Elizako ordularia konpontzeko akordioa

Jon Ander Ubeda 2020ko urt. 9a, 14:02

San Miguel elizako kanpaidorrean dagoen ordularia, Urnietako San Juan plazan.

Urnietako Udalak eta elizak hitzarmena sinatuko dutela iragarri zuen Mikel Pagola alkateak, aurrekontua onartzeko deitu zuten ez ohiko plenoan. Elizako ordularia eta elizakoak diren espazioen erabilera kontutan hartuko dituzte, hitzarmen horretan.

Hamar milioi euroko langa gainditu du Urnietak. Eguberrien atariko ez ohiko plenoan izan zen, eta bertan Gobernu ardurak dituen EAJ-PNV alderdiak EH Bilduren baiezko botoa jaso zuen. PSE-EE aurka agertu zen.

Inbertsioen atalean, iragarpen sorta egin zuten. Denda Berri Jubilatuen etxearen eraberritze lanak, Plazido Muxika plazan irisgarritasuna bermatzeko San Juan kaletik ibilgailuentzako sarbide bat egitea, Egape ikastolako haur parkea eraberritzea, eta tarimaren aldaketa Sarobe arte eszenikoen gunean, herri bideak berritzea, LED sistemadun argiteria Txoritagain auzora hedatzea.

Berdintasun teknikaria

Alderdi abertzaleen arteko negozioazoen ondorioz, berdintasun-teknikari bat lanaldi erdiz kontratatzeko deialdia egingo da.

Igeriketa

Ikasturtean zehar Andoaingo edo Hernaniko igerilekuetan igeriketa ikastaroetan parte hartzen ari diren herritarrek dirulaguntza eskatzeko aukera izango dute. Erabaki hori ere alderdi abertzaleen arteko akordioren ondoren iritsi da.

Pleno berean, gerakinetatik beharrezko izan daitezkeen beste gastu batzuei aurre egiteko borondatea agertu zuten. Zehazki, Zaldundegiko irisgarritasuna hobetzeko eta tren-geltokiaren irisgarritasuna eta segurtasuna bermatzeko. Gerakinetatik ordainduko lirateke.

Udal aurrekontua eztabaidagai

Herme Gonzalez, PSE-EE

"Gure desadostasuna agertu nahi dugu. Ez dugu partida berririk ikusten, beraz, anbiziorik gabekoa dela deritzogu. Jarraikortasuna eman nahi zaiola dirudi. Agintaldi planarekin bat etor daitekeen aurrekontu proposamena da, eta geu plan horrekin ados ez gaudenez, aurrekontuaren aurka agertzea koherentea dela deritzogu. Bost emendakin aurkeztu genituen: Igerileku itxia eraikitzea, Errekaldeko etxabean izaera sozialeko etxebizitzak eraikitzea, arrapala mekanikoak Arantzubi kalean ezartzea, Zaldundegiko behin behinekotasunarekin amaitzeko neurriak hartzea eta Iurramendiko haur parkea estaltzea".

Ainara de Miguel, EH Bildu

"EH Bildu taldeak aurrekontuen inguruko lanketa sakona egin du. Lehen plenotik adierazi genuen gehitzeko egongo ginela. Negoziazio mahaia ireki zen eta guretzat positiboa izan da. Faltan bota eta premiazkoak ikusten genituen gaiak atera ziren negoziazio mahai horretan. Hartu-emana izan dugu gobernuarekin eta gure proposamenetan berdintasun teknikaria beharrezkoa ikusten genuen. Pozik gaude lortutako akordioarekin. Igerileku itxia iritsi bitarte, beste herrietara doazen familiei laguntzeko proposamena aurrekontuan sartu da. Bestalde, DBHko eraikinarekin oso kezkatuta gaude".

Mikel Pagola, EAJ-PNV

"Lankidetzarako jarrera eskertu nahi diogu EH Bilduri. PSE-EEk bost emendakin erregistratu zituen udaletxean. Azken bi emendakinekin ados gaude. Zaldundegikoa, ordea, gerakinetatik bideratzeko asmoa dugu. Parke estaliekin ados gaude, baina xehetasun batekin. Ez dugu guk aukeratuko, herritarrek parte hartze prozesu baten bidez aukeratuko dute. Lehen hiru emendakinetan PSE-EEk planteatzen duenarekin ikuspegi ezberdinak ditugu. Negoziazio batean lotzen gaituenaz hitz egin genezake. Hori da EH Bilduk egin duena.

Sozialistek, aldiz, aspalditik urruntzen gaituen hiru aztergai txertatu dituzte. Adostasunera iristea oso zaila da horrela".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!