Eskualdeko musika taldeak

Cohen

Koldo Otamendi 2020ko api. 14a, 21:00

Inor ez da profeta bere herrian, eta agian, Cohen taldeari horrelako zeozer gertatu zitzaion. Euskal Herrian beti izan dute ikuslego bat, baino gure mugetatik kanpo estimatuagoak izan direlakoan nago. Taldearen jarduna 2005 urtean abiatu zen Urnietan, eta Sarobeko entsegu lokaletan aritu izan dira musika sortzen urte hauetan guztietan.

Musikalki, Hardcore-tik haratago doan post oldarkorra lantzen zuen taldeak, zuzena eta erabatekoa. Hitzak, berriz, ingelesez abesten zituzten, modu txukunean, eta sinesgarritasun handiz. Esango nuke, bere txikitasunean gerora etorri diren talde askorentzako erreferentzia zuzen bat izan direla.

Diskografia oparoa utzi zuen taldeak: EP bat eta iraupen luzeko lau disko. Euskal Herrian ez ezik, Europa zaharrean ere izan ziren kontzertu biran, eta estatu espainolean ere makina emanaldi eskaini zituzten zirkuitu undergroundean. Aldizkari espezializatuetan kritika onak jaso izan zituen beti taldeak, batez ere zuzeneko emanaldietan lortzen zuten energia aipatuz.

2019an taldeari agur esan zioten betirako 15 urtez zarata ateratzen izan eta gero. Taldearen azken emanaldirako "Digresion" dokumentala prestatu zuten taldearen ibilerak biltzen dituen filma, non zuzeneko irudi eta elkarrizketen bidez banda baten ibilerak gertutik ikusi ahal diren.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!