"Asierren atea" artelana Urnietako Udalak eskuratu du

Eguberrietan ikusgai izan zen "Puertas" izeneko erakusketa. Aiurri

Asier Nieblaren senitartekoak atxekimendu berriak jasotzen ari dira Osoigo internet bidezko kanpainan.

Eguberrietan "Puertas" izeneko erakusketa ikusgai izan zen, Urnietan. Estatu mailan ematen diren indarkeria matxista kasu bakoitza salatzeko asmoz sortu zen, eta antolatzaileek Asier Nieblari ateetako bat eskaini zioten.  Sandra Garayoa artista izan zen ate horren egilea. Urnietako Udalak Asier Nieblaren atearen jabetza eskuratu du, Dimension agentziarekin lorturiko akordioari esker. Ohar bidez zabaldutakoaren arabera, "Atea Lekaio kultur etxean ikusgai jarriko da, urnietarrek beraien bizilaguna presente izaten jarraitu dezaten eta indarkeria matxistaren gaineko hausnarketa etengabea izan dadin herrian".

Urnietan Asier Nieblaren kasua indarkeria matxistatzat hartzeko ekimen asko egin dira, azken hilabeteetan.

Osoigo plataformaren deialdia

Internet plataformak, Nieblatarrekin batera, Asierren kasua indarkeria matxistatzat hartzea eskatu nahi dio Eusko Legebiltzarrari. Aurreko Aiurrin adierazi bezala, ordezkari eta herritar askok bat egin dute deialdiarekin. 553 herritarrek sinatu dute eskaera, honezkero.

Gipuzkoako sozialisten buru Eneko Anduezak plataforma horretan atxekimendua adierazi zuen. Baita Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko Oihana Etxebarrieta parlamentariak ere. Osoigo plataforman zera adierazi zuen: "Asier Nieblaren senitarteko, lagun eta eskaera hau sinatu duzuen kide guztiei nire eta nire talde EHBilduren elkartasuna eta babesa helarazi nahi dizuet. Indarkeria matxista kasu bat da, eta zentzu horretan aitortua izateko lan egiteko prest gaituzue".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!