko dut sukaldea. Baserrian bi anaia zaharrenak behiekin ibiltzen ziren, larrean, eta ni amarekin, amonarekin eta izeba-amonarekin, sukaldean. Lau mutil ginen eta orduan lan batzuk neskek egin behar zituztela esaten zen baina… tira, lana ez da generoaren arabera, beharra eta nahiarenera baizik, niri etxeko lanak egitea egokitu zitzaidan eta gustura. Sagardotegia izan zen Izarre, eta zaporeak, usainak… asko ikasi nuen gaztetan etxeko sukaldean. Uste dut nahiko trebea izan naizela betidanik, baina ez dut eskola egin, autodidakta izan naiz. Izan ditut sukaldari onak irakasle halere, Fronton tabernako Roberto Ruiz, Berasategiren laguntzaile izandakoa, adibidez. Marizuloko garaiak ere ezin ahaztu. Musikarekin bezala, gustatzen zait jendeak nik sukaldean egindako elikagaiekin gozatzea.

Bi urte dira, dagoeneko, Kaia jatetxean murgildu zinela, Donibane Lohizuneko Tourasse karrikan. Gustura?

Bai, oso. Errekonozimendu bat lortu dugu, eta gauero bete egiten dugu jatetxea. Herrian ez dagoen gauza eskaintzen dugu. Donibanen turismo udatiarrari begira bizi dira jatetxe gehienak, orduan jendea trumilka etortzen baita Lapurdiko kostaldera. Gu hemen bizi gara, eta urte osoan eskaintzen dugu janaria. Sasoiaren araberako janari freskoa, bertakoa. Ez daukagu, ez izozkailurik, ezta mikrouhinik ere. Eta bertako elikagaiak erabiltzen dugu, Ipar edo Hego Euskal Herrikoak izan: laborariak, Donibaneko arrantzaleak… Ardo etxe txikiek hornitzen gaituzte, ogia Hernaniko Sulabe okindegikoa dugu anaia Mikel okina baita eta horrekin zorte handi izan dut.

Pintxo lehiaketetan parte hartzen ere hasi zara…

Bai, eta hasi naiz, eta tarteka non demontre sartu ote naizen galdetzen diot nire buruari. Ze lehiaketa horietan Michelin izarrak dituzten sukaldariak daude, eta ni haien artean, pentsa… Kontent geratu nintzen, laugarren postuan sailkatu ginelako, finalerako sailkatu ziren 14ren artean. Finaletik kanpo geratu zirenak ere gutxi ez. Pintxo bat sortu genuen, irin biologikoarekin egiten den ogia erabiliz, kraskaria, bakailaoa konfitatzen dugu denbora luzez, tenperatura baxuan, piperrak, olioa eta baratxuriarekin nahasi, sagardotegietan egiten zen bezala. Bakailaoarekin jokatu nahi nuen, Euskal Herriko produktu klasikoa delako. Txipiroi tinta bat, Ezpeletako piperrarekin sare antzeko bat eginez, bueno, jateko goxoa den zerbait. Donibanen laugarren geratuta, Euskal Herriko Pintxo txapelketara aurkeztu ginen, eta han izan zen Kaian daukagun sukaldari panamarra, Michaell Ramirez. Euskal sukaldaritza ikasi du, eta oso ona da. Finalerdietara sailkatu zen, eta Euskal Herriko 25 pintxo onenen artean sailkatu zen gurea. Liburu batean argitaratuko dute.

Zein izango litzateke zure ametsa sukaldari gisa?

Luzera begira ez dut ikusten nire burua sukalde batean ordu asko ematen, egia esan. Beharbada baserrian egingo dut zerbait egun batean, nork daki? Halere, larre zabalekoa naiz, eta proiektuak sortzea dut gustuko. Kaian jatetxean baino lehenago Ziburun Maitenia eta Atalaia ekimenak sortu genituen, euskara sustatzeko txoko moduan, eta lan talde baten barnean. Euskaraz, euskal sukaldaritza dastatu nahi zuenari aukera eman. Euskararen alde lan handia egiten duen jende asko dago hemen, Seaska, euskaltegiak, baina euskara gutxiengoa da, eta ez da hizkuntza ofizial bat. Lapurdiko kostan oso eskasa da erabilpena.

Azkena, nola ikusten duzu Euskal Herriaren etorkizun politikoa?

Gero edo jendarte indibidualistagoa garela sumatzen dut. Denok nahi dugu hobeto bizi, zertarako dauzkagun ere ez dakigun gauzak pilatuz bizi gara, oporrak nahi ditugu, autoak, ordenagailu eta telefonoak, kontsumoaren erdian bizi gara, gure egoa elikatuz, gure zilborrari begira… Galdera kolektiboak ere berriro formulatu behar dira. Adibidez, Independentziaren beharra dugu jendarte gisa? Baiezkoa bada, joango gara bila. Gure jendartea oso burgesa da. Ezkerreko ideiak ditugu, baina egunerokoan oso kontserbadoreak gara… Merezi dugu independentzia? Behar dugu? Baina balore egokiekin, ezta? Nik partekatzen ez ditudan balore eskuindarretan oinarritutako nazio bat ez nuke nahi.

 

Xabier Leteren gutuna

Xabier Leterekin asko akordatzen naiz, maitagarri izateaz gain enetzat poeta handienetako bat delako. Amak harreman estua zuen harekin eta Lourdesekin, eta nik harreman epistolarra izan nuen etxetik joan eta gero Leterekin. Toulouseko kartzelan nengoela idatzi zidan, baina gutuna berriz itzuli zioten etxera, helbidea ez zuela ongi jarri-eta.

Lourdes hil zenean animozko hitz labur batzuk igorri nizkion eta eskerrak emanaz erantzun zidan, ondo gordea dut gutun hori, bai apalategian liburu artean eta baita bihotzean ere, esaldi magikoak baitaude bertan, “Jarrerei eta ekimenei buruz gure iritzia eduki genezake, baina gero pertsona bakoitza dago, bakoitza bere gauean, eta horri uste dut errukiz eta gizatasunez begiratu behar zaiola”, adibidez. Lourdesi buruz nola hitz egiten zuen ere hunkigarri zait, bikotea, bizitza. Nire irakaslea izan zen hura, eta antzerkirako eta musikarentzako maitasuna piztu zidan berak.

Azkenik bada Xabierren esaldi bat oroitu aldiko hunkidura dakarkidana “Ez dakit espetxe batean gauza on askorik badagoen ala ez, baina nik zuri hoberena opa dizut”.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!