Bigarren postuan jarraitzen du Urnieta Quel Abogados taldeak Pulporen aurka irabazi ostean

Irati Zinkunegi, Urnieta Quel Abogados taldeko jokalaria

Urnieta Quel Abogados taldeak maila ona erakutsi du Pulporen aurkako partidan. Gizonezkoen senior mailakoek, berriz, ahaleginak ahalegin ez dute txapelketan aurrera egitea lortzen.

Urnieta Quel Abogados eskubaloi taldeak denboraldiko hamabigarren garaipena lortu zuen Pulpo taldearen aurka, 30-25. Denboraldi hasierako sentsazio ona berreskuratzen hasi dira urnietarrak, baina oraindik lan handia egin beharko dute datozen partidetan; hirugarren postutik bi puntura soilik baitago Urnietako taldea.

Norgehiagoka kontzentratuta hasi zuten etxekoek, seriotasun eta intentsitate handiarekin. Partidan erakutsitako defentsa sendoa kontraerasorako baliagarria izan zen eta, beraz, abantaila lortu zuten partida hasieratik. Erasoan ere asmatu zuten, eta horrek atsedenaldirako alde handia lortzea ahalbidetu zuen, 17-11ko markagailuarekin hain zuzen ere. Etenaldiaren ostean, defentsa eza nabari zen, bi taldeen aldetik gol asko ikusi baitziren;  atsedenaldiko markagailuaren abantaila mantentzea lortu zuten, azkenean etxekoak gailendu zirelarik. 

Euskadiko ligan aurrera atera ezinik

Urnieta Artola Harategiak ezin izan zion txapelketako liderra den Corazonistas taldeari irabazi, partida 24-30 amaitu zen. Urnietarrek partida ona jokatu zuten lehenengoen aurka, norgehiagoka orekatua izan zen amaierararte. Ordea, nekearen ondorioz, azken minutuetan maila jetsi zuten etxekoek eta gasteiztarrek egoera hori baliatu zuten abantaila hartzeko. Arestian esan bezala, partida berdindua jokatu zuten, eta atsedenaldira 11-14ko emaitzarekin iritsi ziren. Bigarren zatian, 20-21eko emaitza lortu zuten, baina azken txanpan gasteiztarrak fisikoki hobekiago zeudenez, intentsitatea igo eta garaipena lortu zuten.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!