Garcia-Viana, Irun Hiria lehiaketako irabazlea

Urnietarrak saria jaso zuen unea.

Txema Garcia-Viana urnietarrak Irun Hiria literatur lehiaketan irabazleetakoa da, Sari ezaguna eta garrantzitsua da, euskal literaturaren baitan. Urnietarrak 36ko Gerran kokaturiko “Pentaedroa” nobelarekin jaso du saria.

XLIII. Irun Hiria Kutxa literatur sariketa irabazi izana, sari handia da edozein idazlerentzat. Egileak berak aitortu zuen, saria jaso ostean. Berrian adierazi bezala, "hasteko, ekonomikoki. Baina ez naiz ari alde ekonomikoaz bakarrik. Sari honek nolabaiteko aitortza ere suposatzen du hainbeste eskatu didan lan honentzat”.

Liburu mardula da, 36ko gerran kokatua, Errepublikaren aldeko diren antzerki talde baten ibilerak kontatzen dituena. Egilearen aburuz, “Lehen irakurketan, abentura nobela bat da. Badu, baina, bigarren irakurketa bat ere, eta uste dut hori ikusi duela epaimahaiak”. Elkar argitaletxeak aurkeztuko du liburua, eta aurrerapen modura elkarrizketa txikia eskaini du argitaletxearen aldizkarian.

Zer da Pentaedroa?

Gerran girotutako nobela da. Frankistek herri txiki bat hartu eta egundoko errepresioa ezarri dute. Jende askoren bila dabiltza, tartean, Pentaedroa antzerki-taldea osatzen duten bost kideen bila. Hauek, halabeharrez, sakabanatu egin dira. Norberak bere istorioa bizi du, eta, hala ere, boston istorioak behin eta berriz txirikordatzen dira, patuak beren bizitzak hari ikusezin baina sendoen bidez lotuko balitu bezala.

Baita gerrari berari buruzko hainbat hausnarketa ere…

Liburua gerraren inguruko hausnarketa bat. Nahigabe ere geure baitan dauden aurreiritzi manikeo batzuk ezbaian jartzen saiatu naiz, adibidez, gutarrak guztiz zintzoak zinenekoa, eta besteak, berriz, eskrupulurik gabeko hiltzaile ankerrak.

Dokumentazio-lan handia egin behar izan al duzu?

Egin dut. Bertan azaltzen diren gertakizun gehienak egiazkoak dira, nahiz eta kontakizunaren beharretara egokitu ditudan, jakina. Horrelako eleberriek garaia eta giroa taxuz islatzea ezinbestekoa dute, istorioa sinesgarri gertatuko bada. Baina nobela bat fikzioa da. Oreka da gakoa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!