Ikuskizun solidarioa

Jon Ander Ubeda 2020ko ots. 13a, 12:07

Ostiral honetan "Super H hontz zuriaren lurraldean" ipuina taula gainera eramango dute Magale ikastetxeko ikasleek. Bi saio eskainiko dituzte Sarobe antzokian, 17:30ean eta 19:00tan. Saio bakoitzaren ostean txokolate jate solidarioa izango da, euro batean.

Minbizia pairatu duten haurren errealitatea bistaratzeko lan handia egiten ari da Super H elkartea, Urnietan zein Gipuzkoa mailan. Sentsibilizazio lan horretan, askoren artean, unitate didaktikoa argitaratu zuten. Duela bi hilabete, Magale ikastetxeko DBH2 mailako ikasleek unitate horren lanketa egiteari ekin zioten. Elkartasuna, ikerkuntza... lanketa hori egin eta gero, "Super H hontz zuriaren lurraldean" ipuina irakurtzeari ekin zioten. Ipuinaren irakurketak ikuskizuna antolatzeko aukera ekarri zuen, eta azken asteotan ekimen betean ari dira dozenaka ikasle. Irakasleen laguntza ere ezinbestekoa izaten ari da. Aiurrik taula gainera igoko diren bi ikaslerekin hitz egiteko aukera izan du.

Zein da antzezlanean jokatuko duzuen papera?

Eneko Corbelle. Ni alga naiz.

June Urdangarin. Eta ni izarra.

Zer moduzkoa izaten ari da antzezlana prestatzeko esperientzia?

Eneko Corbelle. Ondo doa, gustuko dudan esperientzia da. Iaz ere "El Rey Leon" antzezlanean parte hartu nuen.

June Urdangarin. Oso esperientzia ona izaten ari da, eta oso dibertigarria. Guraso asko etorriko direla espero dugu, eta ziur ondo pasako dugula.

Jendaurrean aritzeak urduritasuna sortzen al du zuengan?

June Urdangarin. Ez, bereziki. Entseguetatik prest goaz. Urduritasuna sortzen da, baina ez asko.

Eneko Corbelle. Ondo pasa ohi dut, ez dut lotsarik sentitzen.

Antzerkigintza da zuen zaletasuna?

Eneko Corbelle. Futbola eta, oro har, kirola nahiago ditut.

June Urdangarin. Nire kasuan, futbola eta marrazketa.

Zer dela eta orduan antzezlanean parte hartzeko asmoa?

Eneko Corbelle. Jendeak minbiziarekin bizitzea zer den ulertzeko baliagarria delako. Minbizia oso gauza serioa da.

Gurasoek eta ikaskideek antzezlana ikustean zer sentitzea nahiko zenukete?

June Urdangarin. Jendeak ulertu behar du pertsona horien errealitatea ez dela batere erraza.

 

Otsailak 14, ostirala

17:30, 19:00 Sarobe

Sarrerak Magaleko leihatilan.Saio bakoitzaren ondoren, txokolate jate solidarioa euro 1ean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!