Kasu hauetan eskainiko da laguntza:
- Premia biziko hornidurak eskuratzeko: elikagaiak, higiene- eta garbiketa-produktuak eta premia biziko beste hornidura batzuk.
- Zaborra jaisteko.
- Osasun-txartel indibidualean agindutako sendagaiak jasotzeko.
- Haien maskotaz arduratzeko (paseatzera atera, larrialdiko albaitari-arreta).
- Atzeratu ezin diren izapide eta kudeaketak egiteko.
Dagoeneko 100 dei baino gehiago egin dituzte Udaleko teknikariek bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako pertsonekin edo teleasistentzia zerbitzua erabiltzen dutenekin harremanetan jartzeko, eta haien beharrei erantzuteko. Dena den, zuzenean deituriko pertsona horietaz gain, besteren batek aipaturiko beharrak izango balitu, Gizarte Zerbitzuetara deitu baino ez du egin behar.
Kontakturako: 943 00 83 49
Dei ezazue 8:00-15:00 bitartean.
Bolondres moduan jardun nahi dutenek zenbaki berdinera deitu beharko dute
Udala beharrak dituzten pertsona horiei erantzuteko moduan izan da momentuz, baina hurrengo egun edo asteetan behar horiek handitzen joan daitezkeenez, boluntario sarea osatzen ari da, badaezpada, beharra izanez gero beraiekin kontatu ahal izateko.Dagoeneko hainbat herritarrek deitu dute bere burua eskaintzeko.
Funtsezkoa da laguntza horiek segurtasun neurriak bermatuta eskaintzea, eta beraz, parte hartzeko baldintza hauek bete beharko dira:
- Adina: 17 urtetik gora eta 65 urtetik behera izatea.
- Prestasuna: nahikoa datorren hilabetean (gutxienez bi edo hiru ordu, astean bi edo hiru egun), pertsona batek edo, salbuespeneko kasuetan, bik (ez gehiagok) etxe bat zaindu ahal izateko.
- Osasun-egoera: sukarrik edo arnas sintomarik ez duten pertsonak, bereziki eztul lehorra edo arnasa hartzeko zailtasuna. Esku-hartze bakoitzaren aurretik tenperatura hartze bat egingo da, eta ezingo da 37 gradutik gorakoa izan.
- Patologia kronikorik gabe: diabetesa, kardiopatiak, arnas gutxiegitasuna, immunogutxitzaileekin tratamenduan egotea, etab.
- Gaikuntza: herritar guztientzako gomendioak irakurtzea eta ikustea, baita etxez etxeko laguntzarako boluntarioentzako jarraibide espezifikoak ere, Osasun Sailak ezarritakoak
- Erakundearekiko lotura: erakundearekiko etengabeko harremana, haren jarraibideei erantzutea eta ekintza bakoitzaren gauzatzearen berri ematea, eta, hala badagokio, antzemandako egoera edo beharrak jakinaraztea.
Formakuntza
Bolondres moduan laguntzeko izena ematen duten pertsonek zehazturiko baldintza horiek betetzen dituztela baieztatuko da lehenik. Ondoren, baldintza horiek betetzen dituzten pertsonak deituko dira, haien lan jarduna modu seguru batean aurrera eramateko oinarrizko formakuntza bat jasotzeko.
Helburua, beharrak sortzen direnean, bolondres sarea behar horiei erantzuteko prest izatea da.