Koronabirusa

“Gauden unean egonda, iristen zaizkigun notizia guztiak dira txarrak”

Andoni Urbistondo 2020ko api. 13a, 18:27

Egoitz Karrazedo Idiazabal kalean dagoen Guria tabernako langile eta nagusia da. Ostalaritzaren munduan herrigunean dagoen negozio indartsuenetakoa da. Sektore guztiari bezala, garai iluna bizitzea iritsi zaio.

Hilabete pasa alarma egoera hasi zela. Zuek Guria jatetxe eta ostatua lehen egunean itxi zenuten. Zer moduz ikusten duzue egoera, ze berri duzue?

Denon antzera gaudela esango nuke. Berrien zain. Ziur dakigun bakarra, irekiko dugun azken negozioak izango garela, eta irekitzen dugunean ere, ea ze baldintzatan irekitzen dugun. %30ko errendimenduan den, %40koan... 100 pertsona sartzen badira tabernan, agian aldi berean 30 edo 40 lagun bakarrik egoteko baimena emango digute, ez dakigu.

Eta nola kontrola daiteke hori?

Arrastorik ez. Pentsatzen dut muga hori betetzeko agintzen badigute, nola bete behar dugun ere pentsatuko zutela. Diskoteka baten antzera izan litekeela uste dut, sarreran langileren bat jarri, sartzen den jende kopurua zenbatzen joan, eta mugara iristen denean, ba etortzen direnak zain geratu behar, bakarren bat irten arte.

Bai, baina barruan dagoenak barruan geratu nahiko du agian, ezta?

Bai, edo eguraldia ona bada, edari edo janaria hartzera sartu, eta zerbitzatutakoan, kanpora atera lagunengana.

Zuk, gaur-gaurkoz, ze data daukazu buruan?

Ezin jakin, egun batetik bestera dena alda baitaiteke. Daukagun azken zurrumurruak dioenez ekaina hasieran ireki daitezke tabernak, %35ean edo. Informazio hori, ordea, duela bi astekoa da.

Eta zer moduz daramazue informazio falta hori?

Ba gaizki, zer esango dizut. Ni langilea eta nagusia naiz, eta nire egoera ekonomikoa langile soil askorena baino hobea da. Guk martxoaren 15a bitarteko soldatak ordaindu genizkien langileei, baina zenbaitzuk soldataren aurrerapena eskatu didate dagoeneko, beharra dutelako, eta ERTEko dirua ez dutelako jaso oraindik. Guk txostena aurkeztu genuen, onartu ziguten, baina diotenez Gobernuak maiatzean ordainduko du ERTE horri dagokion lehen soldata.

Zer nolako animoa sumatzen duzu langileen artean?

Ona ez. Halako whatsapp talde bat badugu guztiena, norbaitek zerbait behar badu eska dezan. Biltegian edo sukaldean zegoen, eta salduko ez den janaria hartu nahi bazuten, deitzeko eta nahi zutena har zezaketela esan genien. Galkorrak diren elikagai asko geneukan: arrautzak, esnea… Itxi bezperan 10 kutxa arrautza jaso genituen, adibidez, 1.500 arrautza denera. Behar dituenari jasotzeko aukera eman diogu. Izoztu daitezkeen elikagaiak mantentzeko itxaropena badugu, galkorrak direnak ezinezkoa. Arduratuta sumatzen ditut, eta ahalik eta laguntza handiena eman beste aukerarik ez daukagu, guk geuk, edo aholkularitza bulegoaren bitartez.

Zenbat langile dauzkazue?

Mikel tabernan, Martutenen, eta Guria jatetxea eta ostatuan, denera 17 langile.

Ezer ez omen da lehen zen modukoa izango. Arduratzen zaitu horrek?

Garbi dago hasieran ez dela hala izango, baina espero dut hilabete batzuk pasata egoera normaltzea. Euskal Herrian kale zaleak gara, tabernetan ibiltzeko ohitura handia dugu, eta sosak baditugu, ba tabernetara bueltatuko gara, noski. Kolpe ekonomikoa gogorra izango da, baina ez gara etxean isolatuta geratuko.

Eta zuen familia, barraren atzean ordu asko pasatzen ohituta, zer moduz daramazue egonaldi luze hau?

Hainbestean, nire kasuan bi ume txiki ditut, eta haiekin badut nahikoa lan. Noizean behin elkartzen gara, eta bi tabernetatik bueltatxoa eman, dena ondo dagoen ikuskatzeko eta beste. Ostegunean Martuteneko tabernara joan eta izozkailu bat erori zela ikusi genuen, janaria usteltzen hasita eta beste. Han aritu ginen, garbitzen, jo eta su. Galera ekonomikoa ere bai, guretzat, dagoeneko ezinezkoa baita elikagai horiek erabiltzea. Gauden unean egonda, ezinezkoa da berri onik edukitzea. Jasotzen ditugun guztiak dira txarrak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!