Urnietako ikasleen iritzia azterketei eta selektibitateari begira

Mikel Arberas 2020ko api. 13a, 13:00

Aste Santuko oporraldian murgildu da hezkuntza sistema, inoizko egoerarik berezienean. Egape Ikastolako eta Magale ikastetxeko ikasleekin izan da Aiurri, azterketei eta selektibitateari buruz hitz egiteko.

Berrogeialdia dela medio ez-ohiko egoera bizi dute milaka ikaslek. Eskolara joan gabe daude, martxoaren 13az geroztik, eta, beraz, ziurgabetasun egoera honetan etxetik ikasi behar izaten dute. Laister azterketak edukiko dituzte eta hauen ostean, hautaprobak. Horregatik, ikastetxe ezberdinetako ikasleen iritzia jakin nahi izan dugu.

UNAI IRAOLA
URNIETAKO BATXILERGOKO IKASLEA

Selektibitatea atzeratu dute, kezkatuta zeunden bereziki horrekin?

Zertxobait bai, izan ere, ez dakit benetan prest egongo garen selektibitaterako. Azkenean, klaseak ikastolan bertan egin edota online egitea ez da batere berdina eta ematen den materia nahiz eta antzekoa izan, ez da behar bezala ematen.

Zure esku egongo balitz, zer egingo zenuke? Denei aprobatu orokorra, adibidez? Ala zer?

Nik ez nuke aprobatu orokorrarena proposatuko, baina bai selektibitatea bertan behera uztea eta azken ebaluaketa hau, etxean eginiko lanen bidez ebaluatzea. Horrela, Unibertsitateetara sartzeko bataz besteko nota 10etik egingo litzateke 14tik egin beharrean; izan ere, nire ustez, selektibitateari garrantzi gehiegi ematen diote eta guk benetan batxilergoko 2 urte hauetan egin duguna ikastolako nota horietan ikusten da eta ez azken azterketa honetan, egun txar batek etorkizun “ideal” hori kolokan jarri dezakelako.   

Nola prestatzen ari zarete? Zaila egiten da etxetik eguneroko lanei eustea? Zehaztu zein irakasgai egiten zaizkizun zailenak etxetik jarraitzeko.

Zaila da etxean ikastolan egiten ditugun ordu guztiak egitea. Nire ustez, inoiz baino lan gehiago bidaltzen ari dira edota gehiago egiten ari gara. Nire kasuan, goizeko 8:00tatik arratsaldeko 18:00etara egon izan naiz lanak, bideodeiak, taldekako lanak etab. egiten. Erabat nekagarria da eta gainera ezin gara kirola egitera edota lagunekin  lasai egotera atera.

Egia da, asignatura tronkalak (3 hizkuntzak, historia eta matematika) edota garrantzitsuak (biologia eta kimika) ez diren irakasgaietako irakasleek hori kontuan hartu dutela eta lan gutxiago bidaltzen dizkigutela. Hala ere, gainerakoak gogorrak egiten dira eta niri gogorrena kimika eta matematikak egiten zaizkit, hauek, azalpen sakonak behar dituzten arloak baitira. Baina, aipatu beharra dago bi arlo hauetako irakasleek ere ahal dutena egiten dutela guri azalpenak emateko: bideo deien bitartez, haiek eginiko apunteen bidez edo postaz gure zalantzak argitzen.

Zer moduz bizitzen ari zara konfinamendua?

Pentsatzen nuena baina hobeto, orain oporrak direla nahiko ondo moldatzen naiz eta nola edo hala kirola egiten saiatzen naiz

Konfinamenduak nire ustez onurak ere ekar ditzazke: etxekoekin denbora gehiago igaro dezakegu, gure pentsamendu sakonenetan murgildu gaitezke eta gure barne arazoen inguruko hausnarketa egiteko denbora ere badugu, galerian sartu eta lagunekin bizitako momentu haiek gogora ekar ditzazkegu berriro ere...

Zer da faltan botatzen duzuna?

Gehienbat lagunak eta kirola. Nire dantzako kideak izugarri botatzen ditut faltan, haiekin batera egon eta dantzatzea. Ikastolako jendea ere ezin dut burutik kendu, bizitzan lehenengo aldiz ikastolara joateko gogoa dudala esan dezaket. Horrez gain nire kuadrillakoak ere ezinbesteko ditut. Laburbilduz, sozializatze hori botatzen dut faltan.

MARIA MURO 
URNIETAKO BATXILERGOKO IKASLEA

Selektibitatea atzeratu dute, kezkatuta zeunden bereziki horrekin?

Noski. Pandemiarik gabe ere kezkatuta nengoen selektibitatearekin, baina egoera honek egonezin handia sortu dit.

