Koronabirusa

“Pandemia bati aurre egiteko ez geunden prestaturik”

Aiurri 2020ko api. 7a, 10:37

Leire Ibarbia Osasun arloko profesionala da, eta Aiurriri eskainitako elkarrizketan egun hauetan bizi duten egoera deskribatu du.

Gizarte bizitzan parte hartze aktiboa duen urnietar horietakoa da Ibarbia. Bereziki, Sanmieletan. Jaiak gozatzeko eta herria indartzeko baliagarria dela sinestuta, beste herrikide batzurekin batera San Miguel eguna indartzeko lanean ari da. Oso egoera bestelakoa tokatzen ari zaio bizitzea, aste hauetan.

Osasun arloko profesionala zaren aldetik, nola bizi duzu egoera?

Urduri. Egoera gogorra da. Orain bizitzen ari garena berria denez ez daukagu esperientziarik, eta gauza asko momentuan erabakitzen dira.

Zure egunerokoa azalduko zenuke?

Une honetan, ospitalean egiten dut lan administrari gisa. Pertsonala atalean. Lanez lepo gabiltza eta aldaketa askorekin, denok bezala.

Txaloak jasotzen dituzue iluntzero. Zer sentitu duzue?

Poza, jendearen elkartasuna ikustea. Malkoak erortzen zaizkit egun askotan. Espero dugu, hau dena pasatzen denean, osasun zentroa edo ospitalera joaten direnean, ez ahaztea egiten ari garen esfortzuaz eta langileak errespetuz tratatzea. Halere, txalo hauek denentzat dira, bai osasun arloko profesionalentzat, zahar etxeko langile, gizarte laguntzaile, dendetako langile, garbitzale, kamiolari, udaltzain, ertzain eta abar. Hau da, langile guztientzat, baita etxean dauden ume, nerabe, gazte eta helduentzat: Denentzat. Bakoitzak bere eginkizuna bait dauka erronka honetan.

Espero dugu, hau dena pasatzen denean, osasun zentroa edo ospitalera joaten direnean, ez ahaztea egiten ari garen esfortzuaz eta langileak errespetuz tratatzea

Zein irakaspen atera beharko liratekeela iruditzen zaizu?

Ez geundela horrelako pandemia bati aurre egiteko prest. Donostialdeko eremuan ikusten dut bertako langileak eta ospitaleko nagusiak %150a ematen ari direla lanean. Egia da jende askok deitu duela lan egiteko, momentu gogor hauetan laguntzeko asmoz eta horrek poz handia ematen du. Honek bertan bizi garenon arteko elkartasuna adierazi nahi du. Une honetan Osakidetzak balliabide guztiak jarri ditu eskura, horrez gain, lehen arretako eta ospitaleko zerbitzuak berrantolatu ditu eta aldaketa hauekin, langileak epidemia gainditzeko gogor ari dira lanean.

Nere ustez, azkeneko urtetan, osasun arloan murrizketak egon direla agerian gelditu da, batez ere, osasun ikerketan eta langileen kopuruan.

Nere ustez, azkeneko urtetan, osasun arloan murrizketak egon direla agerian gelditu da, batez ere, osasun ikerketan eta langileen kopuruan. Bere garaian jende asko joan baitzen atzerrira, hemengo lan baldintzak ez zirelako onak: Lan kontratu oso motzak, langabezia, eta abar. Une hauetan jende falta eduki dugu. Horrez gain, osasun arloko ikasketak egiteko plaza gutxi daude eta gainera, nota oso altua da sartzeko, ondorioz, bokazioa duten ikasle asko kanpoan gelditzen dira. Espero dut, erronka hau gainditzean ikerketa, osasun ikasketetan, osasun sistema eta osasun materialen hornikuntzan aldaketak egotea.

Etxean gelditu, denok elkarrekin gaindituko dugu, txaloak denentzat!

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!