Asteburu bikaina Urnietako senior mailako eskubaloi taldeentzat

John Sanchez Urnieta Artola Harategiko jokalaria

Seniorrek bi garaipen lortu dituzte amesten jarraitzeko. Gizonezkoek mailari eusten ahaleginduko dira. Emakumeak, berriz, bigarren postua eskuratuta denboraldi bikaina egin dutela erakutsi dute.

Urnieta Artola Harategiak azken mementorarte sufritu behar izan zuen Gure Auzune talde arabarrari irabazteko (28-29). Galdutzat zuten partidari 180 graduko bira eman behar izan zioten puntu bakar bategatik garaipena eskuratzeko. Urnietarrek uste baino zailtasun gehiago eduki zituzten txapelketako azken sailkatuaren aurka. Halaber, bi puntu garrantzitsu lortu zituzten mailari eusteko lehian, eta jaisteko arriskutik hiru puntura aldendu dira.

Aurkariek defentsa sendoa erakutsi zuten urnietarren erasoa zailduz, eta norgehiagoka berdinduz. Denborak aurera egin ahala, gipuzkoarrak erosoago sentitzen hasi ziren pistan, eta partidako lehen aukerak probesten hasi ziren. Atsedenaldira 13 eta 14ko markagailuarekin iritsi ziren. Bigarren zatian, berriz, Gure Auzune taldeak beste jarrera erasokorragoa erakutsi zuen eta partidan aurrera egitea lortu zuen. Partidako azken 10 minutuetan markagailuari bira ematea lortu zuten urnietarrek eta gol bakar bateko aldearekin irabaztea lortu zuten.

Garaipen garrantzitsua Urnieta Quel Abogados taldearena

Urnietarrek bigarren postua ziurtatu zuten Urola Fincas Urretxu taldeari irabazi ostean (17-25). Seniorrak jardunaldi baten faltan bigarren postuan gelditzea lortu dute, eta hirugarren sailkatuarengandik lau puntura geratu dira. 

Ez zuten bereziki partida ona jokatu azken sailkatuaren aurka. Lehen zatian ez zuten maila erakutsi urnietarrek, defentsa ahula eta erasoan abileziarik gabe. Bigarren zatian, berriz, Quel Abogados taldeko jokalariak intentsitate handiagoarekin sartu ziren pistara eta aurkariak gailentzea lortu zuten. Hurrengo jardunaldian lehenengoak doazen Egia Petritegi taldea garaitzen saiatuko dira bigarren postua lortu ostean.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!