Koronabirusa

Alerta egoerak ez zituen odol-emaileak atzera bota

Xabier Lasa 2020ko mar. 29a, 10:54

Larrialdi egoera honetan ez da beharrezkoa, elkartasunaren keinua da.

Hogeita hamar urnietar agertu zen odola ematera, joan zen martxoaren 17an Anbulatorio zaharrean antolatutako saiora. Zorionez, konfinamendu egoera indarrean egonagatik ere, odol-emaileenkopuruari eutsi egin zitzaion. Erizainak beti bezala agertu ziren odol erauzketak egitera, eta beti bezala Urnietako antolaketa taldeko lau emakumeak ondoan izan zituzten: Santiaga, Manoli, Eugenia eta Izaskun. Normaltasun osoz igaro zen saioa, hori bai, prebentzio neurri zorrotzak hartu ziren, launaka-launaka eta distantziak mantenduz aritu baitziren odola ematera bertaratu ziren urnietarrak. 

Antolaketa taldeko Izaskun Minerrek poza agertu du, larrialdi egoera dela-eta ez baitzuten espero jende askorik agertzea: “Inor azalduko ote zen galdetzen genion elkarri, baina ederki asko kunplitu zuten Urnietako odol emaileek. Gainera, bi pertsona berri azaldu ziren! Eskerrak eman behar zaizkie guztiei, egoera larri honetan erakutsitako eskuzabaltasunagatik”.

Koronabirusak jota ospitaletan dauden gaixoek ez dute odol transfusiorik behar, baina odola beti da premiazkoa, batik bat bestelako gaixotasunak dituzten gaixo kronikoentzat edota urgentziazko ebakuntza egin behar denerako.

Horrexegatik, Izaskun Minerrek adierazi du ezin garela erlaxatu odola ematearen ekintza horretan: “Ospitaletan odola beti eduki behar dute prest, ez baitakizu noiz sortu litekeen haren premia”.

Maiatzaren 11ko hitzordua
berrikuntza eta guzti dator

Berrikuntzak datoz bi hilabetez behin egiten den Urnietako odol ematearen ekitaldian. Izan ere, aurrerantzean Etxeberri plazan dagoen anbulatorio berrian egingo dira odol erauzketak. Maiatzaren 11n jarri dute hurrengo hitzordua.

Izaskun Minerrek odol emaile izateko ezaugarriak betetzen dituzten urnietar guztiei deia egin die, bertaratu daitezen: “Inoiz ez da berandu, eta benetan merezi du gizartearen alde eskuzabal jokatzeak. Geure esku dagoen ekintza txiki eta xume horrek beste jende askoren
biziak salba ditzakeela pentsatze hutsak, asebete behar gintuzke”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!