Salmentaren artista

Egun on batean ehun mila kilo arrain saltzera iritsi da.

Rafi Florido urnietarrak 26 urte daramatza Merka Oiartzunen eta Pasaiako lonjan arraina saltzen; arrandegietako langileek konfiantza handia dute berarekin. Eguberrietan lanez lepo ibili da, ehun mila kilo saldutako egunak bizi izan ditu.

Rafi Florido Urnietako familia ezagun bateko kidea da. 44 urte ditu, eta azken 26 urteetan arrain saltzaile aritu da. Bereciartua arrain salmenta enpresarentzat egiten du lana, eta Merka Oiartzunen eta Pasaiako kaiko lonjan aritzen da salmentan. Gaueko ordu txikitan, normalean goizaldeko hiruretako laneko aldagelan egoten baita, jantzi, prestatu, eta lanean hasteko. Bi hamarkada eta erdi daramatza jardun berean, eta eskarmentu horrek lan zaila dirudiena erraz bilakatzen laguntzen dio.

Rafik arraina erosten du, hainbat merkatutan. Horrek arrain ezberdinen ezagupen handia eskatzen du (izen zientifiko guztiak eta arrain bakoitzaren ezaugarrien aditua da), bere bezeroen elikadura ohiturak jakitea, noiz egongo den arrain jakin bat, zein preziotan, eta jakina, komertzial on gisa, salmentaren unean nor bai eta nor ez estutu dezakeen eta zenbat. Garbi dio bere egunerokoan konfiantza dela garrantzitsuena: “Bihar, hurrengo astean, hilabetean, hemen egongo naiz arraina saltzen. Euro batzuk gora edo behera, nire armarik eraginkorrena konfiantza da. Nik ezin dut bezeroa engainatu. Esango diot egunen batean, akaso ezin diodala salneurria gehiago jaitsi, eta hurrengo egunean salmenta hobea eskainiko diodala, baina inoiz ez engainatu. Engainatuko banu, zerbait hautsiko litzateke, saltzaile-erosle harremanean, eta hori kaltegarria litzateke niretzat ziur. Engainatuko banu ez litzateke niregana etorriko berriro, arraina erostera”.

Goizeko 03:00ak aldera hasten da lanean Rafi. Autoa hartzen du Urnietan, eta Goi Mendi tabernako semaforoan geratu gabe, egurra Oiartzunera iritsi arte. Bertan dauden langileekin azken kontuak lotu, bezperan arraina erosi duen merkatuko kamioia iritsi dela konprobatu, jantziz aldatu eta Pasaiako lonjara joaten da. Lonjako salmentak bere lanaren zati txiki bat baino ez dira. Egun, salmenta handiena bulegotik egiten du, eta bezeroaren nahierara. Alegia, bezeroari biharamunean zer egon daitekeen jakinarazten die Floridok. Ehunka wattshapp mezu bidaltzen ditu. Horiek eskatzen dutenaren baitan kilo, espezie gehiago edo gutxiago erosten ditu, eta gero bezeroari saldu. “Erraza dirudi, ezta?”, dio Rafik. Urteek ematen dioten eskarmentua baliatuz, saltzaile aparta bilakatu da. Uneoro irabazien mugan jokatu behar horrek beti adi egotera behartzen du Rafi.

Nagusiak nahi beste arrain erosteko aukera ematen dio, egoki ikusten duen salneurrian. Horrek erakusten du erabateko konfiantza duela Rafi Floridorekin: “Bolumen handia denean, milaka euro asko, kontsultatzen diot, baina normalean konfiantza izaten du nigan”. Abenduaren 23a da. Goizaldeko 04:00rak Pasaiako lonjan: “Gaur egun flojo xamarra izango da”, esaten dio kazetariari. “Atzokoa bai, hori ikaragarria izan zen”. Gabonak urtean arrain gehien kontsumitzen den egunak dira, eta arrandegiek prezio hobea lortzen dute Gabon gaueko bezpera aurreko egunean, bezperan baino gehiago. Baina ehunka kilo batzuk badaramatza, furgonetan, badaezpada, Rafik: “Itsas sapo batzuk ditut, mero zuria, erreboiloa, marisko pixka bat… Datil batzuk ere bai, 20 bat kilo. Atzo salduta neuzkan, baina saltzailea Aragoikoa zen, ezin izan ditu jaso, eta gaur saltzen ez baditut, nik onartu beharko dut diru galera. Horrelakoak ere pasatzen dira”. Ez du konfiantza handiegirik datilekin: “Gaur kilo batzuk oparitu beharko ditudalakoan nago…”, bota du lonjako zaindariaren parera iritsita.

100.000 kiloko egunak

Zerga apala dirudi, baina lonjan salgai jartzen duten kilo bakoitzeko 0,1 euro ordaintzen ditu saltzaile bakoitzak. “Badakizu, legea egin zuenak tranpa ere egin zuen, eta ziur nago saltzaile gutxik esaten dugula furgonetan zenbat kilo daramatzagun…”, dio barrez. Mauritania, Senegal… toki askoko arrainak erosten ditu Bereciartua enpresak, “Euskal Herrian ezagutzen ez diren arrainak: panpanoak, cherneak… Egun, dagoeneko, watsapez saltzen dut arrain gehien. Salneurriak jasotzen ditut bezperan, hornitzaileei bidali, eta erosleak kopurua eskatzen du. Gure politika materia ona eskaintzea da, eta bezeroari tratu ona ematea, konfiantzazkoa. Gu zintzoak gara, ezinbestean. Tratu komertzialaz aparte, laguntasuna ere badago. Ondo zaintzen ditut bezeroak, eta konfiantza ematen diet. Irabazi gehiago edo gutxiago egingo dugu, baina ezin dut bezero ona engainatu. Agian prezio okerxeagoa edo hobexeagoa egingo diot, baina ezin diot engainatu”. Lonjan, hainbat eroslek elikagaiak oparitzen dizkiote Rafi-ri, saldu dien produktu onagatik eskerrak emateko.

