Parte-hartze prozesua indartzeko informazio mahaiak

Jon Ander Ubeda 2020ko urt. 22a, 07:29

Ostiralean eta larunbatean "Parte hartuz 2020" kanpaina kalera aterako dute. Etxeberri plazan, Guria ondoko plazatxoan eta Udal kiroldegiaren kanpoaldean informazio guneak ipiniko ditu Udalak.

2020ko aurrekontuen 150.000 euro zertan inbertitzeko erabakia herritarrekin batera hartu nahi du Urnietako Udalak. 2017an abiatutako joera izan zen, eta geroztik urtero urnietarrek parte-hartze prozesuan murgiltzeko aukera izaten dute. Gehienez ere 50.000 euroko gastua izango duten egitasmoak izan daitezke, beti ere Udalaren eskumenekoak baldin badira. Parte hartzeko prozesua abiatu da, eta asteburu honetan informazio osoa zabaltzeko karpa ipiniko dute.

Ostiral honetan, informazio gune hori goizez eta arratsaldez zabalik izango da. Goiz osoan zehar Etxeberri plazan, eta arratsaldean hasi eta iluntzera arte Idiazabal kaleko Guria ondoko plazatxoan. Ostiralean, gainera, proposamenak aurkezten dituzten herritarrek selfia ateratzeko aukera izango dute. Parte-hartzea sustatzeko berritasuna da, karpara bisitaldiak areagotzeko helburu duena.

Larunbatean, bestalde, Urnietako Kiroldegiaren ondoan ipiniko dute karpa.

Bertara, aurkezpen ekitaldian esan bezala, proposamen zehatzak eraman daitezke. Eta baita galderak edo zalantzak adierazi ere. Informazio karpa horretan prozedura osoa emateko prest egongo dira.

Prozedura ezaguna zaionarentzat, herrian zehar proposamenak aurkezteko buzoi aurkituko ditu.

Urtarrilekoa ez da parte-hartze prozesu bakarra izango. Izan ere, lehen prozesua amaitu eta gutxira bigarrena abiaraziko dute. Haur parkeak edo plazak estaltzeko prozedura izango da. Udal arduradunek erabaki hori herritarrekin batera hartu nahi dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!