Legegintzaldi plana martxan jarri dute

Jon Ander Ubeda 2019ko abe. 5a, 12:00

EAJ-PNV alde agertu zen, EH Bildu abstenitu egin zen eta PSE-EE aurka agertu zen.

Joan zen asteko plenoan, Urnietako Udalak “2019-2023 Legegintzaldi plana”ri onespena eman zion. Alkatearen ahotan, “datozen lau urteetako jarduera politikoa planifikatzen duen” dokumentua da.

“Dokumentu honek datozen lau urteetarako markoa ezartzen digu, udaletxearen kudeaketa mailan. Gauza batzuetan jarraikortasunaren aldeko apustua egin dugu, izan ere, lau urtero oso desberdinak diren dokumentuak aurkeztea ez da egokiena, jarraikortasun eta logika bat eman behar zaie proiektuei", erantsi zuen. Mikel Pagola agintean dagoenetik, lan egiteko modu bera ezarri da. Urnietar askori ezaguna zaionez, Udal jarduera Herritargoa, Lurraldea eta Antolakuntza sailetan banatuta dago. Oraingoan helburu estrategikoak zehaztu dituzte, eta ondoren urtez urte helburu horiei erantzuteko ekintza planak garatuko dituzte.

Herritargoan, hauexek nabarmendu daitezke: "Aukera berdintasuna bermatzeko neurriak sustatu", "elkarte dinamikak sustatu" edota "garapen eta sustapen sozioekonomikoa".

Antolakuntzan, besteak beste, honakoak: "Herritarren tramiteak erraztu eta arindu", "Udalaren eta herritarren arteko komunikazioa indartu", "herritarren parte hartzea bultzatu" edota "etika eta gardentasuna eredu izan". Lurraldean, bestalde, honakoak: "Jasangarritasuna sustatu: birziklapena, ingurumena" edota "landa eremua bultzatu bizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko".

Legegintzaldi planaren proposamena EAJ-PNVren aldeko botoekin onartu zen. PSE-EE aurka agertu zen, eta EH Bildu abstenitu egin zen.

Bozeramaileen argudio nagusiak

Herme Gonzalez, PSE-EE

”Sozialistok herri osorako plan bat badugu. Aurreko agintaldietatik hona Urnieta geratuta dago, eta etxebizitza falta izan da gure gazteei eragindako kalterik handiena. Gazteak gure herritik joan egin behar izan dute, gobernuan daudenek ez dietelako herrian bertan etorkizun bat eskaini. Arazo horren ondorioz jaiotze tasa jaitsi egin da, tokiko merkataritza egoera zailean dago, gure adinekoak zerbitzuen premian dira... Gauzak beste modura egin daitezke, eta noski askoz hobeto. Kontziente gara zein den gure tokia, baina horrek ez digu Urnieta defendatzeko aukera kenduko”.

Ainara de Miguel, EH Bildu

”Aurkeztu den egitasmoa oso orokorra da. Gure sentsazioa da konkreziorik nahi ez duen eta ekintza konkreturik adierazi nahi ez duenaren plana dela. Aurkeztutako dokumentu hori bakarrik edukita, edonork baiezkoa emateko plana da. Egun hauetan beste hausnarketa mota bat etorri zaigu. Atzera begira ikusten dugu aginduak bete gabe geratzen direla, esanak ez dira aurrera eramaten, herri eskola 'erortzen' ari da, gazteak herritik joaten ari dira. Promesa eta izenburu potoloen gainetik jorratu gabe geratzen ari zaizkigu feminismoa, berdintasun teknikaria...

Mikel Pagola, EAJ-PNV

”PSE-EEri gogorarazi nahi diogu aurkeztu duguna helburu estrategikoen aurkezpena dela gaurkoa. Ekintza zehatzak urteko ekintza planean agertuko dira. Egia da etxebizitza asko ez direla egin, baina etxebizitzak salgai badaude eta bigarren eskuko etxebizitzak erosteko aukera izan dute. Egun, bigarren eskuko 70-80 etxebizitza salgai daude. Berrien zain egoteko eskubidea dute, eta ahalik eta azkarren egiten saiatuko gara. PSE-EEren proposamen zehatzetan ikusi beharko litzateke gastua nola orekatzen den. EH Bilduri adierazi nahi diogu urtez urteko ekintza planetan zalantzan jartzen duten sinesgarritasuna berreskuratzeko aukera egongo dela”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!