Sinetsi ere ez zuten egingo, bost hilabete atzera euren bizitzako bidaiak halako bukaera bihurria izango zuenik. Bost hilabeteko oporraldi luzean paradisuz paradisu ibili dira, zortea lagun Covid 19 koronabirus gaitza atzean uzten, baina Malaysian geratu behar izan dute gurpila. Erotzeko moduko 50 ordu bizi izan zituzten pasa den astean, Malaysiak herria itxi eta handik martxa egin ezean, handik atera ezinik tarte luzea egin beharko zutela jakinda. Orain etxean dira, zaintza berezian apirila hasi bitarte. Ibili diren tokietan gurean baino askoz konpromiso sozial handiagoa dutela diote: “Eskarmentua dute antzeko gaitzekin, hemen ez bezala”.
Aurreneko gauza, nola zaudete osasunez?
Agate Arregi: Ondo. Itzulerako bidaian herri askotako jendearekin egon ginen kontaktuan, eta Urnietara iritsi bezain pronto medikuekin harremanetan jarri ginen. Etxean berrogeialdia gordetzeko esan digute, badaezpada, 15 egunez.
Xabier Irastorza: Ez daukagu koronabirus gaitzaren sintomarik, momentuz, baina apirila hasiera arte egon beharko dugu zain, ziurtasuna izateko.
Hartutako jipoiari buelta eman al diozue?
X.I. Ari gara, jet lag-a, ero moduan egin genituen bizpahiru egun amaigabeak…
Irakurlea kokatzeko, Asia hego ekialdetik bidaia egiten ari zineten. Urrian abiatu zineten Urnietatik, eta apirila bukaeran zenuten bueltatzeko asmoa.
X.I. Bai. Bost hilabete daramatzagu hara eta hona. Txina, Filipina, Indonesia, Singapur, Vietnam, Kanbodia eta Malaysian ibili gara, Asiako hego ekialdean. Sri Lanka zen azken geltokia, baina beste batean izan beharko du.
A.A. Kuriosoa da, bost hilabete eman ditugu koronabirus gaitzetik ihesi, ihesaldia luzatzea ezinezkoa izan zen arte.
Nola izan da zuen harremana Covid 19 birusarekin?
A.A. Lehen kontaktua urtarrilean izan zen, Kanbodian. Wuhan-en birusa garatzen hasi zela entzun genuen, eta Txinako eskualde horretan zabaldu egin zela. Kanbodiako kostaldeko herri batean kasu bat agertu zela jakin genuen, Sihanoukville herrian. Bertan txinatar asko zegoen, Txinako Urte Berriagatik oporretan zeudelako. Thailandian ere kasu batzuk bazeudela esan ziguten, baino ez genuen halako alarmarik sumatu. Kontrolatuta zeukaten. Aireportuetan-eta zaintza zorrotza egiten zuten, baina bestelakoan murrizketarik ez zegoen. Edo guk ez genituen sumatu. Eta mugitu, mugitu gara asko.
X.I. Kanbodiatik Malaysiara joan ginen, eta interneten Euskal Herrian eta Italian kasu batzuk agertu zirela irakurri genuen. Malaysian 100 bat kasu zituzten zenbatuta, bertakoek esaten zigutenez, baina kopurua ez zen igotzen. Langkawi uhartera joan ginen, beti ere etxetik zer berri iristen zen adi. Ondoren Malaysia iparrerantz jo genuen, tea landatzen duten lur sail berezi batzuk bisitatzeko, eta hotelean check out-a egiterakoan, harreran esan ziguten herriko agintariek etxeratze agindua jarri behar zutela indarrean ordu batzuetan, hango meskita batean positibo batzuk antzeman zituztelako.
