Urnietan inauteriaz gozatzeko geroz eta aukera gehiago dago. Larunbatean egingo da ospakizun nagusia, eta herrigunean mozorro jaiaz gozatzeko aukera geroz eta hobea da. Aurtengo berrikuntza nagusietakoa Bosko Anitz aisialdi taldetik dator. Izan ere, euren txarangak herrian barrena kalejira egin eta festarekin jarraitzeko ikastetxera igo ohi ziren. Aurtengoan ez da horrela izango, eta euren mozorro lehiaketa Etxeberri plazan egingo da. Udalak oharrean ondo adierazi duenez, modu horretan "Salestarretan burutu izan den ekimena herrira ekarrita, herrigunean inauteri giroa handitzea lortu nahi da". Lehiaketarako tartea iritsi aurretik, Poxta Zahar taldearen elektrotxarangak kaleak alaituko ditu. Dantzan haseko aukerarik ez da faltako, beraz. Idiazabal kalea, gainera, inauterizaleen eremu bilakatuko da. Ordu horietan ibilgailua hartu behar dutenek, ezbeharriuk gerta ez dadin, trafikoarekin zerikusia duten seinaleak adi jarraitu beharko dituzte.
Igandean jaiak Etxeberri plazan jarraipena izango du, mozorro lehiaketa berriarekin eta pintxo potearekin. Hango auzo elkartea sasoiko dago, eta urtean zehar herriari eta auzoari baliagarriak zaizkion proposamenak eskaintzen dizkio.
Gazteentzat inauterian murgiltzeko hirugarren egun bat izango da. Ostiralean, hain zuzen. Gaztelekuan haur eta gaztetxoentzat eskaintza zabala izango da. Egitaraua urtez urte osatuz, Urnietan inauteri giroa indartuz doala dirudi.
Urte osoan egin bezala, aurtengo inauterietako argazkiak eta bideoak Aiurri.eus webgunean eta sare sozialetan ikusi ahal izango dira.