"Urnietar gehiengoaren jarrera txalotzekoa da"

Andoni Urbistondo 2020ko api. 26a, 08:00

Zaintza lanetan inoiz baino zorrotzago dabiltza Urnietako udaltzainak. Konfinamenduko arauak betetzeko ahaleginean, eta herritarren zalantzak argitzeko gertu. Zigorrak jartzeko ere bai, gutxi batzuen ustezko maltzurkeria jendarte osoari egin baitiezaioke kalte. Urnieta koronabirus gaitza nola eramaten ari den azaldu du Lauri Eizmendi Udaltzainburuak.

Zenbat urte udaltzain jardunean, Urnietan?

25 urte.

Eta Udaltzain buru?

Ia bi urte, Mikel Unanue erretiratu zenetik, hain juxtu.

35 egun konfinamentua hasi zenetik. Zer moduz Urnieta, urnietarrak, eta Udaltzaingoa?

Beno, guregatik hasita, ondo ikusten ditut lankideak, esfortzu handia egiten. Gu geu, brigadakoak, harrerakoak eta denak. Egun asko dira, baina eusten. Urnietarrak ondo, zoriontzeko moduan, batez ere haurrak eta nerabeak, bere jarrera onagatik. Badago portzentaje txiki bat zaintza berezia eskaini behar dioguna, baina hori ere normaltasun baten barruan sartzen da, hala ez balitz gu hemen egotea ez litzatekeelako beharrezkoa.

Nola ari zarete lanean?

Zazpi udaltzain gara, eta hiruko bi talde ari gara, ni koordinatzaile. Uneoro hiru udaltzaineko talde bat lanean.

Covid-19ak zuen jarduera baldintzatu du?

Bai, erabat. Hasieratik ikusi genuen gai hau serioa izango zela, luzerako joko zuela. Aldaketa batzuk egin genituen lan egiteko moduan, kontrolak eraginkorrago izateko, herritarrak ohartarazteko. Errutina bat hartu dugu, eta horretan ari gara, jo eta su.

Nolakoa da zuen egunerokoa?

Goizero lanean dauden hiru lagunekin halako briefing edo egoeraren azterketa egiten dugu. Ondoren alkatearekin batzartzen naiz, egoera aztertu, dendak eta inguruak zaindu, harantz eta honantz dabiltzanak zaindu, eta eguneroko gauzei ere adi egon. Aurrez aurreko salaketak egiteari utzi diogu, alarma egoera dela-eta. Telefonoz edo postaz egin behar ditugu: bankuetako operazio okerrak eta beste. Hori da aldatu den gauza bakarretakoa. Jarduna, ba aholkularitza eta ohartarazpena beti, herritarrei, beste ezeren aurretik. Ulertze aldera, esango nuke Rafa Nadal tenislariak baina ezker esku sendoagoa darabilgula isunak jartzen hasi aurretik. Koertzitiboak beste erremediorik ez dagoenean bakarrik gara.

Zer esan dezakezu herritarren jarrerari buruz, kontatu dezakezun arte? Esaterako, zenbat isun jarri dituzue?

26. Eguneko bat baino gutxiago. Ikusiko da bukaeran, batez bestekoa altua edo baxua den, herri bakoitzeko biztanle kopuruaren arabera. Jakitun gara gutxieneko isuna dirutza dela, 601 euro, baina isuna jartzeraino iritsi bagara, beste erremediorik ez dugulako izan da. Isuna jarri baino lehenago herritarrak badaki arriskupean dagoela, baina batzuk beste guztiak baino bizkorragoak direla uste dute, listopasatu asko, nik esaten dudan moduan. Portzentaje oso handi bat sufritzen ari da konfinamentu neurriak jasaten, eta beste batzuk, aldiz, denerako eskubidea dutela uste dute. Beste herritarrei barre egitea dela uste dut.

Eta isuna jartzerakoan, nola erreakzionatzen du isuna jaso duenak?

Ba damua erakusten du, gaizki egin duela konturatu delako.

Kasuren bat aipa zenezake?

Beste herri batetik Urnietara ogi bila etorri direnak, dendara joan eta ezer erosi ez, beste batera joan eta antzera, eztarrirako txilar eztia behar zuela, edota edateko txokolatea duela gustuko… Erosketak egitea derrigorrezkoa da, ogia adibidez. Egokiena erosketak behin eta elikagai asko egitea da, ez egunean lau aldiz.

Eta zuekiko, zer nolako pertzepzio sumatzen duzue herritarren aldetik?

Gure ustez, ona. Guregana edukazioz eta errespetuz hurbilduz gero erantzun ona ematen dugula badakite.

12 koronabirus kasu daude Urnietan, Gipuzkoako kopuru apalenetakoa. Zer esaten dizu kopuru horrek?

