AGUSTIN URRETABIZKAIA
MAGALE IKASTETXEKO ZUZENDARI PEDAGOGIKOA
Nola eragin dizue ikastetxeen itxierak?
Ikasleek etxetik egiten dute lana eta irakasle askok ere telelanaren bitartez ari dira lanean; irakasle gutxi batzuk hemen gaude ikastetxean, bakoitza gela batean eta geure artean ez daukagu ia kontakturik. Kontaktua telefonoaren bitartez egiten dugu.
Irakasleon antolakuntzari dagokionez, bilerak egiten jarraitzen dugu, baina “meet” plataforma erabiliz, hau da, bideo konferentziaz egiten ditugu bilerak.
Klaseei dagokionez, ordutegi normalarekin burutzen ari gara. “Classroom” plataforma erabiltzen dugu. Ikasle bakoitzak ordenagailu bat du etxean. Ez dugu esango normaltasunez ari garela lanean, baina egokitzen ari gara; ikasleekin kontaktuan jartzen gara, bideokonferentziaz lanak jartzen ditugu eta klasearen amaieran lan horiek jaso egiten ditugu. Arlo bakoitzean modu ezberdinean ari gara, baina kontaktuan gaude ikasle gehienak eta ikaslearen gehiengoak klaseak jarraitzen ditu. Egia da ere, beti dagoela klaseak jarraitzen ez dituen ikasle horietakoak, baina tira. Guretzako sorpresa handia izan da, oro har jarraipen handia egiten ari direlako. Lehengo ordutegia mantendu dugu.
Astebete soilik pasa da, baina pozik gaude.
Orain zalantzak ditugu azterketak nola egin; formulario bidez, ikasleek azalpenak eman ditzatela eta plataformara igo etab. Modu ezberdinak pentsatzen ari gara.
Nola eragin du egoerak ikasleen ikasketa mailean?
Oraindik ez det uste eragin handiegia eduki duenik. Honek alde positiboa eta alde negatiboa du. Alde postibioa izango litzake, ikasleak ari direla konturatzen bakarrik asko egin dezaketela. Ikasgelan daudenean ondoan beti laguntza dute, baina etxean daudenean euren kabuz moldatu behar dira. Beraien artean kontaktu asko egiten ari dira zenbait plataformen bitartez. Hori guztia lagungarria izan daiteke, hau guztia amaitzen denean, ohartu daitezen bakarrik ere gauzak egin daitezkeela, eta ondo gainera. Ikasle batzuentzako, berriz, zailtasunak sortu daitezke. Ikasle batzuk laguntza gehiago behar dute azalpenei eta ulermenari dagokionez. Bideokonferentzia egin daiteke, baina ez da berdina. Orduan ikasle batzuentzako zailagoa egiten ari da jarraipena. Beste batzuk adierazi digute, etxekolanak azkarrago egiten dituztela etxean, klasean distraitu egiten direlako.
Batxilergoak eta selektibitateak kezkatzen zaituzte?
Kezka puntu bat badaukagu. Batik bat ez dakigulako noiz egingo den. Hasiera batean, maiatza erdikalderako klaseak amaituta egon behar ziren, baina pentsatzen dut ezinezkoa izango dela. Orduan aipatzen dute uztailera atzeratuko dutela. Kezka puntu hori badugu, gehiegi luzatzearena. Hala ere, batxilergoko ikasleek lanean jarraitzen dute etxetik, badakitelako agian selektibitatea egin beharko dutela.
Alor psikologikoak kezkatzen zaituzte?
Oraindik ez dugu horretan pentsatu. Irakasleak eta tutoreak kontaktuan daude ikasleekin eta hauek aspertzen direla etab kontatzen diete. Baina astebete igaro da soilik, aurrerago ikusi beharko da zein den egoera.
AMAIA AMUTXASTEGI
EGAPE IKASTOLAKO ZUZENDARIA
Egape ikastolako Bigarren Hezkuntza DBHko zuzendari Amaia Amutxastegik Aiurrik egindako galde-sortaren harira, honako hausnarketa helarazi du: "Egapeko Bigarren Hezkuntzan urteak dira baliabide teknologikoak txertatuta ditugula gure ikaskuntza-irakaskuntza prozesuetan. Esan beharra daukagu 2012-2013 ikasturtean lortu genuela IKT Eredu maila aurreratua.
Koronabirusaren krisia dela eta, eskola ez-presentziala eman beharrean aurkitu gara. Erronka ez da makala, baina ohikoa da gure egunerokotasuneko irakas-praktikan teknologia berrien erabilera eta daukagun esperientzia baliatzen ari gara orain.
Bestalde, egoera honek beste hainbat aplikazio erabiltzera eraman gaitu eta egun hauetan meet aplikazioaren bitartez bideokonferentziak egiten ditugu ikasleekin eta baita irakasleen arteko bilerak egiteko ere.
Eskolak emateko Google Appseko baliabideak (drive, classroom, hangout, meet…) eta liburu digitalak erabiltzen ari gara. Honela ikasleei komunikatu dizkiegu arlo bakoitzean egin beharreko jarduerak eta haiek egindakoak jasotzen ditugu. Modu honetara, irakasleen eta ikasleen arteko hartu-emana bermatzen dugu.
Garrantzitsua da ikasleek lan plangintza jarraitzea eta eskola ordutegia errespetatzea etxean daudela ere, irakasleek lana programatuta dute eta zeregina badute. Lan ohiturak bermatzea beharrezkoa da, ez baitakigu krisi egoera hau zenbat luzatuko den. Ikasleek badakite noiz eta nola jarri daitezkeen harremanetan irakasleekin, are gehiago, pedagogia terapeutikako irakasleak laguntza eskaintzen die on-line bere arreta jasotzen duten ikasleei.
Bestalde, tutoreek Inika bidez jartzen ari dira harremanetan familiekin 2.ebaluazioa ondoren irakasle taldearen aldetik ikasleen jarraipenaren inguruko informazioa komunikatzeko.
Edozer zalantza edo kezka izanez gero, goizero zuzendaritzako kideak ikastolan gaude.
Momentuz gure ohiko programazioaren jarraipena egiten ari gara. Ikasleak motibatuta daude oraingoz eta ordutegiarekin jarraitzen dute.
Zuzendaritza ere familiekin harremanetan gaude eta aholkuak eskaintzen ari gara etengabe gure gaztetxoek bere egunerokotasuna jarrai dezaten.
Gu ahalegina egiten ari gara ez-ohiko egoera honek gure ikasleengan eragin kaltegarririk izan ez dezan.
Egoerak psikologikoki eraginik ez izatea espero dugu, guk behintzat normaltasun osoz eta epe laburreko egoera gisa hartu dugulako. Eta horrela transmititu diegu gure ikasleei.
Gure kasuan batxillergoa izango litzateke ondorengo ikasketa eta ez digu honek kezkarik sortzen, denok egoera berdinean gaudelako. Gainera, gure aldetik krisi hau erronka moduan hartu dugu eta momentuz behintzat eraginkortasunez eta animoso ari gara erantzuten".