A.A. Ordu batzuk esan ziguten… Ez genekien zenbat ordu izango ziren, eta hurrengo destinora bidean, ferry batean ordu pare bat eman ondoren, posta elektronikoa kontsultatu nuen, eta urgent zioen abisua neukan, Espainiako Enbaxadako mezua. Telefono zenbaki bat erakusten zuen, eta zenbaki horretara berehala deitzeko aholkatu. Deitu nuen, eta esan zidaten etxera bueltatzeko hegaldia hartzeko lehenbailehen. Gaixotzen baginen, han ez gintuztela artatuko esan ziguten, segurua izanda ere. Egoera berezia denez, lehentasun osoa bertako herritarrek zutela esan ziguten.
Eta nola erreakzionatu zenuten?
A.A. Momentuan bertan hegaldi bat hartu genuen Qatar Airways konpainiarekin, Kuala Lumpur hiriburuko aireportura garaiz iritsiko ginela ziurtatu ondoren. Kuala Perlis herrian geunden, eta han autobus bat hartu genuen Ipoh herriraino, 900 kilometroko bidaia zortzi ordu luzez. Gaua pasa genuen Ipoh-n. Handik Kuala Lumpurrera lau ordu gehiago genituen. Ipoh hirian, autobus geltokiko langileek eta hoteletako harreretako beharginek aireportua itxita zegoela esan ziguten, alferrik joango ginela haraino. Jakina, beldurtu egin ginen asko. Berriro enbaxadara deitu genuen, eta zorionez gezurtatu egin ziguten herritarren ahotik entzun genuena. Ipoh hiriko hotelean gaua pasa, eta goizean goiz enbaxadara deitu genuen berriro. OK-a eman ziguten bigarrenez, txartela erosi genuen hegazkin konpainiak hegan egiten bazuen, ba guk ere hegaldia izango genuela.
X.I. Arratsaldeko 16:00tan taxia hartu genuen Ipoh-n, baina kostata, autobusik ez zegoelako, eta hiria erabat itxita. Supermerkatuak bakarrik zeuden irekita. Ez gintuen inork eraman nahi, eta azkenerako 80 urteko agure bati esker iritsi ahal izan ginen Kuala Lumpurreko aireportura.
Ze panorama ikusi zenuten aireportuan? Kaos handi samarra, pentsatzen dut…
A.A. Beldurtzeko modukoa. Lepo betea zegoen, milaka pertsona han, gure egoera berean. Informazio pantailetan begiratu genuen, ea gure hegaldiaren informaziorik agertzen ote zen, baina hegaldi denak suspendituta zeudela ikusi genuen. Denetan cancelled hitza agertzen zen. Aireportutik irten ezinik geratu beharko genuela uste genuen. Qatar Airways konpainiako leihatilara joan ginen galdetzera, eta han gaueko 23:00ak arte itxaron beharko genuela esan ziguten. Gure hegaldia goizaldeko ordu bietan zen, eta informazioa hiru ordu lehenago agertzen omen zen pantailetan.
X.I. Aireportutik kanpora atera ginen, ze barruan histeria handia zegoen, jendea maskaratxoarekin eta beste. Gaueko 23:00ak iritsi zirenean hegaldia available edo prest zegoela ikusi genuen, eta orduan hasi ginen sinesten Malaysiatik aterako ginela, une horretan geneukan lehentasun bakarra. Gurea izan zen Malaysiatik atera zen azken aurreko hegaldia. Ordu pare bateko margenagatik irten ahal izan genuen Kuala Lumpur hiritik. Aireportuan Bilboko jendea ezagutu genuen, eta han geratu ziren zain. Ez dakigu etxera bueltatzeko aukera izan duten edo ez.
Lehen hegaldia hartu ondoren, lasai geratu zineten.
A.A. Bai. Doha-n, Qatarko hiriburuan genuen geltokia, baina ez gintuen arduratzen, transitoan geundelako. 7 orduko hegaldia izan zen Doharaino, eta handik Bartzelonara, ez naiz gogoratzen jada zenbat ordu gehiago, beste hainbeste, gutxienez. Hor ere zortea aldeko izan genuen, Dohatik Bartzelonara zihoan gurearen aurreko hegaldia bertan behera geratu zelako.