Zure esku egongo balitz, zer egingo zenuke? Denei aprobatu orokorra, adibidez? Ala zer?

Oso zaila da erabaki bat hartzea. Zorionez, bigarren ebaluazioa amaitzeko astia eman zigun. Bi horiekin bataz bestekoa egitea zentzuduna iruditzen zait. Hirugarrengoarekin zer egin asmatzea zailagoa da. Etxetik egindako lanak ebaluatzea oso zaila eta astuna da irakasleentzat. Guretzat heldutasun froga bat da, lan egiten dakienak hala egingo du eta irakasleek badakite hori. Nire ustez, erraztasunak jarri beharko lituzkete lehenengo bi ebaluazioetan gairen bat utzi duenari gainditzeko aukera emateko. Azterketak online egitea, horien ordez txostenen bat, ez dakit. Behin bi ebaluazio gaindituta, hirugarrenari nota jartzea ez dela bidezkoa uste dut, egoera berezi honek ikasleak ebaluatzeko modu berezi batzuk eskatzen baititu.

Selektibitatea ere aldatu beharko litzateke. Kontuan hartu behar dute ez dugula temarioa amaitu, eta etxean gure kontu ikastea ez dela berdina. Inpotentzia handia sentitzen dugu gai honekin, ez dakigulako zer gertatuko den. Gaiak murriztea ezinezkoa da, guztiok ez dugulako orden berdinean ikasten. Flexibilitatea eskatzen dugu, galderak aukeratzeko orduan. Horrela, guk ondo ikasi ditugun galderak erantzungo genituzke, eta etxean gure kontu ikasi behar izan ditugun galderak baztertu, gure notan kalterik izan ez edukitzeko.

Nola prestatzen ari zarete? Zaila egiten da etxetik eguneroko lanei eustea? Zehaztu zein irakasgaiegiten zaizkizun zailenak etxetik jarraitzeko.

Irakasleekin konferentziak izan ditugu plataforma ezberdinen bitartez, batez ere, gure zalantzak argitzeko. Horrez gain, aste bakoitzeko plangintza eta egin beharreko lanak bidaltzen dizkigute. Denbora guztian izan dugu irakasleekin komunikatzeko aukera, zalantzak argitzeko. Hala ere, nahiko zaila izan da lan-erritmo ona mantentzea. Bakoitzaren lan egiteko gaitasunaz gain, orain gure kontu dago ikasgai-zerrenda ikastea. Eta irakasgai batzuetan hori oso zaila da. Ingelesa, euskara eta modukoak ariketa bidez landu ditzazkegu, baina historia eta biologia moduko irakasgaiek irakaslaren azalpenak behar dituzte, guk ulertzeko. Irakasgai hauen antolaketa modua erabat aldatu da, eta orain geure esku dago ulertzea. 

Zer moduz bizitzen ari zara konfinamendua?

Espero nuena baina hobeto. Oso garrantzitsua izan da ordutegi bat egitea, burua ez galtzeko. Orain beranduago esnatzen naiz, bestela egunak luzeegiak egiten dira. Bederatziak aldera hasten naiz lanean eta ahal dudan heinean nire burua okupatuta mantentzen saiatzen naiz, ikastolako lanekin ez bada, irakurtzen edo eskolaz kanpoko jarduerak egiten. Izan ere, pianoko eta frantseseko irakasleekin klaseak mantentzen ditut, online. Ez naiz behin ere etxetik atera azken bi astetan, eta batzuetan airea behar dut, baina bestela nahiko ondo.

Zer da faltan botatzen duzuna?

Mugimendua botatzen dut faltan, dena dago geldi, tristea da. Eta jendea orokorrean, baina familia eta lagunak batez ere. Eta bestela nire errutina “normala” botatzen dut faltan, dantza egitea, autobusa hartzea, ikastolara joatea etab. Nire ustez, hemendik ateratzen garenean eguneroko gauza txikiak gehiago hartuko ditugu kontutan.

IKER GODOY
URNIETAKO MAGALEKO BATXILERGOKO IKASLEA

Selektibitatea atzeratu dute, kezkatuta zeunden bereziki horrekin?

Egia esan, ikasturtean zehar ez naiz gehiegi kezkatu selektibitatearekin. Egunerokoa nahiko ongi eraman dut eta nahiko lasai nengoen egoera hau jazo den arte.

Zure esku egongo balitz, zer egingo zenuke? Denei aprobatu orokorra, adibidez? Ala zer?

