Lanaldia eta zaintza uztartzeko zailtasuna, etxetik lan egin behar denean

Andoni Urbistondo 2020ko api. 20a, 22:50

Adrian Garcia, Andrea Suarez, Elia eta Oihan familiarekin solasean, zaintzaz eta lanaz. 

Zer moduz daramazue konfinamentua gurasoek? Eta haurrek?

Gurasook ahal dugun moduan. Gure kasuan bi haur txiki ditugu; 3 urte zaharrenak eta 10 hilabete besteak. Biok etxetik lan egiten dugu, eta umeen zaintzarekin uztartzea oso neketsua eta zaila da. Nola edo hala moldatzen saiatzen gara; goizean goiz lanean hasi umeak esnatu aurretik lana aurreratzeko, txandaka lan egin… Pazientziarekin hartu behar, egoerak luze joko duela baitirudi; gutxienez irailera arte ez dituzte irekiko ikastolak.

Haurrak ongi daude, artista hutsak dira egoera zailenetara moldatzen. Gurasoekin daude uneoro, eta horrekin nahikoa dute. Egia da falta zaiela ariketa fisiko gehiago, haizea hartzea kalean, eta, batez ere, beste umeekin jolastea.  Balkoi polit bat dugu, eta horri esker bagoaz aurrera. Ea apirilaren 27tik aurrera hobetzen den haien egoera. 

Itxuraz umeei kalera irteteko baimena emango zaie hurrengo astean. Neurriarekin ados zaude? Lehenago iritsi behar zuen?

Umeen oinarrizko eskubidea da kalera ateratzea. Beharrezkoa dute itxialdiak luzera albo kalterik egin ez diezaien. Baimena emango dute apirilaren 27tik aurrera. Ikusiko dugu nola eta zer baldintzatan. Helduok moldatu gaitezke edonola, baina umeengan gehiago pentsatu beharko genuke, babesgabeago daudelako; saiatu beharko ginateke egoera honek ahalik eta eragin gutxien sortzea haien etorkizunean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!