Horregatik, konfiantza ematen duelako lortzen ditu salmenta handiak. Ez sinesteko modukoak, batzuk. “Zehatz-mehatz ez dakit, baina esango nuke egun on-on batean 20.000 kilo arrain saldu, mugitu izan ditudala”. Bost trailer dira! Gehienak, noski, telefonoz saldu eta lotutakoak. Baina lonjan, egun on batean, salmenta agiriak egiten hasi eta ehunka eurotakoak egin ditzake arrandegi askorekin. 10, 15, 30 euroko piezak saltzen ditu Rafik, eta bezero askok dozenaka ale erosten dizkiote. “Bisigu salmentak badira, milaka eurokoak”, dio barrez, “arrain garestiena da”, zehazteko. 65 eurotan saldu izan du negu honetan, “baina apenas iritsi da alerik negu honetan. Itsaso zakarrak izan genituen azaroan, eta horrek bisigu gutxi egotea ekarri du. Eta gutxi dagoenean, badakizu, prezioak gora”. 

Rafi hara eta hona ibiltzen da lonjan. Arrain kaxak kamioitik atera, bere produktuak ikusteko moduan kokatu, aurretik pasatzen den oro agurtu eta zertan den, edo nahi duen galdetu… Negozio gizon petoa da. Izen ona du eta arrain saltzaile asko hurbiltzen zaizkio: “Zer daukazu, zenbatean?” Hau lortuko al didazu biharko?” Rafik ez du inoiz ezezko biribilik ematen. Ezezko erdia emango du, edo bezeroari ulertarazten saiatu ezin duela bere eskaera bete. Beti dago negoziatzeko prest, bere mugen barruan. Ahalik eta gehien saltzea du helburu, “eta arrain jakin batekin nahi baino prezio txikiagoan saldu badut, beste produkturen bat saltzen saiatzen naiz tratu berean, agian hain salmenta erraza ez duen produkturen bat”. Rafi enkargu bat egitera joan denean hurbildu da Conchi, Astigarragako Simon arrandegiko langilea: “Non demontre ote dago mutil hau? Joan beharra daukat!”, oihukatu du, haserre antzean. Kazetariak esan dio, ea ez zer nolako mutila den Rafi. Zirkinik egin gabe esan du: “Hemen dagoen onena! Tranpatxoak egiteko joera handia dute batzuk hemen. Rafik ez. Esango dizu zer eman diezazukeen, zer ez, zein preziotan, baina inoiz ez zaitu engainatuko, eta hori, lonjan, funtsezkoa da”.

Soldata ona, ordutegi kaskarra

Rafi Florido konforme da jasotzen duen soldatarekin. Kopuru finkorik ez du, salmenta kopuruaren araberakoa delako, baina agerikoa da bere enpresan status bat daukala, eta nagusiak ondo zaintzen duela. Goizeko 07:00ak pasa bueltatzen da Oiartzunen duen bulegora, eta han ematen dio nagusiari gaueko partea. Ez da nagusi-langile ohiko harremana. Rafik hitz egiten du, prezioak eta beste aztertu, eta nagusiak baiezkoa eman. Aldagelara bidean aitortu dio kazetariari, “nagusiak eskaini dit lonjako subastak utzi, eta bulegoan lan egiten hasteko”. Eskaintza aztertzen ari da Rafi, “gauari ordu batzuk irabaziko bainizkioke. Eskaintza tentagarria da”. Gaur-gaurkoz, Rafi igande gauetik ostegun gauera aritzen da lanean, goizeko ordu bietan edo hiruretan hasi, eta 08:00ak edo 09:00ak arte, “salmenten arabera. Gero eta nekezagoa egiten zait gau betean jaikitzea. Bi haur ditut, 5 eta urte batekoak, Jare eta Hodei, eta haiekin gutxi egoten naiz astean zehar. Oso goiz oheratu behar naiz, goizaldeko 02.00an jaikitzeko, eta 16:00ak arte ez ditut ikusten. Gogorra da”. Bulegoko lanean hasteak lan eguna goizeko 07:00ak aldera hastea ekarriko lioke. Beranduago bukatu ere bai, noski, “baina haurren ordutegira ere hobeto moldatuko nintzateke, deskantsatuago egon”.

Ordutegi aproposagoa lortu bitartean, Rafi Floridok harro kontatzen du bere lanbidearen bitartez belarriprest bilakatu dela. “Eskola publikoetan ikasi nuen, Urnietan, badakizu, euskara asignatura moduan. Etxean ere gaztetan aukera handirik ez nuen izan euskaraz hitz egiteko, gurasoak etorkinak direlako, eta lonjan euskara ikasi dut pixkanaka. Zenbakiekin eta esaldi motzekin ondo moldatzen naiz, eta ulertu, ia dena ulertzen dut. Pentsa, Bera, Lesaka eta Gipuzkoa barnealdeko arrandegi askotako langileak etortzen dira, haiekin euskaraz

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!