Koronabirusa

Koronabirusa nire leihotik

Pablo de Torres 2020ko mar. 28a, 09:43

Egutegi txinatarraren 4717 urteaz geroztik, joan zen urtarrilaz geroztik, alegia, Koronabirusaz hizketan ari naiz. Gure hornitzaile txinatarrek ezin izan zuten hainbeste esperotako Urteberri txinatarra ospatu, ezta euren lanpostuetara normaltasunez itzuli ere… Orduz geroztik eta gaurdaino, gure hornitzaile italiarrak ere gogoan hartuz, pandemia honen inguruan hizketan nahiz entzuten ari naiz, baita hura bizitzen ere.

Berehala iritsi zen gure artera eta bertan behera utzi zituzten kirol jardunaldiak, entrenamenduak, eskolak; alarma egoera eta konfinamendua etorri ziren, supermerkatuetako ilara luzeak… Egun gutxiren buruan, 10.120 kilometrora zegoela esaten zen hura gure artera ailegatu zen.

Milaka lerro, orduak eta orduak irrati nahiz TVaren aurrean iruzkinak, bideoak, konta ezin ahala whatsapp-mezu. Orain diogun guztia atzenduta geratuko da seguruenik ordu edo minutu gutxi barru. Guztiontzat ezezaguna den egoera berrian gaude. Gure hiztegia zabaldu dugu: Koronabirusa, Covid-19, pandemia, alarma egoera, aurpegi-babes edo maskarilla ffp2… Ez dakigu zeintzuk izango diren biharko kutsatuen datuak, ez eman beharreko pauso berriak, ezta kutsatuta egongo ote garen edo sendatuta ere.

Dakigun gauza bakarra, gaur gertatzen ari dela. Egoera horri esker Euskadiko osasun zerbitzua oso ona dela ohartu gara, euren onena ematen ari diren profesional bikainak ditugula. Era berean, logistikako pertsonala, supermerkatuetako langileak, segurtasun gorputzak, auzoetako saltoki txikiak, garbiketa zerbitzuak, botikariak eta beti hor egon diren, dauden eta egongo diren profesional ugari. Eskerrik asko!

Aitak eta amak ere handiak zarete! Guztia emanaz, beste behin! Ikastarorik egin gabe hortxe: pailazo, animatzaile, papiroflexia, eskulan, mahai-jolas, tunel edo arku… Hori bai berrikuntza eta berrasmatzea! Eguna joan eguna etorri, haur eta helduen ondoan zaudete, ingurua goxatuz eta lasaituz.

Eta zenbat gazte ekintzaile! Joko birtualak sortu dituzte batzuek, batak besteari luzatzen dizkion erronka ezberdinak, Skipe, Whatsapp edo Hangoutseko elkarrizketak…

Beharrezko distantzia mantenduz, janaria eramateko nahiz behar duten laguntza eskaintzeko bisitak egiten dizkiegu etxean dauden adineko pertsonei. Haiek ere teknologia berriak erabiltzen ikasi dute.

Txartel bidezko ordainketa indartu egin da, balkoietako omenaldi edo protestak, txistu eta abeslarien emanaldiak, disko festak… Leihotik edo balkoitik telefono finkoa dugula jabetu gara eta baita martxan dagoela ere.

Ikasle eta irakasleak ere erronka berri baten aurrean daude, etxean bertan, online bidezko eskola-ordu jarraietan.

Gizakiok gizarteratzeko dugun beharraz konturatu gara, bereziki.

Produktibitatea, lanordu luzeko lanaldiak eta kontsumoa gailendu dira orain artean eta, bat-batean, garrantzitsuena gure aurrean daukagula konturatu gara: geure buruak, geure familia eta lagunak, geure bizilagunak… Ez dugu azken modelitoaren, bitxien edo kotxe handien beharrik.

Gezur eta zurrumurruak alde batera utzi eta “ingeniari talde batek 3D inprimagailu bidez, low cost arnasgailuak sortu ditu” moduko albisteen handitasuna azpimarratu nahi dut.

Handiak gara. Hau guztia azkar igarotzea nahi dugu, eguneroko bizitza egin nahi dugu. Laster elkartuko gara elkarte, plaza, parke edota herriko tabernetan, jolastoki ezberdinetan… Elkar besarkatuz ospatuko dugu Realaren gola eta gure bilobei azalduko diegu nola igaro genuen 3, 6 edo 8 asteko berrogeialdia.

Baina orain, ni etxean geratzen naiz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!