Helburu solidarioa duen ipuin musikatua prestatzen ari dira

Jon Ander Ubeda 2020ko ots. 10a, 09:17

Magale ikastetxeko DBH2ko ikasleak ikuskizuna prestatzen ari dira, Super H elkarteak argitaratu zuen "Super H hontz zuriaren lurraldean" ipuina oinarritzat hartuta. Datorren otsailaren 14an bi saio eskainiko dituzte Saroben. Sarrerak astelehenean hasita eskuragarri daude.

Urnietako ikasle taldea ikuskizuna prestatzen ari da, izaera solidarioa izango duena. Haur minbiziaren inguruko lanketa egiten ari dira, besteak beste ikerkuntzak duen garrantziaz ohartarazteko. Abestu, dantzatu eta antzeztu egingo dute Magaleko DBH2 mailako ikasleek Sarobe arte eszenikoen gunean. Lankide bikainak izango dituzte, maila handikoak. Super H elkartearentzat Miren Amuriza bertsolariak idatzitako ipuinaz gain, Joxan Goikoetxea musikariak kantu eta doinuen alorrean lankide izan dute. Baita Amaia Agirre bertsolaria ere.

 

Otsaila 14, ostirala 17:30 Sarobe. 19:00 Sarobe. Saio bakoitzaren amaieran txokolate beroa euro 1ean eskainiko dute, Guraso Elkartearekin elkarlanean.

Sarrerak eskuragarri Ikuskizuna ikusteko sarrera doakoa da, baina sarrera eskuratzea derrigorrezkoa da. Otsailaren 10etik aurrera eskuragarri, ikastetxeko idazkaritzan. Telefonoz eska daiteke: 943 551 789.

Egun hauetan eszenografia eta antzezlana prestatzen lan eta lan ari dira, datorren ostiralean 400 ikuslek gozatua har dezaten. Magale ikastetxeak parte hartzeko deia luzatu du. Ikuskizun dotorea izateaz gain, helburua solidarioa baita: "Ekitaldiaren amaieran, ikastetxeko Guraso Elkartearen laguntzaz, txokolate beroa eskainiko da. Euro bateko ekarpenaren truke txokolatea hartzeko aukera izango da. Bertan bildutako diru guztia Bartzelonako San Juan de Dios Ospitalean gauzatzen ari diren ikerketetara bideratuko da. Txokolatada solidarioa estatu mailako hainbat eta hainbat puntutan antolatu da, otsailaren 15ean Haur Minbiziaren Nazioarteko Eguna ospatuko delako. Magale Ikastxetxeak bere aletxoa jarri nahi izan du. Artista hauen antzezlana ikusi eta egitasmoari laguntza txiki bat ematera gonbidatu nahi zaituztegu!".

Ikuskizunaren oinarria Miren Amuriza bertsolariak idatzi eta Almu Salas ilustratzaileak osaturiko liburuan dago. 2015ean argitaratu zen, eta aurkezpen ekitaldian Salasek ipuinaren deskribapena egin zuen: "Liburuaren pertsonaia Hodei haurra da. Bizitza normala egiten du, eskolara joaten da, laguntxoekin jolasten du baina egun batean eskolan mina hartu eta ospitalera eramaten dute. Han gaixotasun bat duela esaten diote. Hortik aurrera Hodei bere ametsen munduan murgilduko da".

2016an dantza eta musika ikuskizuna egin zuten.

Datorren otsailaren 14an Urnietako ikasle gazteek ikuskizun berria taularatuko dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!