Datu garrantzitsua da. Ez dakit gure zereginak datu horretan eragin handirik izango duen edo ez, baina nire lanbideaz harago, datu ona iruditzen zait.

Hildakorik ez du eragin, gainera, momentuz, Koronabirusak.

Guk dakigula, ez. Ea horrela jarraitzen duen, uste dut jendeari animoak ematen dizkion kopurua dela.

Udaltzaingoak zarete, baina psikologoak ere bai. Herritar asko hurbiltzen zaizue…

Bai, kontsultak egitera, baina solasalditxo bat edukitzeko gogoarekin ere, arrazoia bat edo beste izan. Arazoak dituen jendea bada, haiek atenditu, lagundu eta aurrera.

Haurrak, kirola egiteko aukera…  Nola ikusten duzu? Ze bilakaera eduki dezake konfinamentu honek?

Denok ari gara zigortuak izaten egoera honekin. Udaltzainok ere bai gure jarduna bukatzen dugunean. Haur eta nerabeak etxean sartuta hilabete… horiek ari dira sufritzen gehien, nire ustez. Herriko gazte festak ere gertu daude, sumatzen hasiak dira bertan behera geratuko direla. Gero azterketak direla, unibertsitateko kontuak… Ziurtasun falta ikaragarria dute, baina haien jarrera txapela kentzeko modukoa da, orokorrean.

Igandetik aurrera neurriak arinduta, zuentzat lan karga handiagoa, zaintza lanetan, ezta?

Jakina. Beharra ikusten dut, noski, baina kutsatze kopurua igotzen bada berriro zer? Jendeari etxera bueltatzeko agindu berriro? Kudeaketa zailtasun ikaragarriak sortzen dituen egoera da. Inork ez daki benetan zer pasako den, eta egokia zer den jakin ere, inork ez, ondorioz.

Zuen lan martxa zer moduzkoa da?

Egunaren arabera. Batzuetan hobe, besteetan ez hainbeste. Talde ona osatzen dugu, udaltzain garenak, udaletxean eta beste, eta gure jarduna betetzeko indartsu sentitzen gara.

Jendartearen alde onak erakusten ari da Covid 19a, baina txarrenak ere bai: arauak arduragabe hausten dituenak, edo salatari bilakatzeko tentazioa dutenak, etxean amorratuta irten ezinik…

Jendeak badaki zer egiten ari den, eta ze arrisku hartzen dituen, arauak errespetatzen ez baditu. 601 euro ez da broma. Badago herritarren portzentaje txiki bat ez duena ulertzen, edo ulertu nahi ez duena, bere arau hausteak suposa dezakeen kaltea. Araua hausten duenak kutsa dezake, eta kutsatua izan daiteke. Hau esatea nire partetik maltzurra dela usteko dute askok, baina akaso herrian hildakoren bat izanez gero etxeratze arauak zorrotzago beteko genituzke. Saiatu behar dugu heriotzak saihesten. Nola? Herritar gisa kontziente izan eta arauak ez hautsiz. Udaltzaingoaren beharrik gabe, ahal bada, norberak zuzen jokatuz.

Ze zeregin gertatzen ari zaizue zailen, aste hauetan?

Ziur aski indarrean jartzen diren arau berriak ikasi eta interpretatzea. Egunero iristen dira, egunero aldatzen dira arauak, eta guk oso adi egon behar dugu, BOE argitalpenari erreparatuz. Herritarrek kontsulta asko egiten dituzte, eta erantzun zuzena eman behar diozu. Gerta liteke gaur arau haustea ez dena, bihar izatea. Tentuz aritu behar gara.

Pentsatzen dut zuek segurtasun eta osasun neurri zorrotzekin ari zaretela lanean.

Zalantzarik ez, kalean eta herritarrengandik gertu ari baikara lanean. Autoak ozonoarekin garbitzen ditugu astean behin, aldagelak goitik behera, buzoak jardun berezietarako, esku larruak, maskaratxo eredu pare bat, beharraren arabera. Gu hasieratik ari gara maskaratxoarekin lanean.

Hainbat muga-muga daudela entzuten da han eta hemen, ‘kalera ateratzeko baimena ematen ez badute, ni atera egingo naiz’, eta antzekoak entzuten dira. Zer diozu, hori entzutean?

Ulertzen dudala esango nizuke. Badakigu jendea muga-mugan dagoela, baina gure zeregina isuna jartzea da. Eta gu isunak jartzera behartzea gu konpromiso batean jartzea da, ez baitugu isunik jarri nahi. Neurriak ondo betetzeak pandemiaren bukaera azkartu dezake.

Zein mezu emango zenieke, herritarrei?

Eusteko, eta denak ospatuko dugula, pandemia bukatzen denean. Maiatza ere joango zaigu, agian, egoera aldatu arte, beraz pazientzia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!