Koronabirusa

Obrak berriro martxan dira Urnietan

Aiurri 2020ko api. 22a, 14:56

Gorostidi elkartearen inguruan ur hoditeria berria sartuko da, eta etxeko atarietan irisgarritasuna hobetzeko neurriak ere hartuko dira.

Urnietan martxan zeuden obra guztiak geratu behar izan ziren Estatuko Gobernuak jarduera guztiak eteteko agindua eman zuenean. Hainbat egunez geldirik egon eta gero, aurreko astean bueltatu ziren lanera beharrezkoak diren segurtasun neurriak hartuta.

Kiroldegiaren erreformari dagokionean tenis pistaren, eraikin nagusiaren eta tabernaren eraisketa burutu ostean, beste horrenbeste egiten ari dira atzeko partearekin. Horretaz gain, zimendatzearekin hasi aurretik egin beharreko lurren mugimenduak ere gauzatzen ari dira.

Jubilatuen Egoitzan, berriz, eraikina egungo eskakizun termikoetarako egokitzeko egin beharreko lanak aurrera doaz. Horretarako leihoak aldatzen ari dira eta eraikinaren kanpoaldean isolamendu termikoa jarriko da ur filtrazioak deuseztatuz.

Hobekuntzak Gorostidin
Aste honetan Gorostidi elkartearen inguruan egingo den hobekuntzari ekin zaio. Lehenik, ur hoditeria berria sartuko da, eta ondoren, eskaileratan eta etxeko atarietan irisgarritasuna hobetzeko neurriak hartuko dira. Halaber, fatxada batzuetako argiak kenduko dira, horiek beste puntu batzuetan jarriz. Herritarrek aurreko urteko parte-hartze prozesuan eskaturiko hobekuntzetako bat da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!