Elkarbizitza dantzaren bidez

Jon Ander Ubeda 2019ko abe. 13a, 10:08
Wilfried van Poppel eta Amaya Lubeigt dantzari eta koreografoen esanetara lanean ari dira, aste osoan zehar, kiroldegiko instalakuntzatan.

Egape ikastolako eta Magale ikastetxeko DBH 3.mailako ikasleek aste osoa daramate "Etxean, bai goxo etxean” ikuskizuna prestatzen. Serio ari dira lanean, Wilfried van Poppel eta Amaya Lubeigt dantzari eta koreografoaren esanetara.

“Pertsonak elkarrekin dantzatzeko gai badira, elkarrekin bizitzeko gai ere badira”, horixe da egitasmo pedagogiko honen oinarrian dagoen esaldia. Dantzak gazteengan eragin positiboa duelakoan, Wilfried van Poppel eta Amaya Lubeigt dantzari eta koreografoek sustaturiko "5 Days to dance" egitasmoak ikasleen garapen pertsonala eta soziala aberastu nahi du. Ikasleek aste honetan ikasketak alde batera utzi dituzte, dantzan burubelarri murgiltzeko. Ostiral honetan, Saroberen urteurreneko ekitaldien artean, aste osoan zehar landutakoa jendaurrean eskainiko dute. Ikuskizunak "Etxean, bai goxo etxean” du izena eta errefuxiatuei, etorkinei eta muturreko arrazoiengatik alde egin eta euren etxetik urrun etxebizitza berria eraiki behar duten pertsonei eskainita dago. Sustatzaileek horrela adierazi dute: "Seguru eta maitatuta bizitzeko etxe baten parte izatearen sentimenduari dei egiten diogu, ingurune errespetatu eta partekatu batean, familian zein gizartean. Koreografia honekin nahikoa da! esan nahi dugu. Errespetuaren, maitasunaren, harmoniaren eta bizitzearen alaitasunaren alde borrokatu nahi dugu".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!