Jubilatu aurreko zure ibibidea, kontako al diguzu?
Eibarren jaio arren, gaztaroa Pasai San Pedron egin nuen, eta 1980az geroztik Urnietan bizi naiz. Eskoriatzako TESA lantegiak Irunen zeukan egoitzan makina bat urte egin nituen langile gisa. Denetik egin nuen lantegian operatzaile gisa sartu nintzenetik, programazio sailean, esplotazio sailean... Eta azkenerako, lantegiko lankideekin giza harremanen arloa jorratzea egokitu zitzaidan. Halako batean, lantegiko zuzendaritzak ehun langile kalean uztea erabaki zuen. 54 urteko gizasemea kalean! Zorionez, aurrejubilazioari heltzeko parada eduki nuen, eta ondoren jubilatzeko garaia iritsi zitzaidan.
Zerk mugitu zintuen Denda Berri elkartean sartzera?
TESAn ari nintzela, Denda Berri elkarteko zuzendaritzakoek informatikan zer edo zer bazekiena behar izaten zuten, eta niri hotsegiten zidaten; lan-giro jatorra sumatzen nuen bertan, eta poliki-poliki, ohartzerako, elkartearen dinamikan murgitzen hasi nintzen. Era horretan, orain zortz bat urte, zuzendaritzako kide izateko proposatu zidaten, eta “Zergatik ez, bada?” erantzun nien. Giza taldeak antolatzeko eta lan-taldean aritzeko trebezia pixka bat hartuta neukan iraganean lantegian, eta pentsatu nuen eskarmentu hori baliagarria izan zitekeela Urnietako jubilatu eta pentsiodunen mugimenduarentzat. Azken bi urteetan lehendakariaren ardurak hartzea egokitu zait.
Eta zein da balorazio pertsonala, elkartean orain arte egindako bidearekin?
Apaltasunez, esango nuke bultxadatxoa ematen saiatu naizela. Zenbaitek uste izaten dute Denda Berri bezalako elkarti bati ekintzak euria bezala erortzen zaizkiola, eta beraz, ez dagoela askorik egiteko. Barruan zaudenean, ordea, ondo baino hobeto ohartzen zara 500 bazkide dituen elkartea dela, eta dinamika bizia daukala, ia egunero gainean egotea eskatzen dizuna. Ekintzak, ekitaldiak, ikastaroak, irteerak... ez dira beren gisa etortzen.
Urnietan bada jendea apenas dakiena Denda Berrik zer egiten duen...
Ziur baietz! Baina herrian gertatzen denaz interesa jartzen duenak badaki azken urtetan egundoko bizitasuna hartu duela, Lupe Martiarena nekaezinari esker batik bat. Azken urtetan, aldatzen ari da bazkidearen profila, lanbidez, ikasketez, mentalitatez... formatuagoa da oraingoa, eta ondo daki zer nahi duen eta zer ez; elkarteak antolatzen dituen ekitaldietatik zeintzuk dituen intereseko, nortzuk ez. Badago balio handiko jendea tartean, lorea baino freskoago dabilena buruz eta osasunez, baina antolaketa lanetan sartzera tentatuz gero, erreparoak jarriko dizkizu; “utzidazu jubilazioarekin gozatzen” erantzungo dizu, oso aktiboak sentitzen baitira. Nire itxaropena da urtetan aurrera joan ahala, errezagoa izango dela elkartera erakartzea jende hori...
Baina arratsaldeetako karta-jokalarien irudia oraindik ere mantentzen da elkartean...
Ez dut ukatzen irudi horrekin identifikatzen ez denik. Baina gutxitzen ari da argazki hori. Kultur asteetan, konparazio batera, toka edo karten lehiaketetan, iraganean 50-60 pertsonek ematen zuten izena. Orain erdira jeisten da kopurua. Are gehiago, seiko urrearen joko mitikoa desagertu egin da, betiko jokalariak jada ez dira hurbiltzen mugikortasun arazoak direla eta, eta lekukoa hartuko dienik ez da sortu.
Nolanahi ere, zera aldarrikatu nahi nuke: adindu askorentzat egoitza oraindik ere “gertuko txokoa” izaten segitzen duela, eta hala nahi dugu izatea gainera. Etxean bakartasuna senti dezaketenentzat, leku ezin egokia baita. Giza berotasuna eskaintzen du egoitzak alde horretatik, eta zergatik ez, baita ere berogailuaren berotasuna, etxeko ekonomiak nahi adina ematen ez duenean... Azken batean, egoitzara etortzen denari ez zaio kostako, goiz ala berandu, batekin ez bada bestearekin hizketan jartzea. Funtzio horri eustea komeni da.
Bestalde, pena ematen dit mugikortasuna faltagatik inor etxe zulora kondenatuta egon behar izatea; egoitzara etorri ezintasun hori garraio zerbitzuren batekin-edo nola konpondu pentsatu beharko genuke etorkizunean.
Kontaiguzu zeintzuk diren antolatzen dituzuen ekintzak, egunez egun.
Egunero-egunero sentitzen da jende mugimendua egoitzako goiko solairuetan; sebillanen eta zumba taldeekin ez bada, memoriako bi tailerrekin, bingoarekin... Urtean zehar, hainbat ekitaldiekin osatutako kultur astea antolatzen dugu. Ikastaroen arloan, euskara taldea osatzekotan gabiltza etorkizun hurbilean AEKrekin lotu eta gero, bai baitago eskaera horretarako.
Bi eratako irteerak antolatzen ditugu, geure kasa nahiz bidaia agentzia batekin elkarlanean; lau-bost bat irteera lotuta dauzkagu jada, Arantzazu, Bizkaiko kostaldea, Milagro, Portugal... Larunbatetan, Urnieta inguruko ibilaldia antolatzeko joera dugu, ordu eta ordu terdikoa, Osasun Bideak-en barnean. Ospakizun berezietan, berriz, geure ekitalditxoak egiten saiatzen gara; inauterietan, esate baterako, mozorroen lehiaketa dibertigarria egin berri dugu. Ez dut ezer deskubrituko esaten badut zer nolako arrakasta edukitzen duen gastronomiari lotutako edozerk... Inauteri aurrean antolatu genuen sagardotegia da horren adierazlea. Eta ez nuke hamabosteroko dantzaldia ere ahaztu nahi.
Udalak eraikin osoa eraldaldatu egingo duela iragarri du.
Bai, eta ikusminez gaude, guztion ongizaterako izango delako, eta elkarteari bere egitasmoak baldintza egokiagoetan garatzeko aukera emango diolako. Badirudi kanpoko obrak San Migeleetarako amaituitzat emango dituztela, eta ondoren barruko obra guztiari helduko diotela. Tabernari dagokionez, bazkide eta bezeroen egonaldia erosoa, beroa, gozoa... izateko prestatuko dute, eta sukalde txukuna erantsiko diote. Goiko solairuak, berriz, eraberritu eta zabaldu egingo dituzte. Herriko hainbat elkarteentzat tokia egitea erabaki dute bertan, eta pozgarria da hori, Urnietako hainbat sektore bertaratzea eragingo baitu horrek; eraikuntzak irabazi egingo du bizitasunean.
Obra guzti horiek irauten duten bitartean, Denda Berriko zuzendaritzaren ahalegina beharko du izan obrek ez dezaten eten elkartearen eguneroko dinamika. Eta bazkide eta erabiltzaileei pazientzia eskatu beharko zaie.