Koronabirusa

Urnietako kaleak, ia hutsik

Xabier Lasa 2020ko mar. 23a, 15:21

Urnietako kaleetan jendea apenas dabilen gaur, astelehenarekin. Txorien kantuak sekula ez bezala entzun daitezke, hiriguneko hainbat tokietan; ohiko bilakatu zaigun paisaia urbanoa alegia, osasun krisia zabaldu zenez geroztik. Beharbada eguardi partean ikusi da giza mugimendurik handiena; gehienak oinarrizko erosketak egitera irten dira etxetik, edo zakurrak pasiatzera.

Langileren bat edo beste ere ikusi da (kale garbitzaileak, Udaltzainak, eskailera mekanikoko langileak, genero banatzaileak...). Haurrik ez kalean, eta gutxiago horien garraisirik. Etxeetako balkoietan jolasean bai, bakan batzuk.

Maskarilla jantzita aurreko egunetan baino jende gehiago dabil. Idiazabal kalean, udaltzainek tarteka kontrolak jartzen ari dira, behar-beharrezkoak ez diren auto gidarien joan-etorriak ekiditeko. Azken egunetan isun bat edo beste jarri behar izan dutela aitortu dute udaltzainek.  

Niko, Urnietako udal langilea, herrian irekita dauden komertzio, banketxe eta farmazietan zein udal instalakuntzetan autobabaserako maskarillak banatzen aritu da goiz partean, berak kontatu digunez. Hain zuzen, BM, Muazpi, Ogi Berri, Euskadiko Kutxa, Buruntza estankoa, Eko Tolosa, Eroski, Kutxa, Odriozola, Arkupe, Caja Rural, Labetxo, Itxaspe, Itxaso Arraindegia, Bikain eta Tanco merkatalguneetan, eta, Udaleko ardurapeko honako eraikin eta sailetan, hots, Bertan, Hirigintza, Udalatzaingoa, Lekaio eta Gizarte Zerbitzuetan; udal ordezkari politikoen artean ere banatu ditu maskarillak.

Konfinamendua dela eta herritarren animu egoera altxatzeko asmotan, zenbait balkoietan mezuak zintzilikatu dira. Konparazio batera, “Animo Urnieta” dio batek, “Andra tutto bene” (dena ondo irtengo da) beste batek.

Okindegiko ilaran, zain, Luisa Cueli Arantzazu ospitaleko langilea topatu dugu. Arratsaldeko lan-txanda egokitzen zaio, eta erosketetan dabil lanera abiatu aurretik. “Farmaziako departamenduan aritzen naiz; 50 bat langilek osatuko dugu bertako lan-taldea. Ospitaleko barne funtzionamenduko martxa hornitzeaz arduratzen gara; horretaz gain, tratamenduan daudela-eta botiken bila etortzen diren herritarrei ere eskaintzen diegu zerbitzua. Gomendatzen diren ohiko neurriak hartzen ditugu, eta desinfekzio lanak egiten ditugu maiz, baina faltan botatzen dugu ospitaleko langile guztiei testak egitea. Estatuko beste ospitale askotan baino hobe gabiltza oraingoz, eta egoera nahiko kontrolatuta dago, baina halaber, konstziente gara birusa edo "xomorroa" ospitalean barruan dagoela. Egunez egun gauzak aldatzen doaz, eta baliteke hurrengo egunetan test horien txanda langile guztiei iristea”.

Herritar guztiek sentitzen duten kezka berbera bizi dute osasungintzako langileek, Cuelik aitortu duenez. “Hori bai, osasun krisiak protagonismo berezia eman digu, eta arduraz jokatzen saiatzen ari gara, egunero lanpostura joanez eta egokitzen zaizkigun zereginei erantzunez”. Bestalde, Cuelik adierazi du izugarri ari direla eskertzen gizartetik heltzen ari zaizkien elkartasunezko keinuak. “Bizipoza eragiten dute, aurrera segitzeko motibatzen zaituzte. Hala ere, esker oneko txalo horiek luzatuko nizkieke herriko dendariei, garraiolariei eta gizarteak aurrera segi dezan ezinbesteko lana burutzen ari diren herritar guztiei. Guztiok ere, esperantzara kondenatuak gaude. Zer bestela?”.

Erlazionatuak

Urnietako ez ohiko panorama

Xabier Lasa 2020 mar 23 Urnieta

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!