Erizaintza 2017. urtean bukatu ostean, 2018an EIR (Enfermero Interno Residente) formakuntza berezia egin eta emagin egoilarra izatera pasa zen (2018-2020). Hauxe bere lekukotza, Koronabirusaren krisiaren harira.
Osasun arloko profesionala zaren aldetik, nola bizi duzu egoera?
Nere egoera zertxobait berezia da; erizaintza bukatu nuenetik emagina izateko espezializatzen ari nintzen eta maiatzean bukatzen nuen nire formazioa. Egoera berri honen aurrean, formakuntza eten egin digute eta emagin egoilarrei Eibarreko ospitalean lan egitera bidali gaituzte; beste ospitale batzuetatik datozen Covid-19 (+) diren eta gabezia kognitiboa duten pazienteentzako ireki duten planta batera. Ez dugu ezetz esateko aukerarik izan, hortaz, beldurra zen lehen azaldu zen sentimendua.
"Ez dugu ezetz esateko aukerarik izan, hortaz, beldurra zen lehen azaldu zen sentimendua".
Behin lanean hasi ondoren, laguntzeko gogoak indar handia hartu du, gure egoera ez delako erraza, baina pazienteak dira benetan egoera gogorra bizitzen ari direnak: beren familiengatik urrun, bakarrik beste hiri bateko ospitalean, telebistarik gabe... isolatuta daude.
Zein da zure egunerokoa?
Hamabi orduko lanaldiak egiten ditugu. Plantan 'gune zikina' eta 'gune garbia' bereizten dira; turnoak egiten ditugu gune batean zein bestean egoteko, 3-4 ordukoak gutxi gorabehera, zeren eta 'gune zikinean' sartzeak kutsatzeko arriskua areagotzen du. EPIa jantzita sartu behar dugu (maskarilla, betaurrekoak, bata...). Beroagatik maskarillak eta betaurrekoek aurpegian uzten dituzten markak eta eragiten duten buruko mina da okerrena.
"Beroagatik maskarillak eta betaurrekoek aurpegian uzten dituzten markak eta eragiten duten buruko mina da okerrena".
Gehien gustatzen zaidan momentua gaixo dauden senideekin bideo deiak egiteko unea da, izan ere plantan dauden adineko gehienek ez dakite mobilen funtzio hori erabiltzen eta guk laguntzen diegu beren familiarrekin kontaktatzen; familiak asko eskertzen du, zuzenean ikusteko aukera dutelako. Egoerak dakarren antsietatea baretzen laguntzen du.
Txaloak jasotzen dituzue iluntzero. Zer sentitu duzue?
Etxean nagoenean txalotzera ateratzea gustoko dut, gure lanari aitortza ematen diotela uste baitut. Ez gaude horretara ohituta; erizainon lana beti bigarren postu batean geratzen da, medikuenaren atzetik gehienetan. Ospitalean lanean gaudela kanpotik txaloak entzuteak indarra ematen du, hunkigarria da.
Hala ere, uste dut txalo horiek ez liratekela bakarrik osasun langileei zuzenduta egon behar, badira behar beharrezko bilakatu diren beste lanbide batzuk eta ez daude gure errokonozimendu berdina jasotzen ari.
Krisi honetatik zein irakaspen atera beharko liratekeela iruditzen zaizu?
Gure egunerokotasunaren parte ziren plazer txikien garrantzia agerian geratu da: mendi buelta bat ematea, lagunekin afaltzera joatea edota besarkada batek duen garrantzia. Gerora beste modu batean baloratuko ditugula pentsatzen dut, hasiera batean behintzat bai. Oso bizimodu frenetikoa genuen berrogeialdia baino lehen, gelditzeko unea izan da, eta horrekin batera ditugun beldurrei, sentimenduei... aurrez aurre begiratzeko unea da. Ez baitugu ihesbiderik. Norbera bere buruarekin egoteko momentu bat da.
Gainera, honekin guztiarekin batera Amalurrak arnasa hartzeko aukera duela dirudi. Gu ez egoteak mesede egiten dio, eta horrek ere hausnarketarako bidea ematen du.