Ertzainek Besabitik gertu jarritako isun handiek eztabaida sortu dute herrian

Larunbatean zazpi autoko gidariei jarri zieten isuna. Igandean beste dozena gidariri. Denei Besabi eta Xoxoka arteko bidean, Besabi erretegitik gertuen dagoen bide bazterrean.

Aparkatzeko debekua jarri zuen Ertzaintzak, ostiral iluntzeko auto pilaketek bertako errepideko trafiko arrunta oztopatu, eta Goiburuko bizilagun batek Ertzaintzaren aurrean salaketa jarri ondoren. Ertzaintzak ingurua ikuskatu, eta errepide bazterreko bi aldeetan aparkatutako autoek trafiko normala trabatzen zutela ikusita, konoak eta zintak jarri zituen, bertan aparkatzea debekatua zegoela jakinaraziz. Kartel zenbat ere jarri zituen Ertzaintzak, bide bazterretako seinaleetan.

Ohartarazpenek, nonbait, ez zuen mendizale eta bisitarien hausnarketarik eragin, eta autoak debekatuta zegoen errepide bazterrean utzi zituzten hainbatek. Ertzaintza Besabi aldera joan zenean isunez josi zituzten hainbat auto. 20, denera, bi egunetan, gaizki aparkatuta zeuden autoak gehiago baziren ere. Isunak handiak izan dira, 200 euro autoko. 100 berehala edo egun gutxiko epean ordaintzen bada. Mendian osteratxoa egin, autora itzuli eta tamainako isuna ikusi zutenek hartutako sustoa handia izan zen, eta ondorengo haserrea, are handiagoa.

Kafetegian, igogailuan, herriko plazan, autobus geltokian… beste eztabaidarik ez zegoen astelehen goizean Urnietan. Izan ere, Besabi alboko aparkatze ez egokiak ohikoak izaten dira Adarramendi edo ingurura ehunka mendizale hurbiltzen direnean, eta orain arte salbuespena izan da Ertzaintzak isunak jartzea, zer esanik ez hain kopuru handikoak. Udaltzaingoari galdetuta, Ertzaintzaren erabakia bizilagun baten salaketak eragin zuela esan diote Aiurri aldizkariari, salaketarik ez badago normalean ez dela ezer gertatzen. Era berean, Udaltzaingoak gidariei zentzuz eta errespetuz jokatzea eskatu die, Besabi ingurura suhiltzaileek edota anbulantziaren batek joateko beharra izan, eta gaizki aparkatutako autoek oztopoa jartzen badute, arazo larriak sor daitezkeelako.

Mikel Pagola alkateak ere isunak gidariak kontzientziatzeko baliagarria izan dadila espero du: “Ertzaintzak bazter batean aparkatzea debekatuta dagoela jartzen  badu, zerbaitegatik da. Ezin da nahi dugun tokian aparkatu, ahal den tokian baizik”. Alkatea jakitun da Besabin eguraldi oneko edo elur egunetan sortzen diren arazoak saihestea zaila dela, baina neurriak hartuko dituztela iragarri du. Errepideko alde bakarrean aparkatu ahal izango da Besabi eta Xoxoka artean, eta hori argi gera dadin debeku seinaleztapena hobetuko dute hurrengo egun eta asteetan, bai zoruan bertan, baita debekua garbi ikusteko moduan adierazten duten seinaleen bitartez. Errepide zati batzuetan eskuin aldeko bazterrean aparkatu beharko dute autoek, derrigor, eta hurrengo tartean, beste bide bazterrean. Helburua? Bi aldeetan autoak ez aparkatzea, eta gora eta behera doan trafikoan oztoporik ez gertatzea. Larrialdi kasuetan arazoak saihestea lortuko litzateke modu horretan.

Bizilagunek aparkaleku gehiago egitea edo garraio publikoa jartzea zeuzkaten ahotan, baina bi neurri horiek arazoaren muina ez dutela konponduko uste du alkateak: “Besabi eta Adarramendira joan zale garen eta direnak autoz joateko ohitura dugu eta dute, eta hori nekez aldatuko da aparkaleku gehiago eginez, edo garraio publikoa jarrita. Aparkalekuaren kasuan, gainera, nork zainduko luke, beteta dagoela, edo ondo aparkatzen dela? Herri txikia gara, eta Udaltzaingoak ez du baliabiderik halako egoeretan zaintza txanda luzeak egiteko”. Alkatearen ustez, akaso Besabi erretegiko jabeek aztertu beharreko kontua da aparkaleku bat jartzeko aukera, horrek bertara auto gehiago joan daitezen lagundu baitezake.

Salbuespena urteko lehen egunean

Urnietar asko beldurtu egin dira isunekin, are gehiago etzi, urtarrilaren 1ean, Adarramendira jende asko joango dela aintzat hartuz. Ia denak autoz Besabira. Udaltzaingoak esan duenez, Ertzaintzako agenteak goizeko 6etatik aurrera trafikoa antolatzen izanen dira, bai Besabin, baita Xoxokan ere. Besabin non aparkatu esateko gidariei, eta Xoxokan, trafikoa mozteko gertu, errepide bazter bat erabat betetzen denean. Udaltzaingoa goizeko 8retan bertaratuko da Xoxokara, eta ordu horretatik aurrera ezinezkoa izango da Xoxokatik gora egitea, aparkatzeko. Bide batez, Iruraingo bidegurutzetik datorren trafikoa gorako zentzuan bakarrik erabiltzea aurreikusi dute, gorantz eta beherantz doazen autoen artean pilaketarik sor ez dadin. Beherantz datozen autoak tren geltokira daraman errepide zaharretik bideratuko dituzte, Larburuko bidetik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!