Asier Nieblaren kasua epaitegietan bere bidea egiten ari da. Gaur gaurkoz ez da epaiketa gertu ikusten, eta bitarte horretan erasotzailea espetxean dago. Familiak justizia eskatuko du, indarkeria matxistaren argudioa oso tinko defendatuz. Are gehiago, legea berrikusi eta Asier biktimatzat hartzea eskatzen ari dira. Bien bitartean, Urnietan familiak babes handia jaso du bizilagunen eta Udalaren aldetik. Datorren abenduaren 19an "Puertas" erakusketa zabalduko dute, Dimension agentziaren bitartez gauzatu dena. Estatu mailan ikusgai izan eta gero, egitasmoa Urnietan amaituko da. Asier Nieblaren herrian. Justizia epaitegietan bere bidea egiten ari den bitartean, artearen bitartez aldarrikapen berdina egiten ari dira. Justizia eskatzea.
Abenduaren 19an irekiera ekitaldea
Indarkeria matxista ikustarazteko eta arazo larri horren gainean hausnartzeko Dimension agentziak proiektu artistikoa landu zuen, biktima bakoitzeko artelan bana eginez. Espainian ofizialtzat hartzen diren 47 biktimaz harago joan eta 48. biktimari dagokion artelana Asier Niebla urnietarrari eskaini diote, hura ere indarkeria matxistaren biktima dela aitortuz. Sandra Garayoa izan da Nieblaren omenezko atearen egilea. Erakusketa Euskal Herrian eta Espainian ikusgai egon eta gero, Urnietara iristear da. Egun hauetan Zaragozan ikusgai dago, eta abenduaren 19tik urtarrilaren 7ra bitarte Lekaion. Erakusketaren irekiera ekitaldia abenduaren 19rako iragarrita dago, iluntzeko 19:00tan hasita. Erakusketa sustatu duten eragileak bertan izango dira.