Aste Santu betean gaude, urteko jai egun ilara handiena. Opor eta udaberri usaina kalean, 22 gradu eguzki epelean. Jendea etxeetako balkoietan, eguzki printzen bila, solasean edo irakurtzen. Urnietan, Idiazabal kalean, herriko kale komertzialeneko bihotzean dago Itxaspe komertzioa, denetarik eskaintzen duen iraganeko Ultramarinos kutsuko denda bakarretakoa, herri guztian. Lourdes Lizaso aritzen da goizez, lanean. Goiz guztia jo eta su darama jardunean, arnasa hartzeko tarterik gabe, ia-ia. Supermerkatu handi gehienak itxita daude, jai egun hauetan, eta herritarrak Itxaspera bertaratzen dira, egunekoa, edo egun batzuetakoa erostera.
Nahikoa da bezeroren batek hiruzpalau elikagai erostea, ilara biderkatzeko: “Normalena behin etorri eta gauza asko erostea litzateke, egunero ogia erostera etorri baino, ezta?”, dio Lourdesek. “Aste honetan norbaitek 10 ogi barra eraman zituen etxera, eta beste bezeroak harrituta. Niretzat denok hala egin beharko genuke. Gutxiago etorri, eta gehiago erosi, egunero erostera etorri baino. Baina, egunero kalera ateratzeko aukera bakarretakoa da dendara etortzea…”.
Ogia, fruta, berdura apur bat, esnea… Oinarrizko erosketa egiteko minutu batzuk behar dira. Zortzi bat lagun ilaran, “ene!” botatzen du Lourdesek. Lana, negozioa, asko hazi dela aitortzen du, eta hori ona dela bertan lanean ari direnentzat. Eta garbi dauka: “Bezeroek ordu laurden itxaroteko pazientzia baldin badute, langile garenok ere neurriko pazientzia erakustera behartuta gaude, gutxienez”.
Jendea urduritasun puntu batekin ikusten du zerbitzariak. Erosketak egiten dituzten askok solasaldia edukitzeko baliatzen dute bost minutuko erosketa tartea, eta horiei entzunez jabetzen da Lourdes jende dezente larri dabilela: “Batez ere bakarrik bizi den jendea. Azkar nabaritzen da hizketarako gogoarekin datozela. Bete-bete eginda daudenak ere bai, haurrak izan, eta etxean balkoi txikiena ere ez, haizea hartzeko”. Zerbitzari eta psikologoa da Lourdez, erdi eta erdi: “Etorkizunari buruz mintzatzen dira asko. Ez dakit zer gertatuko den, baina askok panorama beltza aurreikusten dutela sumatzen dut”.
Halaxe joaten zaizkio egunak Lourdes Lizasori. Bezeroari plastikozko esku larruak janzteko eskatu, demanda bildu, sosak eskatu, ilarari erreparatu, eta konturatzerako, ixteko ordua iristen zaiola jabetu. Bihar beste egun bat izango da. Egun bat gutxiago ilaran zain egoteko.