Ez da erraza horrelako kasuetan erabaki egoki bat hartzea, baina aprobatu orokor bat ematea ez zait oso bidezkoa iruditzen. Nik, azken ebaluaketa hau, ikasle bakoitzak etxean egin duen lanaren arabera ebaluatuko nuke. Irakasle guztiak ari dira lanak bidaltzen, zenbait kasutan azterketak ere ordenagailuz egiten ari gara. Guzti hau kontutan hartuta, irakasle bakoitzak azken ebaluaketako nota jarri beharko luke.

Selektibitateari dagokionez, ondo legoke probak pixka bat erraztea  baina ikasturtean zehar lortutako notei askoz garrantzi handiagoa emango nieke. 

Nola prestatzen ari zarete? Zaila egiten da etxetik eguneroko lanei eustea? Zehaztu ze asignatura egiten zaizkizun zailenak etxetik jarraitzeko.

Klaseen metodologiari dagokionez, lehendik ikasgai batzuetan egiten genuenaren antzera ari gara. Argi dago oso ongi antolatu behar direla etxeko lanak; distrakzio asko daude, irakasleak ez daude zure gainean etab. Baina egunero lan pixka bat egitea lortzen baduzu nahiko ongi moldatzen zara.

Hala ere, ikasgai gogorren artean bat aukeratzerakoan, historia aukeratuko nuke; gaia ongi ulertzeko irakaslearen gertuko esplikazioak asko botatzen ditut faltan.

Zer moduz bizitzen ari zara konfinamendua?

Uste baino hobeto daramat konfitamendua. Zorioneko sentitzen naiz, beti dudalako zerbait egiteko. Asko irakurtzen dut, programazioaren inguruko ikastaro txiki bat egiten ari naiz eta tarteka  kirol pixka bat ere egiten dut. Telesailak eta filmak ere ikusten ditut, azken finean denbora daukat gauza ezberdin asko egiteko.

Zer da faltan botatzen duzuna?

Gauza asko botatzen ditut faltan: aire librean kirola egitea, lagunekin eta neska-lagunarekin denbora pasatzea, lehengusuekin eta familiarekin egotea, taldeko nire kideekin entrenatzera joatea, mutilak entrenatzea etab. Egoera honekin bizitzako gauza sinpleak garrantzitsuenak direla ikasi dut.

UXUE MARIÑELARENA
URNIETAKO MAGALEKO BATXILERGOKO IKASLEA

Selektibitatea atzeratu dute, kezkatuta zeunden bereziki horrekin?

Bai, ikasle guztiak kezkatuak ginen; bagenekien selektibitatea ez zutela kenduko, eta denak noiz jarriko zutenaren zain ginen.

Zure esku egongo balitz, zer egingo zenuke? Denoi aprobatu orokorra, adibidez? Ala zer?

Nik, orain arteko nota hartuko nuke kontutan, hau da lehen eta bigarren ebaluaketak, edo bestela, lanen bitartez (eskemak, idazlanak, laburpenak, ariketak etab.) jarriko nituzke hirugarren ebaluaketako notak. Selektibitateari dagokionez,  ohiko deialdia uztailaren 6,7 eta 8an dela kontuan izanik, ez dakit hainbeste jende toki berdinean elkartzea posible izango den. Ordurako egoera hobetzen bada, ez dago arazorik, baina momentuz denok etxean gaude eta uztailaren hasieran hainbeste jende leku berdinean pilatzea ez zait oso zentzuduna iruditzen.

Nola prestatzen ari zarete? Zaila egiten da etxetik eguneroko lanei eustea? Zehaztu ze asignatura egiten zaizkizun zailenak etxetik jarraitzeko.

Klaseak online ari gara jasotzen. Matematika eta fisikan, lan egiteko sistema ez da asko aldatu, konfinamenduaren aurretik ere irakasleek tutorialak grabatzen zituzten eta, gero, guk etxean ikusten genituen. Klaseko garaia ariketak egin eta zalantzak galdetzeko erabiltzen genuen. Orain, berriz, galderak ordenagailuaren bitartez bidaltzen dizkiegu. Niretzat zailena historia izan da; hasieran  pixka bat galduta geunden, irakaslearen azalpenak garrantzizkoak direlako gaia ulertzeko garaian. Hala ere, ordenadorez klaseak jasotzen hasi ginenetik, ni behintzat hobeto moldatzen naiz.

Zer moduz bizitzen ari zara konfinamendua?

Beno, ahal den neurrian, gauzak egiten saiatzen naiz. Egia da ere, ehen egiten ez nituen gauzak egiteko aprobetxatzen ari naizela

Zer da faltan botatzen duzuna?

Nik uste dut, etxetik ez ateratzea eta lagunekin egoteko aukerarik ez izatea direla gauzik okerrenak. Ordenagailuaren bidez hitz egiten dugun arren, ez da elkarrekin egotearekin alderatu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!