Arazorik izan al zenuten Bartzelonako El Prat aireportura iritsi zinetenean?
X.I. Ez. Aireportuko Guardia Zibilei gure kasua esplikatu genien eta ez ziguten arazorik jarri. Auto bat alokatu genuen, Donostiaraino. Huesca aldean errepide kontrol bat pasa genuen, baina Guardia Zibilari hegaldiko txartelak erakutsi eta listo, ez ziguten oztoporik jarri. Malaysian ferry-a hartu genuenetik, guztira, 50 bat orduko road movie-a bizi izan dugu (akzio pelikula, ingelesez).
Zer moduz etxean, Urnietan egin dituzuen lehenengo egunetan?
X.I. Osasun sailarekin harremanetan jarri ginen aurren-aurrena, gure kasua azaldu, eta ea nola jokatu behar genuen. 15 bat egun isolatuta egoteko agindu digute, apirilaren 2a arte. Malaysia ze egoeratan zegoen ere begiratu dugu sarean. Dena itxita dago martxoaren 31era arte, eta inguruko herriak ere bai. Eskerrak handik atera ahal izan ginela. Herrian, eta Euskal Herrian, oro har, itxura txarra sumatu dugu. Etxera bueltatu, bost hilabete eta gero, eta familia eta lagunekin egoteko aukerarik ez izatea, besarkatzea, gogorra egin zaigu. Gustura gaude, dena den. Egun batzuk ero moduan ibili eta gero, ondo etorri zaigu deskantsatzea. Egun batean paradisuan geunden, eta hurrengoan, kartzelan. Horrela sentitzen gara.
Itxuraz, ibili zareten eskualdeak ez dauka Euskal Herrian, Mendebaldeko jendartean dugun aurrerapen teknologikorik, eta hemengo biztanleon ustetan, han koronabirus gaitzak hedapen handiagoa edukitzea litzateke normalena, baina ez da hala izan. Zergatik?
X.I. Han eskarmentu handiagoa dutelako halako gaitzekin. 2005ean SARS delako gaitza pasa zuten (ingelesez severe acute respiratory syndrome, euskaraz arnasteko sindrome zorrotz larria). Orduz geroztik, Taiwan, Hego Korea eta beste herri asko beste pandemia bat hartzeko zain daude, prest, hamarkada luze bat.
A.A. Kontzientziaz ere erabat ezberdina da hango gizartea. 50 kasu badaude, dena itxi eta kontrolatu egiten dute, ez dira epe luze bat egoten neurriak hartu gabe, edo zalantzarik egiten. Inor ez da kalera ateratzen, arauak betetzen dituzte zorrotz. Erosketak astean behin egin behar badira, ba astean behin egiten dituzte. Garraio publikoak, taxisak, dena errotik mozten dute, eta jendea etxean geratzen da. Arauak hausteko maltzurkeriarik egin gabe. Osasunik gabe ezer ez dutela sinetsita daude, eta praktikara eramaten dute, muturreraino. Gu Bartzelonara iritsi ginen hegazkinean hainbat herritako bidaiariak zeuden, eta denak Bartzelonara joan ziren. Pentsa hor ze arriskua dagoen, ze foku sor daitezkeen birusa zabaltzeko.
Zuen bizitzako bidaia horrela bukatu izanak ere zer pentsatua emango dizue, ezta?
X.I. Beno, esan dugun bezala, koronabirus-a gertu genuela sentitzen ibili gara egun askotan, baina beti salbu. Egoerak bueltarik ez zeukan arte. Hilabete eta erdi genuen oraindik aurretik, Sri Lanka bisitatu nahi genuen lagun batzuekin, bidaia ezin hobe bukatzeko, baina ez da posible izan. Etxean gaude, ondo, eta gaitzerdi. Bost hilabete zoragarri pasa ditugu, eta hori betirako gure barruan emango dugu.