“Jorge Azanza kirol zuzendari izateak konfiantza ematen dit”

Andoni Urbistondo 2020ko ots. 2a, 08:28
Urte berriarekin elastiko berria jantzi du urnietarrak.

27 urte, adin perfektua txirrindulari profesional batentzat. Mikel Iturria iazko mutil bera da, Vueltako etapa garaipenaren burrunba arazorik gabe gainditu zuena, etorri bezala joan zelako.

Euskadi Fundazioan ariko da, nahi zuen tokian, eta gustuko duen kirol zuzendariarekin. Jauzi kualitatibo bat eman nahi luke hastear duen denboraldian: ihesaldi gehiago harrapatu, edo sailkapen nagusi hobeak egin. Eta amets bat: Euskal Herriko Itzulian Errenterian bukatuko den etapa irabazten saiatu.

Urtarrila bukatzear da. Nola zaude?

Lasai. Betiko martxan. Urrian atsedena hartu nuen, 3-4 aste, gero entrenatzen hasi pixkanaka… Urteroko prozesua.

Talde aldaketa ondo?

Etxean gustura egoten naiz. Pauso naturala izan da.

Beste eskaintzarik jaso zenuen, Fundazioaz gain?

Ez, ez zen beste eskaintzarik egon.

Zein hausnarketa eragiten dizu horrek? Vueltako etapa bateko garaileak eskaintzaren bat jasotzea litzateke logikoena, ezta?

Hausnarketarik ez dit eragiten. Halaxe dago txirrindularitza. Erabakia hartua neukan Urdazubin etapa irabazi aurretik, eta garaipen horrek ez zuen egoera aldatu. Egunen batean World Tour talderen batean korritzeko itxaropena mantentzen dut, baina etxean, Euskal Herriko talde batean aritzeak ere indarra ematen dit, ilusioa sortu.

Hogei txirrindulari Fundazioan, baina aurten erreferentzi, edo liderretako bat izango zara.

Beno, aurten ezberdintasuna da nigan konfiantza duela kirol zuzendariak. Pasa den denboraldian agerikoa zen beste txirrindulari batzuekin konfiantza gehiago zutela, eta aurten nigan daukate. Batzuetan ni izango naiz taldekideen laguntza jasotzen lehena, besteetan ni izango naiz taldekideak laguntzen lehena.

Iraganean konfiantza falta sentitu izan zenuela esan duzu, hori aldatu da Euskadi Fundazioan Jorge Azanzarekin.

Aspaldi ezagutzen dut. Vueltako etapa irabazi aurretik ere transmititu zidan konfiantza hori. Irabazi eta gero, are gehiago.

Zergatik daukazu hainbeste konfiantza Azanzarekin?

2015ean nire kirol zuzendaria izan zen, eta urte hartan sintonia ona eduki genuen. Azanzak norbaitekin fedea, konfiantza badu, benetako konfiantza da, ez da faltsukeriatan ibiltzen. Gauzak ondo egiten dituzunean ondo egiten dituzula esango dizu, baina gaizki egiten dituzunean ere gaizki egiten dituzula esango dizu. Zintzotasun horrek norberaren errendimendua hobetzea dakarrela esango nuke.

Zuk nahiago duzu jarduteko modu hori, ezta?

Bai, gauzak garbi. Orain eman didan konfiantza hori bueltatu nahi nioke.

Zer eskatu dizu Jorge Azanzak, zerbait eskatu badizu?

Nire aukerei ahalik eta zuku gehien ateratzea, eta taldekideei laguntzea, behar dutenean. Aurrerapauso bat emateko ere eskatu dit. Sailkapen nagusietan, garaipenaren lehian gehiagotan egon…

Eta zer eskatu diozu zuk Fundazioari, Jorge Azanzari?

Ezer ez, konfiantza.

Aurkariek gehiago zainduko zaituzte, erakusleihoan jarri zintuen Vueltako garaipenak.

Ez dut uste. Ez naiz Peter Sagan. Aurten iazko Vueltaren tamainako ihesaldiren batean sartzen banaiz, ez naiz txirrindulari zainduena izango.

Egutegia garbi daukazu?

Bai, Mallorca urtarrila bukaeran, gero Murtzia, Almeria eta Andaluzia, eta handik, altuerako prestakuntza Sierra Nevadan, Granadan. Ondoren, Kataluniako Volta, agian Indurain Sari Nagusia, Lizarran, Euskal Herriko Itzulia eta Tour of The Alps, Tirol aldean.

Zuk nahi zenuena.

Bai, taldeak egin zezakeena. Agian Espainia hegoaldean korrituko ditudan hasierako itzuli horiek baino nahiago nuen Frantziako proba batzuk korritu, baina taldeak ez du proba horietan parte hartuko, eta ezin.

Zein helburu duzu, denboraldiko lehen zati honetan?

Beno, Mallorcan kilometroak pilatu egun pare batean. Gainkarga txiki bat izan berri dut izterrean, lau bat egun edo egin behar izan ditut entrenatu gabe. Gero Almeria, Murtzia eta Andaluzian puntu on bat lortu, eta altuerako egonaldia eta gero, Voltan azken estualdia eman Euskal Herriko Itzulira punturik onenean iristeko asmoz (apirila hasiera).

Itzulian distira edukitzea zaila da, ordea.

Bai, ibilbide osoa aurkeztu zain gaude. Ihesaldiren bat bilatu nahi nuke, edota sailkapen nagusi on bat egin. Alpeetako Itzulia ere asko gustatzen zait, hamar onenengandik hurbil ibili izan naiz, ea aurten arantzatxo hori kentzen dudan.

Pasa den astean egin zuen aurkezpena Euskadi Fundazioak. Zer moduz doaz lehen egunak?

Martxa hartzen ari da taldea. Lasai doa, baino itxura ona dauka. Orbea eta Etxeondo enpresek laguntza handia eman digute, eta haien laguntza eskertu nahi nuke.

Taldeak ez du aurtengo Espainiako Vueltarako gonbidapena ziurtatua, momentuz. Zenbateraino baldintzatzen du egoera horrek txirrindulariaren, taldearen jarduna?

Nire kasuan askorik ez. Maiatza arte ez da ezer mugituko, ez dute ezer esango, eta horretan pentsatzea alferrikakoa da. Maiatzean jakingo da Vuelta egingo dugun edo ez, eta erabakiaren arabera jokatu beharko da modu batera edo bestera. Ezin naiz egon Vuelta korrituko dudan edo ez pentsatzen egon, ez baita nik moldatu edo aldatu dezakedan erabakia. Nire eta gure lana maiatza bitarte ahalik eta lanik onena egitea da, neurria ematea.

Emaitza onak lortzeak gonbidapena lortzeko aukera handituko du.

Amets bat, denboraldi honetarako?

Pertsonalki, Euskal Herriko Itzulian Errenteriako etapa irabaztea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!